Zure bihotza aldatu… edo, uko eginez gero, lapurtuko dizugu! JRPG freskoa eta berritzailea proposatzen digute Atlus eta Sega taldeek Persona 5 Royalekin. Nahiz eta txandakako borrokak maite dituztenei zuzenduta egon, edozein jokalarik goza dezakeen mundu eta istorio aberatsak sortu dituzte Tokio digitalaren aterpean: ezagutzeko gogoa eragiten duten guneak eta pertsonak ikusiko ditugu Bihotzen Mamu Lapurren taldearekin, menuen bidez bizitako dueluetara mugatu beharrean.

Rol joko japoniarren mundua zabala eta anitza da. Zaldunen istorioak, anime borrokak, denboran egindako bidaiak, yakuzen gorabeherak edo espazioko odiseak bizi izan ditugu, besteak beste, genero honen aterpean, baita Mario iturginaren abenturarik zoroenak nahiz Final Fantasy eta Disney modu pentsaezinean uztartu dituen saga luzea ere.

Izen handiak eta entzutetsuak daude JRPGen, artean, noski. Guztiok ezagutzen ditugu Dragon Quest, Tales of zein Xenoblade frankiziak. Azken urteotan sekulako indarra hartu duen joko sortetako bat, ordea, ia ezezaguna izan da gure artean urte luzez. Shin Megami Tensei saga 1987. urtean iritsi zen Japoniara Digital Devil Story: Megami Tensei abenturarekin.

Ordu hartatik saga nagusiko jokoak jaso ditu; are gehiago, era guztietako spin-off obrak ikusi ditugu Shin Megami Tenseiren aterpean. Devil Summoner, Devil Survivor edo Soul Hackers tituluek Megaten jokoen oinarriak partekatzen dituzte, aldi berean berezko mekanikak eta ezaugarriak gehituta.

 

Mundua salbatuz, baina egunerokotasunaz gozatuz

Aipatutako bigarren mailako lanetako bat nabarmendu behar bada, zalantzarik gabe Persona da. Shin Megami Tensei: Persona izenarekin kaleratzen hasi ondoren, urteak igaro ahala geroz eta ezagunagoak egin, eta azkenean saga nagusiaren sona gainditzea lortu dute Atlus-en abenturek. Zer esango dizuet, joko honetako protagonista Super Smash Bros-en dago… eta iritsi zenean ez geneukan Persona 5tik Nintendo-ren kontsoletan.

Lortutako arrakasta ez da harritzekoa: deabruekin eta jainkoekin lotutako ohiko istorioei kutsu berritzailea eskaintzen die Personak. Hurbilagoko pertsonaiak, institutu japoniarretako gorabeherak, harremanak… Ezpatak, magiak eta mundua suntsitzera datozen izakiak ikusiko ditugu jokootan, bai, baina girotzea zeharo desberdina da: egunerokotasuna (slice of life) ardatz duten manganimeetako oinarriak hartuta, japoniar ikasleen bizitza arrunta modu aproposean uztartzen du JRPG generoko gaiekin.

PlayStation originalean 1996. urtean argitaratutako lehen Personak dagoeneko alor hauek jorratzen zituen. Hala ere, bideojoko berri bakoitzarekin ideiak eta mekanikak fintzen joan dira, gaur egun joka dezakegun azken titulura iritsi arte: Persona 5.

Bosgarren atala 2016an estreinatu zuten Atlusekoek PlayStation 3 eta PlayStation 4 kontsoletan. Askotariko berritasunak eta aldaketak dakartzan Royal bertsioa sortzeari ekin zioten ondoren. 2019. urtean PS4an kaleratu zuten; 2022an, berriz, PS5, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC gailuetarako prestatu zuten.

 

Zure bihotza berreskuratu

Aurreko Personatan jokatu zutenentzat ezaguna izango den hasiera proposatzen digu P5Rk. Ustezko krimena burutu ondoren Tokiora zigorra betetzera bidaltzen duten mutil gaztearen rola beteko dugu. Familiako lagun baten etxean biziko gara, edo, hobeto esanda, honen kafetegiko ganbaran izango dugu gure gela.

Lehen egunak nahiko arruntak izango dira gure bizitza berrian: Shujin institutuan klasera joaten hasiko gara, ikaskideak ezagutuko ditugu, eta Tokioko gune ospetsuetatik galduko gara. Halere, gure bizimodua ez da erraza izango: kriminaltzat jo digutenez, bizitza gogorra izango du bai ikastetxean, bai etxean. Adibidez, Suguru Kamoshida gorputz heziketako irakasle harroak gure kanporatzea bilatuko du…

Askorik itxaron gabe, ordea, mundu misteriotsu batera bidaiatuko dugu gure mugikorrean ustekabean agertuko zaigun aplikazio bati esker. Toki ezagunak eraldatuta aurkituko ditugu bertan, eta, hasiera batean gizakiak izan daitezkeela pentsa dezakegun arren, jainkoak edo deabruak diruditen izakiekin topo egingo dugu.

Estiloz eta nortasunez betetako abentura da P5R.

Ezagutzen dugun norbait ere ikusiko dugu: Kamoshida. Dirudienez, irakaslearen asmo gaiztoek mundua eraldatu, eta jauregi zitala eraiki dute. Aurkitu dugun mundua gizadiaren ideiek eta asmoek sortutakoa da, baina pertsonarik ustelenek eta maltzurrenek berezko guneak edo erresumak dituzte.

Gaizkileen nortasuna eraldatzea eta zuzentzea da helburu nagusia Atlus eta Sega taldeen lanean. Horretarako, aipatutako jauregietan barneratuko gara usteldutako zitalen altxorra lapurtzeko, baita euren bihotzak eraldatzeko ere. Hori izango da protagonista taldearen helmuga: Bihotzen Mamu Lapurrek gaizkileak zigortzen dituzte, hauei egia azaleratzera derrigortuz.

Ezpatak, magiak eta mundua suntsitzera datozen izakiak ikusiko ditugu jokootan, bai, baina girotzea zeharo desberdina da.

Lapurretek baldintzatuko dituzte jokoaren atalak. Istorioan aurrera egin ahala pertsonaia zein gune berriak ezagutuko ditugu, baina momenturen batean edo bestean jauregiekin topo egingo dugu; orokorrean gaizkileen aztarnak jarraitzerakoan ezagutuko ditugu gune ilunok. Hori egiterakoan epemuga bat ezarriko zaigu: adibidez, Kamoshidak institututik kanporatu nahiko gaitu bere aurka egiten gabiltzala ikusterakoan, eta irakasle batzordeak ezarritako bistaren aurretik bereganatu beharko dugu metabertsoan ezkutatuta daukan altxorra, horrela bere jarrera zeharo aldatzeko.

Hurrengo misioek antzeko egitura jarraituko dute: data baten aurretik burutu beharko dugu gure misioa, bestela partidaren bukaera izango da Mamu Lapurrentzat.

Metabertsoan persona izeneko izakiak aurkituko ditugu. Folklore japoniarreko deabruak dira gehienbat, baina denetariko itxura har dezakete gizadiaren ozeanoan galdutako espirituek. Jauregietan hauek ukitzerakoan hasiko dira borrokak; bestela, zuzenean segada ipini eta abantailarekin has ditzakegu dueluak.

 

Mugimenduz eta ideiaz betetako borroka sinpleak

Txandakako JRPG norgehiagoka klasikoak dira P5Rkoak. Gehienez lau Mamu Lapur eraman ditzakegu taldean —hauek borroketan zein kanpoan aldatzeko aukera dagoen arren—, bakoitzarekin askotariko mugimenduak egin ahal izanik. Kolpe arruntek ez dute SP punturik kontsumitzen, baina erasorik ahulenak dira; armarekin tiro eginez gero etsai asko zuzenean suntsituko ditugu, baina bala kopuru mugatua dugu borrokako; abileziarik esanguratsuenak, azkenik, pertsonaia bakoitzaren persona espirituarengandik etorriko dira.

Persona hauek euren indarguneak eta ahulguneak dituzte; Pokémon-tzat har daitezke, gutxi gorabehera. Ryuji-ren Captain Kidd eraso elektrikoak jaurtitzeko gai da, baina haize erasoak jasanez gero, ez du askorik iraungo, adibidez. Gure protagonistak berezko persona dauka, baina ia edozein aurkari bereganatzeko gai ere bada, ehiza elementua gehituz. Horrela, talde aproposa sortuz gero etsai mota guztiei aurre egiteko prest egongo gara.

Arerioen ahulguneez aprobetxatzea ezinbestekoa izango da garaipena eskuratzeko.

Aipatutako mugimenduez gain, bestelako abilezia bereziak erabiliko ditugu dueluetan. Barneratu beharreko ezinbesteko mekanika “bat gehiago” izenekoa da: etsaien ahulguneak erasotuz gero, hauek lurrera eroriko dira, eta pertsonaia bera berriz mugitzeko aukera edukiko dugu. Benetan erabilgarria da Baton Pass mugimendua ondo erabiltzen ikasiz gero: bat gehiago fasean taldekide bati txandapasa egin diezaiokegu. Bizitza zein SP puntuak berreskura ditzake, eta eraso indarra nabarmen areagotu; behin eta berriz erabilita sekulako erasoak egingo ditugu, garaiezinak diruditen espirituak azkar batean suntsituz.

