Indie garatzaileek euren proiektuak ezagutzera emateko ekimen berezia gauzatu dute.

The Triple-i Initiativen lehen aurkezpenak jokalarien begirada guztiak erakarri ditu. Ez da gutxiagorako: estudio ezagunen 30 bat titulu aurkeztu dituzte bertan, denetariko ezusteak bilduta. Roguelike azpigeneroa izan da nagusi egitasmoan, batez ere, bi lanekin: Slay the Spire 2 eta The Rogue Prince of Persia itxurosoak ezagutu ditugu.

Denborarik galdu gabe, errepasa ditzagun iragarpen nagusiak:

 

Slay the Spire 2

Bagenekien Mega Crit bideojoko berrian lan egiten zebilela, eta honek Godot garapen motorea erabiliko zuela Unity-ren ordez, baina zale guztiak zur eta lur utzi dituzte Slay the Spire arrakastatsuaren jarraipena iragartzerakoan.

Karta jokoa grafikoki nahiko antzekoa izaten jarraituko duela dirudi, hori bai: 2025ean aurretiazko sarbidean probatzeko aukera edukiko dugu.

 

The Rogue Prince of Persia

Evil Empire estudioa —Dead Cells-en Motion Twin taldetik jaiotakoa— Prince of Persia berria sortzen dabilela irakurri izan dugu egunotan sarean, eta egia da: 2.5D roguelikea izango da printzearen abentura berria.

Itxura batean, Dead Cellsen jarraipena izan zitekeela dirudi: erasoka, saltoka eta gure abileziak hobetzen dituen altxorren bila ibiliko gara estetika benetan berezia daukan lan honetan. Maiatzaren 14an Steam plataforman kaleratuko dute sarbide goiztiarrean.

 

Shadows of Doubt

PCan sarbide goiztiarrean —beste bat, bai— aurkitzen den detektibe joko ikaragarria aurten PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletara helduko dela iragarri dute Fireshine Games-koek. Ez hori bakarrik, Sharpshooter Assassin izeneko eduki gehigarria kaleratu berri dute bideojokoarentzat: orain arteko eguneraketarik handiena da.

Ikerketak aukeratzen eta hauen aztarnak jarraitzen ibiliko gara mundu irekiko noir zientzia fikzio abenturan.

 

Hyper Light Breaker

Heart Machine taldeko egileek akziozko roguelike kooperatiboaren bideo berria erakutsi zuten i hirukoitzaren aurkezpenean: suzko aztia ezagutu genuen.

Hyper Light Drifter maitatuaren unibertsoan girotuta egon arren, Breaker guztiz ezberdina izango da: hiru dimentsiotan eratutako hirugarren pertsonako tiro jokoa dugu. Udan early access bidez merkaturatuko dute Steamen.

 

Wizard of Legend 2

Wizard of Legend dibertigarriaren lehen jokagarritasun bideoa ikusi dugu, baita. Hiru dimentsioetara igaroko den beste frankizia bat da Dead Mage taldearena: Hades bezalako mekanikak proposatuko dizkigu, baita Magicka moduko magia zein aztikeria konbinazioak ere.

Onena? Kooperatiboan ari gaitezkeela lagunekin. Argitaratze datarik gabe geratu da WoL 2.

 

Palworld

Steameko jokatuenen zerrendatik erori da Palworld, baina egunero 100.000 jokalari inguru biltzen jarraitzen du Pokémon eta ARK uztartzen dituen lanak.

Modalitate berriaren aurrerapen —oso— txikia eskaini digute Pocket Pair-koek: beste jokalarien aurka aritzeko hondar joko mota jasoko dugu laster.

 

Kill Knight

Arkade jokagarritasuna duen akzio isometrikodun abentura bortitza proposatzen du PlaySide Studios-ek. Twin stick zein bullet hell azpigeneroetako ardatzak hartuko ditu Kill Knightek: dozenaka arerioren aurka ariko gara tiroka nahiz kolpeka.

2024an iritsiko zaigu kontsoletara zein ordenagailuetara.

 

Gestalt: Steam & Cinder

Triple-i aurkezpeneko metroidvania urrietako bat Metamorphosis Games taldearen Gestalt izan da. 2D plataformak, borrokak eta narratiba sakona agintzen ditu: Game Boy Advance eramangarriko hainbat klasikoren estetika bereganatzen duela esan daiteke, gainera.

Gutxi falta da probatzeko: maiatzaren 21ean kaleratuko dute Steam plataforman.

 

Vampire Survivors

Poncle izanik egitasmoko antolatzaileetako bat, Vampire Survivorsek ezin zuen hutsik egin. Operation Guns DLC bereziarekin dator: Konami-ko japoniarrekin bat egin dute… ez, ez da Castlevania sagako pertsonaiak ikusteko. Horren ordez, Contra frankiziako elementuak gehituko dituzte bideojoko arrakastatsuan.

Hori baino nahiko interesgarriagoa izan da, baina, PlayStation kontsoletarako iragarpena: PS5 eta PS4 gailuek Vampire Survivors jasoko dute udan.

 

V Rising – Legacy of Castlevania

Orain bai, Castlevaniaren zerbait ikusteko aukera eduki dugu. V Rising arrakastatsuak Konamirekin bat egin du Alucard nahiz Castlevania sagako beste hainbat pertsonaia, eraso eta diseinu ekartzeko.

Simon Belmont banpiro ehiztariaren aurka egingo dugula dirudi, gainera: maiatzaren 8an helduko da DLCa Steamera. V Rising aurten merkaturatuko dute PlayStation 5ean.

 

Cataclismo

Moonlighter eta The Mageseeker bikainen eskutik (Digital Sun espainiarra) dator Cataclismo itxurosoa: tower defense tankera hartzen duen denbora errealeko estrategia jokoa izango da.

Gazteluak eraikitzen eta hauen defentsak prestatzen ibiliko gara munstroen samalda beldurgarriei aurre egiteko asmoarekin. Uztailaren 16an argitaratuko dute PCrako.

 

MOUSE

Disney klasikoaren animazioetan eta diseinuetan oinarritutako tiro jokoa? Bai horixe. Aspalditik ezagutzen genuen MOUSE, baina azken bideoak indar betean jarraitzen duela adierazi digu.

Mugikortasuna —adi gantxoari!—, armak eta biolentzia dira Fumi Games-koen lanaren ardatzak. 2025erako prest edukitzeko asmoa dute.

 

What the Car?

Apple Arcade plataformatik igaro ondoren, What the Car? zoro zein xarmagarriak Steam plataformarako argitaratze data jaso du: irailaren 5etik aurrera jokatu ahalko dugu PCan. Edo ez, doako proba kaleratu baitute dagoeneko.

Oztopoz eta plataformaz betetako lasterketa eroak gainditzen ariko gara gure autoaren itxura zeharo aldatzen doan heinean. Gidatzen, saltoka zein bueltaka ibiltzeko unea da.

 

Darkest Dungeon II

Kingdoms izeneko kanpaina mota berria aurkeztu du Red Hook estudioak Darkest Dungeonen jarraipenerako. Doako espantsioak taula gainean jarriko gaitu erresumak gaizkiarengandik askatzeko.

2024an argitaratzeko asmoa agertu dute egileek.

 

33 Immortals, Risk of Rain 2, Streets of Rogue 2, UnderMine 2 eta gehiago

Iragarpenik esanguratsuenak aipatuta, aurkezpenak beste hainbat altxor utzi dizkigula esan beharra dago. Babesletzarik zein hizketaldi luzerik gabe, denborarik galdu gabe denetariko jokoak erakusten ibili ziren The Triple-i Initiativeko arduradunak; zalantzarik barik, azken hilabeteetako egitasmorik interesgarrienetakoa.

33 Immortals, Death Must Die, Streets of Rogue 2, Dinolords, UnderMine 2 zein beste dozena bat titulu bildu zituzten. Guztiak aurkezpen ofizialean ikus ditzakezu: