Abentura eta kudeaketa uztartuko ditu planeta estralurtarrean: protagonistaren bertsio alternatiboak sortuko ditugu. PC, PS5 eta Xbox Series plataformetara iritsiko da.

11 bit studios taldeak The Alters interesgarriaren argitaratze data pixkat gehiago zehaztu du: biziraupen jokoa abuztuan kaleratzeko asmoa agertu du enpresak.

Zehazki, argitaletxeak kaleratzeke dituen Indika eta Frostpunk 2 lanen ondoren iritsiko dela dakigu; maiatzaren 2an eta uztailaren 25ean argitaratuko dituzte, hurrenez hurren, eta The Alters "aste gutxi batzuen ondoren" merkaturatuko dutela diote.

Martxoko Xbox Preview Partner aurkezpenean ezagutu genuen askok; egia esan, ustekabeko ederra izan zen, atal grafiko ederra zein proposamen berritzailea erakutsita.

Planeta estralurtarrean galdutako Jan Dolski langilea kontrolatuko dugu. Bere helburua bertatik ihes egitea izango da, horretarako planeta esploratuz, baliabideak bilatuz eta gure basea kudeatuz zein hobetuz.

Premisaren berezitasuna, baina, jokoari izena jartzen dioten alter horien aldetik etorriko da. Gure protagonistak iragana eraldatzeko ahalmena dauka, bidean bere buruaren bertsio alternatiboak eratuz —spoiler handiegitan sartu gabe, Sam Rockwell aktorearen 2009ko Moon filma gogorarazten du—.

Horrela, bere gaitasunak guztiz aldatzeko aukera edukiko du, baseko lan desberdinak kudeatzeko gai diren pertsonak sortuta.

Bertsio hauekin harremanduko gara, gainera. Beraiekin hizketaldiak mantenduz joerak eta pentsamoldeak alda ditzakegu, baina liskarrak eragin ditzakegu bidean, bakoitzak bere nortasuna eta jarrera edukiko baitu. Hori dela-eta, gure erabakiek pisu handia edukiko dute gure biziraupen aukeretan.

Bistara dagoenez, The Alters ez da ohiko biziraupen abentura izango. Abuztuan probatu ahalko dugu eskaintzeko daukana PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan; gainera, Game Pass harpidetzen bidez jokatzeko aukera egongo da.