Erabiltzaileek jokoak instalatzen zituzten bakoitzean ezarritako zerga zen garapen motorearen ordainpeko bertsioetako garatzaileentzat.

Unity garapen motorearen arduradunek instalazio kuota bertan behera uztea erabaki dute. Runtime Fee izeneko zerga kobratzeari utzi diote irailaren 12tik aurrera.

Kuota polemikoa joan den urteko irailean iragarri zuten. Erabakiak era guztietako kritikak ekarri zizkion enpresari; hori horrela, hasiera batean erabiltzaile guztiei zuzendutako zerga ordainpeko Unity Pro eta Enterprise zerbitzuetara mugatzea erabaki zuten, gaur egun arte.

Unityren ordainpeko motore bidez sortutako joko ororen instalazioa kobratzen zuen enpresak, bi baldintza kontuan hartuta. Alde batetik, bideojokoagatik milioi bat dolarreko onurak lortzea hamabi hilabetetan; bestetik, epe berean erosleek jokoa milioi bat aldiz baino gehiago instalatzea.

“Komunitatearekin, kontsumitzaileekin eta bazkideekin egindako kontsulta prozesua burutu osteko erabakia” dela adierazi du Matt Bromberg Unityko presidenteak garapen motorearen blog ofizialean. “Unity indartsua nahi duzuela adierazi diguzue behin eta berriz, eta horretarako bidea prezioak areagotzea dela ulertzen duzuela. Baina igoera horiek ez dira modu berrian zein polemikoan iritsi behar”.

Unity Personal modeloak doakoa izaten jarraituko duela baieztatu du Brombergek. Ez hori bakarrik: irabazien muga 100.000 dolarretik 200.000 dolarretara areagotuko dute, zerga gutxiago kobratuz. Hala eta guztiz ere, Unity Pro eta Unity Enterprise zerbitzuen kuota % 8 eta % 25 areagotuko dute, hurrenez hurren.

 

Unity, 1.800 langile gutxiagorekin

Teknologiaren munduan askotariko kaleratzeak ikusi ditugu 2024an, eta gauza bera gertatu da Unityn. Urte hasieran 1.800 langile kanporatuko zituztela iragarri zuen enpresak: lantaldearen % 25, hain zuzen ere.

Gainbehera kontrolatzeko asmoarekin izendatu zuten Bromberg zuzendari maiatzean. Motoreak bizirik jarraitzen badu ere, erabiltzaileen artean ezinegona nagusitu da.

 

Godot edo Unreal

Kexatu baino, Unityren sortzaileen komunitateak alde egin duela esan daiteke. Iaz kuota ezarri zutenean beste garapen motore batzuetara igarotzea erabaki zuten askok. Onuradunik nabarmenena kode irekiko Godot izan zen: garatzaile gehiago Godot erabiltzen hasteaz gain, proiektua indartzeko dohaintzak jaso zituzten.

Unreal Engine da, dena den, Unityren aurkaririk gogorrena. Antzeko tresna sortarekin, 3D zein 2D joko aurreratuak sortzeko aukera eskaintzen du Epic Games taldearen erreminta ezagunak.