Va’ruun etxearen misterioak argitzeko balioko digula diote zurrumurruek. Bethesda-ren jokoak berritasun interesgarriak dakartzan eguneraketa jasoko du maiatzean.

Starfield espazio odisearen eduki berriei buruz mintzatu da Todd Howard. Kinda Funny Games eduki sortzailearekin egindako elkarrizketan aipatu duenez, Starfield Shattered Space eduki gehigarria udazken honetan kaleratuko da.

Ez dakigu askorik, ordea, espantsioaren inguruan. Eduki aldetik istorio berria zein oinarrizko jokoko mekaniken eta elementuen areagotzea espero dezakegu, baina egileek ez dute askorik aipatu oraindik.

Hori bai, zaleek Va’ruun etxea protagonistetako bat izatea aurreikusten dute. Izarrarteko hirugarren gobernua osatzen duten arren, oinarrizko jokoan gutxi ezagutzen dugu erakunde misteriotsuari dagokionez.

Ordainpeko espantsioa izango da Shattered Space; nolanahi ere, Starfield Deluxe Edition bertsioaren erosleek ez dute gehiago ordaindu beharko jasotzeko.

 

Doikuntza grafikoak, mapak eta gehiago

Eduki gehigarri gehiagori buruz ere mintzatu dira Bethesdakoak. Howardek “laster eguneraketa handia” jasoko genuela aipatu zuen elkarrizketan, eta, atzo bertan, honek ekarriko dituen eduki berriak zein eguna zehaztu dituzte.

Blog ofizialean argitaratutako testuan nahiz YouTube bidezko bideoan zehaztu dituzte datu guztiak. Kontsoletan segundoko 60 irudiko tasara iritsiko direla adierazi dute, hasteko: Xbox Series X kontsolak soilik lortuko du helburu hau.

Horretarako, doikuntza grafiko desberdinak inplementatuko dituzte, “PCko jokalariek egiten duten antzeran”. Kalitate edo errendimendu aukeren artean hautatu ahalko dute XBXko jokalariek; horrez gain, 60, 40 edo 30 fps-en artean ere aukera dezakete. Segundoko 40 irudien tasa, baina, VRR (berriztatze tasa aldakorra) euskarria duten pantailetara mugatuta egongo da.

Mapak dira hobekuntzak jasoko dituzten beste ataletako bat, horrenbeste kritika jaso ondoren. Xehetasun maila zeharo areagotuko dutela adierazten da bideoan, gune interesgarriak mapatik zuzenean ikustea ahalbidetuz. Azkenik, gainera, hirietan mapa edukiko dugu: bidaia azkarra ere ahalbidetuko digu hiri barruan.

Bizitza kalitateari lotutako hobekuntzak ikusiko ditugu, bukatzeko —mapenak ere hor zar daitezke, ezta?—. Partida berria + kudeatzeko bideak hobetuko dituzte, aldaketa errazagoa eginez. Partidak personalitzatzeko doikuntzak inplementatuko dira; adibidez, elikatzeko beharrizana gure nahien arabera molda dezakegu, edo zailtasun gehigarria gaineratu.

Aldagarriokin jokatuz, misio bakoitzarengandik jasotako esperientzia puntuen kopurua ere aldatuko da, diotenez, abenturaren erronka modu aproposean egokituz.

Eguneratze interesgarria maiatzaren 15ean helduko da Starfieldera. Jokalariek doan jasoko dute plataforma guztietan.