Arerio guztien ahulguneei eraso eta lurrean geratuz gero, taldekide guztiek elkarrekin eraso dezakete mugimendu hilgarria eginez. Negoziatzeko aukera ere badago, personak harrapatzeko zein dirua eta esperientzia lortzeko. Showtime izeneko mugimendu bereziak desblokeatuko ditugu abenturan zehar: protagonisten bikote desberdinek egin ditzaketen eraso zinematikoak dira. Mekanika nahikotxo dirudite, baina askoz gehiago daude.

Lapurretek baldintzatuko dituzte jokoaren atalak. Istorioan aurrera egin ahala pertsonaia zein gune berriak ezagutuko ditugu, baina momenturen batean edo bestean jauregiekin topo egingo dugu

Zorionez, ez zara itoko borroketan: mekanika sinpleekin geratu nahi izanez gero, nahikoa izango duzu, baina borrokak ziztu bizian bukatzeko aukera guztiak menperatzea komeni da. Hau eginda, duelu arruntek segundo eskasetako iraupena edukiko dute.

Buruzagien aurka ere ariko gara, noski: gaizkileen usteldutako itxurak izango dira batipat, baina bestelako nagusiak aurkituko ditugu gure abenturan. Plangintza eskatzen duten arren, zinematikoagoak dira, eta askotan jazoera bereziak gertatuko dira; alegia, asko eskertzen dira gatza eta piperra emateko. Erritmoa aldatzeko balio dute, baina borroka arrunten izaera berbera nabari da duelu bereziotan.

Shin Megami Tensei saga nagusiaren borrokak gogorrak eta gupidagabeak badira, Persona 5ekoak guztiz kontrakoak dira. Laguntza ugari eskaintzen dizkigu jokoak; nahi izanez gero, ia-ia automatikoki garai ditzakegu etsaiak.

Persona berri baten kontra egiterakoan bere ahulguneak eta indarguneak guztiz ezezagunak egingo zaizkigu. Eraso mota desberdinak probatzen joan ahala, hauek ikasten joan, eta jokoak bere fitxan gordeko dizkigu. Hala, mugimendu bat aukeratzerakoan etsaiaren aurka erangikorra izango bada, “Ahula!” ikurrarekin adieraziko digute; ez hori bakarrik, botoi batekin zuzenean erasorik egokiena aukeratuko digu automatikoki.

Zailtasunak borrokak saihesten hasten bagara etor daitezke; bestela, ez dugu arazorik edukiko aurrera egiterakoan. Jauregietan ibiliko gara borrokan gehienbat, baina Mementos izeneko dimentsio erraldoia ere egongo da —ia— edonoiz esploratzeko, esperientzia lortzeko bide bezal: Tokiko metro itxuraldatuan barneratuko gara bigarren mailako erronka errepikakorrei aurre egiteko.

Jauregiak zein metroa guztiz linealak dira. Ez gara galduko aurrera egiterakoan; hori gertatzen bada, lasai, taldekideek uneoro esango dizute zein den hurrengo helburua. Dena den, jauregien egitura asko hobetu da aurreko Persona jokoekin alderatuta: ausaz sortutako korridore errepikakorrak eskuz sortutako guneengatik aldatu dira: bankuak, itsasontziak, kasinoak eta bestelakoak bisitatuko ditugu oraingoan. Hirugarren eta laugarren jokoetako jauregien lekua bosgarreneko metroak hartu dutela esan daiteke.

 

Harremanak sortzen gure protagonistak indartzeko

Dueluak gaindituz mailak igotzea ez da gure pertsonaiak hobetzeko bide bakarra izango, ordea. Esan bezala, Persona jokoetan harremanek berebiziko garrantzia daukate, eta horien zutabeak lotura sozialak (Social Links) dira. Istorioan zehar hainbat pertsonaia ezagutuko ditugu: gure taldekideak izan daitezke, edo Tokion zehar aurkitutako askotariko bizilagunak: politikariak, haur bideojokozaleak, shogi jokalariak, medikuak, mafioso ohiak edo aholkulariak.

Adiskideak zaindu beharko ditugu gure protagonista indartzeko.

Hauekin harremanak hasterakoan lagun minetan bihur daitezke. Pertsonaiek taroteko kartak ordezkatzen dituzte: harremana sendotuz doan bitartean bere kategoriako Personak indartuko ditugu, adibidez. Hala ere, loturak askoz garrantzitsuagoak dira: gure protagonistak denetariko gauzak egiten ikasteko balio dezakete, baita gure taldekideek ere. Benetan eskertzen den loturetako bat, esaterako, Ryuji gaztearena da: ikasiko dituenen artean etsai ahulenak borrokatu gabe garaitzearena dago, duelu errepikakorrenak guztiz deusetaraziz —baina esperientzia eta Personak eskuratuz—.

