Hezur haragizko aktoreekin egindakoa izango da. Wes Ball zuzendariaren esku egongo da.

Link eta Zelda film bateko protagonistak izango dira azkenik. Zaleek horrenbeste urtez amesten eman ondoren, zumurruz inguratuta, Nintendok ofizialki aurkeztu du The Legend of Zeldaren film luzea.

Ez da animaziozko ekoizpena izango: oraingo honetan hezur haragizko aktoreekin grabatutako filmea ikusiko dugu. Aktoreen zerrenda zehaztu gabe utzi dute; ziurrenik Nintendo Direct edo antzeko aurkezpen handian iragarriko dute.

Zinemetan estreinatzeko eguna urrun geratzen da, noski: oraindik grabatzen hasi gabe daude, beraz ziurrenik hainbat urte itxaron beharko ditugu ikusteko.

Shigeru Miyamoto sagaren sortzailearekin batera egin dute iragarpena. Are gehiago, Linken zein Marioren aita filmaren ekoizleetako bat izango dela azpimarratu dute prentsa ohar ofizialean. Japoniarraz gain, Avi Arad ekoizlea egongo da filmaren atzean: besteak beste, Across the Spider-Verse edo Iron Man ezagunen ekoizlea.

Kiotokoek adierazi dutenez, hainbat urtez prestatzen dabiltzan ekoizpena da Zeldarena. Zuzendaria ere jakitera eman dute: Wes Ball da arduradun nagusia, The Maze Runner trilogiaren zuzendaria.

Ekoizpen eta arduradun kontuekin jarraituz, Nintendoz gain filma finantzatuko duen enpresa aipatu beharra dago; izan ere, finantzazioaren % 50 Sony Pictures Entertainment-en esku egongo da. Sonykoak arduratuko dira, gainera, nazioarteko banaketaz.

Aurten estreinatutako Super Mario Bros. iturginaren animazio filmeak sekulako arrakasta lortu ondoren, Nintendo zinemetara sarriagotan animatuko dela dirudi iragarpen honekin. Euren pertsonaiak eta munduak publiko zabalagoarengana iristeko bidea dela aipatzen dute; hortaz, arrakasta izanez gero ikus-entzunezkoen munduan are gehiago barneratuko direla pentsa daiteke.