Link’s Awakening berregitearen estetika bereganatuko du askatasuna zutabe duen abentura klasiko bezain berritzailea proposatzeko.

Zelda berria aurkeztu du Nintendo-k bere Direct emanaldian, baina ez dugu Link heroiarekin biziko. The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom Zelda printzesa protagonistan bilakatuko duen sagako lehen abentura handia izango da, eta irailean 26an argitaratuko da.

Switch kontsolak jasoko duen azken joko handietakoa izango da, horrela. Link’s Awakeningen 2019. urteko berregitearen atal estetikoaz baliatuko da abentura guztiz berria eratzeko. Zelda printzesarekin Link salbatzeari ekingo diogu, baita Hyrule erresumari ere.

Horretarako, ez gara borrokan ariko, edo ez behintzat ezpatekin. Makila magikoari esker inguruneetako objektuak kopiatzeko eta sortzeko ahalmena lortuko dugu: kaxak, mahaiak edo oheak inbokatuko ditugu Zeldarekin, baita ur blokeak eta bestelakoak ere. Hauei esker, puzzleak gainditzen ariko gara, ikuspegi isometrikoa duen jokoari berebiziko askatasuna txertatuz.

Objektuak ez ezik, arerioak ere kopia ditzake printzesak; hori eginda, hauek erabiliko ditugu beste etsaien aurka aritzeko.

Proposamen zeharo berritzailea sagarentzat, nahiz eta Tears of the Kingdom-en ikusitakoak jarraitzen dituen.

Esan bezala, irailaren 26an Switch kontsolan kaleratuko da The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom.