2002. urtean estreinatu zen PS2 eta GameCube kontsoletan. Jango Fett sari ehiztaria mandaloriarrarekin ariko gara planeta desberdinetatik.

Star Wars frankiziak askotariko altxorrak ditu bideojokoetan, eta ahaztuta geratu denetako bat da Bounty Hunter. Akzio bideojoko mitikoan PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan zein PCan jokatzeko berregokitzapena iragarri du Lucasfilm Games argitaletxeak.

Jango Fett sari ehiztariaren —Boba Fett ezagunaren aita-klona zein klon armadaren jatorria— rola jokatuko dugu abentura honetan: filmeetako bigarren atalaren aurreko kontakizunak jarraitzen ditu, nahiz eta gaur egun Disney-koen istorio ofizialetik kanpo geratzen den.

Hirugarren pertsonan ariko gara Fetten arma eta tresna desberdinak erabiltzen. Gure helburu nagusia harrapakin handienak harrapatzea izango da, baina bidean bigarren mailako bestelako gaizkileak identifika ditzakegu, ondoren hauek ehizatzeko.

Jatorrizko titulua 2002. urtean ikusi genuen PlayStation 2 eta GameCube kontsoletan. Bere arazoekin, baina zaleen bihotzetan tokitxoa eskuratzea lortu zuen bideojokoak.

Aspyr estudioa arduratuko da egokitzapenaz. Zaleen ardura eragin du honek, Star Warsekin lotutako azken lanak ez baitira ospatzekoak izan Aspyrrekoen aldetik: Battlefront klasikoen bertsio modernoa, adibidez, askotariko arazoekin nahiz akatsekin estreinatu zen orain gutxi.

Grafikoak eta kontrolak txukunduko dituztela suposatzekoa da; hortik aurrera, ez dakigu jokoa aldaketa gehiagorekin iritsiko zaigun.

Abuztuaren 1ean ikusiko dugu Star Wars: Bounty Hunterren berrestreinaldia. Esan bezala, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC plataformetan argitaratuko da.