Indiana Jones and the Great Circle, South of Midnight, Call of Duty: Black Ops 6 eta Metal Gear Solid Delta ere igaro dira aurkezpenetik, besteak beste.

Udako aurkezpenen artean, azken urteetan egin bezala, Xbox Games Showcase izan da espektatiba handienak sortu dituena. Ez da harritzekoa: Redmond-ekoek inoiz baino estudio gehiago dituzte —nahiz eta kaleratzeak tartean dituzten—, titulu interesgarriak sortzeko gaitasunak areagoatuz.

Aurtengoa zuzeneko luzea izan da —bi ordu eman genituen atzo—, baina erritmo bizikoa: enpresako hitzaldiak alboratu egin zituzten Phil Spencer, Matt Booty eta Sarah Bond Xboxeko arduradunek, bideojokoei lekua uzteko, saio zoragarria eskainiz.

Jokoak, garrantzisuena, ugariak eta interesgarriak izan ziren: Doom eta Gears of War berriak datoz, baita dagoeneko ezagutzen genituen Fable, Perfect Dark zein S.T.A.L.K.E.R. 2 ere. Indiana Jones abenturazalearen joko berria ikusi genuen berriz South of Midnight interesgarriarekin, eta Naked Snake espioia Metal Gear 3ren berregitean azaldu zitzaigun, jokagarritasuna erakutsiz.

World of Warcraft: The War Within, Clair Obscur: Expedition 33, Microsoft Flight Simulator 2024, Avowed, Assassin’s Creed Shadows… obra benetan indartsuak eskaini zizkiguten Xboxekoek. Klasikoentzako leku gehiago egon zen, gainera: Age of Mithology maitatuaren remake-ak itxura aparta dauka.

Bukatzeko, hurrengo Call of Duty mugimenduan ikusi genuen: Black Ops 6ren hainbat xehetasun eskaini zituzten Activision-en tiro jokoari zuzendutako tarte berezian.

Ez dezagun denborarik galdu, eta goazen bideoekin:

 

Doom: The Dark Ages

id Software estudioaren joko berria aldez aurretik filtratu zen, baina berdin dio: zur eta lur utzi gaitu. Doom Slayer-aren kondaira biziko dugu oraingoan, azken jokoetan flashback-en bidez kontatu zaigu istorioa osorik aurkeztuz.

Burezurrak muniziotzat erabiltzen dituzten metrailetak, motozerra-ezkutuak eta kontrolatzeko mecha robot erraldoiak zein dragoiak ikusiko ditugu oraingoan. Barruan gaude? Barruan gaude. 2025ean estreinatuko dute: PCan zein Xbox Series-etan jokatuko dugu, baina PlayStation 5ean ere kaleratuko dute.

 

Gears of War: E-Day

Aspaldi filtratutako beste jokoarekin bukatu zuten aurkezpena. Gears of War berriak ere kondairak ditu abiapuntutzat: Marcus Fenix eta Dom Santiago bueltan dira Emergence Day beldurgarrian bizitakoak erakusteko, GeoW originala baino hamalau urte lehenago.

Zinematika ikusgarria ikusi dugu bakarrik, baina jokoaren motorearekin sortutakoa dela adierazi digute egileek. Zoritxarrez, ez daukagu inolako kaleratze datarik, baina PCan eta Xbox Seriesetan estreinatuko da.

 

Perfect Dark

Aurkezpeneko ezusteko handietako bat, inolako zalantzarik gabe. Garapen prozesuan hainbat arazo izan arren, The Initiative-n —eta Crystal Dynamics-en— Perfect Darkek bizirik jarraitzen duela aldarrikatu du lehen jokagarritasun ikusgarriarekin.

Tiroketak, parkourra eta esplorazioa proposatuko dizkigu, immersive sim jokoen kutsua bereganatuz. Zalantza asko daude, baina Rare britainiarrak N64ko klasikoan kontatutako istorioa errepikatuko dutela dirudi: erakunde handiak eta estralurtarrak ikusiko ditugu berriz. Ez dute egunik aipatu, baina Xbox Series eta PC plataformetara dator.