Zer egin beharko dugu harremanak sendotzeko? Loturaren araberakoa da, baina gehienetan elkarrekin denbora pasatzea eta jarduerak egitea izango da helburua. Lagunak gurekin harremanetan jar daitezke mugikorraren bidez geratzea proposatzeko, edo guk eurengana jo dezakegu: nobela bisual erako pasarteak hasiko dira orduan, eta gure erantzunen zein erabakien ondorioz harremanak are azkarrago estu ditzakegu.

Tokioko bizitza lagunekin geratzea baino askoz gehiago da, baina. Hiriburuko auzo —edo hiri, egia esanda— desberdinak bisita ditzakegu erosketak egiteko, zinemara joateko, billarrean jokatzeko, lan egiteko… eta, nola ez, irakasgai desberdinak jarraitu beharko ditugu. Aukera sorta erraldoia izango dugu; eskaintza guztia daukagula uste dugunean beste gune bat zabalduko zaigu.

Laguntza ugari eskaintzen dizkigu jokoak; nahi izanez gero, ia-ia automatikoki garai ditzakegu etsaiak.

Eskerrak, ze bideojokoa benetan luzea da: jatorrizko Persona 5 osorik gainditzeko 100 bat ordu beharko ditugu, baina Royalek dakartzan eduki berriak ikusita 120 ordu emango ditugu. Askorentzat amaigabea egin daiteke, eta ez dut gezurrik izango: asko gustatzen zaidan arren hainbat geldialdi egin behar izan ditut bidaia honetan.

Ekintza desberdinetan parte hartzeko denbora jakin bat beharko dugu —egunak zenbait ordutan edo tartetan egituratuta daude: goiza, arratsaldea, gaua…— gure protagonistaren ezaugarriak eta jakintzak areagotuko ditugu. Bost dira guztira: Ezagutza, ausardia, xarma, iaiotasuna eta adeitasuna. Ezaugarriok mailaz igo ahala are jarduera gehiagotan parte har dezakegu; ez hori bakarrik, harremanak sendotzeko ezinbestekoa izango da gure nortasuna eraikitzen joatea.

Tokioko askotariko guneak zeharkatuko ditugu.

Borrokak zein egunerokotasuna guk nahi bezala antola ditzakegu orokorrean. Modu horretara, P5Rk askatasuna eskaintzen digu joko mota edo alor desberdinak proposatuta. Hainbat orduz lagunekin geratzen ibili ondoren, horiez ahaztu eta hurrengo hamar orduak borrokan eman ditzakegu, adibidez.

 

Aurkezpen paregabea

JRPGaren aurrean gaude, eta horrek menuetan murgilduta ibiliko garela esan nahi du. Zorionez, Personak betidanik izan dira ezagunak bere estiloagatik, eta bosgarren jokoak hurrengo mailara jauzi egiten du itxura eta estetika arloetan. Nabigatuko ditugun menu guztiak ederrak dira, eta bakoitzak bere nortasuna dauka: sekulakoa da menuetan barneratzen gabiltzala hauek aldatzen ikustea.

Gauza bera gertatzen da musikarekin: soinu banda ikaragarria dauka. Personaren spin-offak dantzari lotutakoak izanik ez da harritzekoa, baina bosgarren abenturako abesti guztiak nabarmentzekoak dira, eta ez dira gutxi.

 

Ezaugarri, mekanika eta ideia mordoa nahasten ditu Persona 5 Royalek, baina osagai guztiak modu bikainean erabiltzen dituela nabarmendu behar da. JRPGen errepikakortasuna istorio sakonarekin, esploratzeko eta ezagutzeko mundu zein pertsonaia interesgarriekin eta duelu azkar nahiz ikusgarriekin gainditzea lortzen du. Ez da txandakako borroken jokorik berezienak izango ziurrenik, baina nortasun ikaragarriarekin xarmagarrienetakoan bilakatzen da, bai generoko adituentzat, bai hasiberrientzat.

Premisa erakargarria eginez gero, Persona 5 Royal bai ala bai jokatu beharreko titulua duzu. Atlusekoek xarmaz betetako abentura aberatsa eratu dute. Tokioko bizitzaz gozatuko dugu, eta aldi berean duelu ikusgarriak biziko ditugu. Azken urteotako JRPGrik maitatuenetakoan bihurtu da, eta merezi du: luzea bada ere, behin bukatzerakoan P5R-ren hutsa igarriko dugu.