Ospakizunaren logoan diseinua ikus daiteke. Egunotan aurkeztuko du, ziurrenik, Sony taldeak.

PlayStation 5aren Pro modeloa erakutsi du Sonyk lehen aldiz, erdi isilpean bada ere. PlayStation markaren 30. urteurrenaren ospakizunei hasiera emateko argitaratutako irudian PS kontsola desberdinak ageri dira; horien artean, hiru lerro diagonal dituen PS5 bitxia dago, adituen begiek azkar harrapatu dutenez.

Ez da, baina, hiru lerrook ikusten ditugun lehen aldia. Billbil-kun insider ezagunak diseinu berberaren zirriborroa publiko egin zuen abuztu bukaeran Pro kontsola zela adierazita; hortaz, ez dago zalantzarik, kontsolaren modelo boteretsuagoa ikusiko dugu laster.

Zehaztapenak misterio hutsa dira, halere: zurrumurruen arabera, AMD Radeon RX 7700 XT txartel grafikoaren pareko indarra edukiko luke, RDNA4 GPUen arkitekturaren ezaugarri berriak erabiliz.

Aurreko Pro modeloekin hartutako bidea jarraituko dutela suposatzekoa denez, PS5 originalaren bideojoko berberak bereizmen eta irudi tasa areagotuarekin mugituko dituen gailua izango da. Ezaugarrioi izpien trazadura (ray tracing) joko gehiagotan eta muga urriagoekin erabiltzeko aukera gehitu beharko zaie, ziurrenik.

Iragarpena irailean egitea aurreikusten dute hainbat iturrik: PS5 Pro modeloa aste honetan, edo hurrengoan ezagutuko dugula dirudi; bestela, asko jota, Tokyo Game Show azokan ikus dezakegu.

Duela urtebete jatorrizko PlayStation 5aren modelo eraberritua iragarri zutela gogoratu beharra dago: diseinu originalaren bertsio mehea (slim).

 

30 urte PlayStationekin

1994. urteko abenduan merkaturatu zen lehen PlayStation kontsola Japonian. Hori horrela, oraindik hilabete batzuk geratzen dira 30. urteurrena ospatzeko, baina Sonykoak motorrak berotzen hasi dira hainbat iragarpenekin —Pro kontsolarena horrela hartzen badugu—.

Shapes of Play izeneko jostailuak dira berezienak: PlayStationen forma ezagunez osatutako hiru joko desberdin erakutsi dituzte; bigarrenik, My First Gran Turismo dugu, GT7 probatzen hasteko doako bertsioa; hirugarrenik, PlayStation Studios-en bideojokoen soinu banda digitalak argitaratzen hasi dira plataforma desberdinetan; bukatzeko, irail bukaerarako FC24, CoD Modern Warfare III edo Tekken 8 bezalako tituluetako kirol elektronikoen txapelketak eta doako online saioak agindu dituzte.