 

Fable

Fable berria iaztik ikusi gabe geunden: Playground Games estudioa Eidos Montreal-ekin batera sortzen dabilen abenturak trailer zinematikoa ekarri digu berriz, zoritxarrez, baina itxura aparta duela esan beharra dago.

Umorea nagusi izango da, nola ez, ipuin desberdinetako protagonistak Albion erresuma fantastikoan biltzen dituen Fablen. 2025erako argitaratu gura dute, beste behin, Xbox Series eta PC gailuetan.

 

Clair Obscur: Expedition 33

Sandfall Interactive taldearen lehen bideojokoak begirada guztiak erakarri zituen atzo. JRPG klasikoen txandakako borrokak atal grafiko ikusgarriarekin elkartuko ditu; istorioa, gainera, berezia eta interesgarria dela dirudi.

Argitaratze data falta zitzaion, itxaron egin beharko dugu hortaz. Xbox Seriesetan eta PCan estreinatuko dute.

 

Metal Gear Solid Delta: Snake Eater

Naked Snake… edo, hobe esanda, Big Boss agentearen misiorik garrantzitsuena biziko dugu berriz, eta Konami-koek lehen jokagarritasun bideoa eskaini digute. Metal Gear Solid 3: Snake Eater maitatuaren berregitea dugu, eta oso fidela izango dela dirudi, jokagarritasun aldaketak —kamera, batez ere—, kontuan hartuz.

Atal grafiko ikusgarriarekin dator: Capcom-en RE Engine garapen motorearekin egindako jokoak gogorarazten ditu. Laburbilduz: isilpea, buruzagi eroak eta istorio sakona osatzen duten bideo mordoa aurkituko ditugu berriz. Argitaratze datarik gabe iritsi zaigun beste bideo bat: PS5ean ere estreinatuko da, PC eta Xbox Series bertsioekin batera.

 

South of Midnight

Akzioa eta abentura uztartzen dituen South of Midnight iaz aurkeztu zuten bideo zinematikoarekin, eta aurten jokagarritasunean ardaztu dira. Hirugarren pertsonan ariko gara zingirak zeharkatzen eta magiak erabiltzen.

Atal artistiko bereziarekin —Spider-Man heroiaren azken animazio filmeak dakartza gogora—, proposamen benetan interesgarria dirudi Compulsion Games taldearenak. 2025era arte itxaron beharko dugu PCan eta Xbox Seriesetan jokatzeko.

 

Microsoft Flight Simulator 2024

Flight Simulatorren hurrengo atalari buruzko xehetasun berriak jaso genituen atzo, batez ere erronka eta misio berrietan sakonduz. Itxura ederra dauka 2024ko bertsioak; aurreko jokoak proba bat emango du honen aldean.

Oraingoan bai, argitaratze data daukagu: azaroaren 19an estreinatuko dute PC eta Xbox Series gailuetan.

 

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl

S.T.A.L.K.E.R. berriaren bideo ugari ditugu, baina GSC Game World estudio ukrainiarrak jokagarritasuna erakutsi digu oraingoan. Txernobylko lurretan barneratuko gara berriz stalker lanak burutzeko… arriskuz betetako misioak, noski.

Atal grafiko indartsua eta tiroketa zein esplorazio itxurosoak agintzen ditu. Gerraren ondorioz oztopoz betetako garapena bizi izan du bideojokoak —tamalez, hainbat garatzaile hil dituzte—, baina irailaren 5erako egindako lana munduari erakusteko prest agertu dira egileak. PCan nahiz Xbox Seriesetan, berriro.

 

Indiana Jones and the Great Circle

Jokagarritasun gutxi erakutsita igaro zen Indy. Hala ere, MachineGames-ko egileek jokoko zinematika ikusgarria erakutsi ziguten: George Lucas zinemagilearen film klasikoen kutsua jarraitzea lortzen du, eta grafikoki ikaragarria da.

2024an argitaratzeko asmoa daukate —ea egia den—, PCan eta Xbox Seriesetan.

