Kunitsu-Gami: Path of the Goddess, Nintendo World Championships: NES Edition edo Flintlock: The Siege of Dawn ikusiko ditugu egunotan.

Uztaila euriekin hasi dugu, baina lasai, bideojokoekin eguzkia itzuli arte gustura ariko gara-eta. Estreinaldi interesgarriak ikusiko ditugu egunotan; ez dira, agian, kaleratze erraldoienak, baina jokalariek gozatuko dituzten denetariko jokoak datoz.

Jauziak eta plataformak egongo badira ere, akzioa izango da nagusi uztailean: Flintlock: The Siege of Dawn eta Teenage Mutant Ninja Turtles: Splintered Fate jasoko ditugu. Hala ere, estrategia ukitua ere ikusiko dugu hainbat bideojokotan. Cataclismo edo Kunitsu-Gami itxurosoen kasua dugu, adibidez.

 

Final Fantasy XIV: Dawntrail

  • Argitaratze data: 2024-07-02
  • Garatzailea: Square Enix
  • Generoa: MMORPG, JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

FF XIV arrakastatsuaren bosgarren espantsio handia dugu Dawntrail. Tural eskualdera bidaiatuko dugu oraingoan, eremu guztiz berriak esploratuz lanbide berriekin: Viper zein Pictomancer dira gure pertsonaiarentzako aukerak.

Ohiko berritasunekin jarraituko du eduki gehigarriak: Hrothgar arrazako emakumeekin jokatzea, zortzi ziega, pertsonaiak zein arerioak, ekipamendua nahiz errezetak eta askoz gehiagoa agintzen dituzte SEkoek.

 

Cataclismo

  • Argitaratze data: 2024-07-22
  • Garatzailea: Digital Sun
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PC

Moonlighter eta The Mageseeker: A League of Legends Story sortu ondoren, Digital Sungo valentziarrak estrategiaren esparrura igaroko dira Cataclismo bereziarekin. Egunez gotorlekuak diseinatzen eta eraikitzen ariko gara, baina iluntzean premisa zeharo aldatuko da: gauetan denbora errealeko estrategia zein tower defense erako borroketan defendatu beharko ditugu.

Atal estetiko erakargarria prestatu dute obra berriarentzat. Partiden modalitate desberdinetik —kanpaina, borroka azkarrak, biziraupena…—, estrategiazaleentzat uztaileko ordu batzuk galtzeko aproposa dirudi.

 

Teenage Mutant Ninja Turtles: Splintered Fate

  • Argitaratze data: 2024-07-17
  • Garatzailea: Viacom International
  • Generoa: Akzioa, roguelike
  • Plataformak: Switch

Apple Arcade harpidetza zerbitzutik igaro ondoren, ninja dortoka anaien azken proposamen interesgarria Switchera iritsiko da. Splintered Fatek Hades hartzen du abiapuntutzat: ikuspegi isometrikoan gainditzeko ziegak ikusiko ditugu roguelike elementuekin.

Hortaz, Leonardo, Raphael, Michelangelo eta Donatello artean aukeratuko dugu, ondoren hauen abileziak eta armak hobetzen joateko ekipamendua aurkitzen dugun bitartean dozenaka arerio akabatu ahala. Partida bakoitzak ausazko guneak eta etsaiak proposatuko dizkigu. Onena? Kooperatiboan lagunekin aritzeko aukera daukagula.

 

Flintlock: The Siege of Dawn

  • Argitaratze data: 2024-07-18
  • Garatzailea: A44 Games
  • Generoa: Akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Souls erako jokoak eta gaur egungo God of War abenturak elkartzeko helburuarekin dator Flintlock ikusgarria. Jainkoen aurka jarriko gaitu borrokak ardatz dituen tituluak: Nor Vanek gerlariarekin eta Enki azeritxoarekin borroka dinamikoetan parte hartuko dugu.

Aizkorakadak, saihesteak, teleportatzeak eta askoz gehiago erabiliko ditugu sorbalda gaineko kamerarekin jokatzen dugula. Exekuzio bortitzak ere ikusiko ditugu, nola ez.

 

Nintendo World Championships: NES Edition

  • Argitaratze data: 2024-07-18
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Plataformak, arkade
  • Plataformak: Switch

Nintendoren lehen kontsolako bideojokoen bilduma hau berezia izango da. Super Mario Bros, The Legend of Zelda edo Kirby bezalako jokoak hartu, eta hauen inguruko speedrun erronkak proposatuko dizkigu N handiak.

Marioren lehen maila ahalik eta azkarren bukatzea, morph ball abileziak eskuratzea, octorock guztiak akatzea… Hamahiru titulu klasikotako desafio motzak ikusiko ditugu 90eko hamarkadan AEBetan ospatutako Nintendo Worlds Championship txapelketa omentzeko.

 

SCHiM

  • Argitaratze data: 2024-07-18
  • Garatzailea: Ewoud van der Werf, Nils Slijkerman
  • Generoa: Plataformak
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch

Plataforma joko eder eta berezi honetan mutiko baten itzalean bizi den izakitxoaren rola jokatuko dugu. Berarekin daukagun lotura hausterakoan, gure lagunarengana itzultzea izango da gure helburu nagusia: horretarako, gerizpetik gerizpera saltoka ibili beharko gara, ezin baikara horietatik kanpo bizi.

Argiztapenarekin eta animazioekin jokatzen duen obra liluragarria da SCHiM: Steam Next Fest-ean probatu ondoren, aurtengo altxorretako bat izateko aukera handiak dituela aitortu beharra daukat.

 

Kunitsu-Gami: Path of the Goddess

  • Argitaratze data: 2024-07-19
  • Garatzailea: Capcom
  • Generoa: Akzioa, estrategia
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Akzioa, kudeaketa eta estrategia uztartuko dituen lan interesgarria prestatzen ari dira Capcomeko japoniarrak. Erdi Aro Japoniarrera bidaiatuko dugu; kasu honetan, jainkoak eta deabruak nagusi diren mundura.

Soh izeneko gerlarian bilakatuko gara: Yoshiro apaiza babestea izango da gure betebeharra. Egunez, inguruko herrixkak munstroen ustelkeriatik sendatuko ditugu; gauez, hauen kontra ariko gara gurekin batzera animatu diren herritarrekin batera.