 

Assassin’s Creed Shadows

Gaur ikusiko dugu Ubisoft Forward-ean, baina Assassin’s Creed berria Xboxenetik ere igaro zen atzo. Japonian girotuko den Shadowsen jokagarritasunaz gozatu genuen lehen aldiz: atal grafiko latza erakutsi zuen.

Naoe ninjaren eta Yasuke samuraiaren abileziak eta mugimenduak ezagutzera eman zituzten, eta urtaroekin aldatuko den mundua ere ikusteko aukera eduki genuen. Azaroaren 15etik aurrera jokatuko dugu Xbox Series, PS5 eta PC plataformetan.

 

Avowed

Obsidian taldeak Avowed-en bideo berria ekarri zigun atzo, oraingoan jokagarritasunean ardaztuz. Akzioa nagusi izango da magiaz betetako munduan; are gehiago, Pillars of Eternity CRPG saga maitatuko Eoran girotuko da Avowed.

Egileak ezagututa, baina, hori baino askoz gehiago proposatuko digu abenturak: hizketaldiek eta erabakiek pisu handia edukiko dutela dirudi, RPG kutsu nabarmena erantsita. Aurten jasoko dugu, oraindik argitaratze datarik gabe, PC eta Xbox Series gailuetan.

 

Atomfall

Sniper sagatatik ezagunak diren Rebellion taldeko kideak Atomfall iragarri dute. Akzioa eta esplorazioa ardatz dituen titulua izango dela dirudi, umore kutsuarekin: immersive sim pixkat daukala pentsa daiteke, edo, agian, Far Cry bezalako lanen mundu irekia, S.TA.L.K.E.R. bezalako lanen girotze nuklearrarekin.

Oso erakargarria, egia esan. Datorren urtean estreinatuko dela diote: oraingoz PCko eta Xbox Seriesetako bertsioak aurkeztu dituzte.

 

Call of Duty: Black Ops 6

Jakin bagenekien hurrengo Call of Duty aurkezpeneko protagonistetako bat izango zela; nola ez, luze eta sakon hitz egin dute tiro jokoari buruz.

Kanpaina eroaren irudiak ekarri dizkigute, eta zuzeneko berezian garapenari buruzko datuak eskaini dituzte. Urriaren 25ean kaleratuko dute: PC, PS5 zein Xbox Series gailuetan jokatuko dugu.

 

Age of Mythology: Retold

2022 bukaeran ezagutu genuen Age of Mythologyren berregitea, eta laster izango da gure artean: irailaren 4an kaleratuko dute.

Estrategia klasikoaren oinarri guztiak mantenduko dituzte, atal grafikoa zaharberrituz. Nostalgiko ugari batuko dituen titulua izango da, bai ala bai. Xbox kontsoletan kaleratuko da, PCko bertsioarekin batera.

 

Flintlock: The Siege of Dawn

A44 Games-en akzio jokoak trailer ikusgarria kaleratu zuen Xboxekoen ekitaldian. Borroka dinamikoak zein ikusgarriak izango dira nagusi: God of War berrien estiloko dueluak biziko ditugu izaki fantastikoen aurka.

Argitaratze data zehaztu zuten, gainera: uztailaren 18an ekarriko digute Xbox Series, PS5 eta PC gailuetara.

 

Xbox Series X eta Xbox Series S modelo berriak

Horrenbeste bideojokoren artean hardware eraberritua aurkeztu zuten Xboxekoek. Ez dator aldaketa nabarmenik, egia esan: Xbox Series Xren bertsio digitala egongo da —hau da, disko irakurgailurik gabekoa—, eta memoria handiagoarekin iritsiko dira.

Zehazki, 2 TBeko Xbox Series X Galaxy Black, TB bakarreko Xbox Series X Robot White eta TB 1eko Xbox Series S merkaturatuko dituzte eguberrietan.

 

Diablo IV Vessel of Hatred

Diablo IVn lehen espantsio handiak trailer zinematiko ikaragarria jaso zuen: adi, nahiko gogorra da-eta.

Vessel of Hatred urriaren 8an kaleratuko dute, denetariko berrikuntzak ekarrita. Istorio berriaz gain, armak, armadurak, magiak, guneak eta etsaiak gehituko dizkiote Blizzard-ekoek euren azken jokoari.

 

Starfield: Shattered Space

Espantsioekin jarraituz, Bethesda-k Starfielden lehen eduki gehigarri handiaren irudiak eskaini zituen. Shattered Spacek mundu berrira eramango gaitu misterio bat argitzera: oinarrizko jokoan azaldutako hainbat elementu hartuko ditu.

Hemen ere toki berriak, armak zein armadurak edo misioak gaineratuko dituzte. Aurten argitaratuko dute PC eta Xbox Series gailuetan.

 

Mixtape

Beethoven & Dinosaur estudioa Annapurna argitaletxearekin batera sortzen dabilen indie abenturak hainbat maitemindu zituen. Institutuko gazte amerikarren bizipenak gogoraraztea du helburu, estetika ederrarekin zein abesti ezagunekin abentura maitagarria eratuz.

2025era arte itxaron beharko dugu jokatzeko, baina trailerra behin eta berriz ikustekoa da. Xbox Seriesetarako eta PCrako iragarri dute momentuz.

 

Life Is Strange: Double Exposure

Deck Nine taldeak Life Is Strange berria ekarri zigun, orain gutxi True Colors kaleratu zuten arren. Max Caulfield izango da, beste behin, protagonista nagusia, eta mundu paraleloak bisitatzeko ahalmenarekin dator.

Azaroaren 29an merkaturatuko dute Xbox Series eta PS5 kontsoletan zein PCan.

 

State of Decay 3

Trailer zinematikoarekin ezagutu dugu State of Decay arrakastatsuaren hirugarren atala. Ohiko elementuak ageri dira bertan: zonbiak eta bizirik jarraitzeko ahaleginetan dabiltzan pertsonaiak.

Argitaratze data aipatu gabe utzi zuten, zoritxarrez. Undead Labs-en biziraupen jokoa PCan zein Xbox Seriesetan merkaturatuko da.

 

Dragon Age: The Veilguard

Dreadwolf izenarekin ezagutu genuen aspaldi, baina Dragon Age berria The Veilguard deituko da azkenik. Kutsu desberdina erakutsi digute iragarpen zinematikan, umoretsuagoa eta epikoagoa.

Pertsonaia guztiak ezagututa, argitaratze data ere iritsi zaigu: udazken aldera kaleratuko du Bioware taldeak Xbox Series, PS5 eta PC plataformetan.

 

World of Warcraft: The War Within

Worldsoul Saga erraldoia prestatzen dabiltza Blizzardekoak, eta lehen atala The War Within izango da. Bere argitaratze data ezagutu dugu oraingoan, aurreko espantsio guztietako unerik gogoangarrienak berreskuratuz: abuztuaren 26tik aurrera ekingo diogu.

 

Sea of Thieves

Hamahirugarren —bai, bai— denboralditik doaz Rare-koak euren Sea of Thieves arrakastatsuarekin. PlayStation 5ean estreinatu ondoren bilauan bilakatzeko aukera edukiko dugula dirudi: uztailaren 25ean hasiko dute.

 

Fallout 76: Skyline Valley, The Elder Scrolls Online: Gold Road, WUCHANG: Fallen Feathers…

Laburpen honetna ere hainbat bideojoko utziko ditugu zerrendatik kanpo… gehiegi egon ziren! Indieren bat edo beste erakutsi zuten, baina gehienbat dagoeneko kaleratutako bideojokoen espantsioak geratzen zaizkigu.

Fallout 76: Skyline Valley, Mecha BREAK, FragPunk, The Elder Scrolls Online: Gold Road, WUCHANG: Fallen Feathers eta beste hainbat erakutsi zituzten atzo.

Guztiak ikusi nahi izanez gero, aurkezpen osoa jarraitzea gomendatzen dizuegu… gure emanaldiarekin, noski: