Udarako prestatzen hasi dira bideojokoen enpresa handiak, baina indie interesgarriak ere jasoko ditugu egunotan.

Maiatzean sartu berri gara, eta Game Erauntsian hileko bideojokoen estreinaldi nagusiak errepasatzeko garaia da. Egunotan denetariko generoak lantzen dituzten jokoak ikusiko ditugu: nabarmenenak Senua’s Saga: Hellblade II, Nine Sols, Paper Mario: TTYD eta Ghost of Tsushimaren PCko bertsioa dira, baina bestelakoak ere baditugu.

Esaterako, Animal Well puzzle joko bitxi zein desiratua iritsiko zaigu. Indie lanekin jarraituz, V Rising early access fasetik aterako da, eta, The Rogue Prince of Persia, sartu. Estrategia maitaleek Homeworld mitikoaren hirugarren atala ikusiko dute egunotan, gainera. 

Denborarik galdu barik, goazen kaleratze nagusiak ezagutzera.

 

V Rising

  • Argitaratze data: 2024-05-08
  • Garatzailea: Stunlock Studios
  • Generoa: Biziraupena, akzioa
  • Plataformak: PC

Bi urte aurretiazko sarbidean eman ditu V Rising, jokalari mordoa erakarrita: aldi bereko 150.000 erabiltzaile edukitzera iritsi zen Steam plataforman.

Banpiroak protagonista dituen Diablo estiloko ARPG abentura dela pentsa dezakegu hasiera batean, baina askotariko generoak elkartzen ditu: biziraupena eta kudeaketa PvP zein PvE modalitateekin bateratzen ditu Stunlocken lanak. 1.0 bertsioa are hobekuntza eta berritasun gehiagorekin iritsiko da.

 

Animal Well

  • Argitaratze data: 2024-05-09
  • Garatzailea Billy Basso / Bigmode
  • Generoa: Metroidvania, puzzleak
  • Plataformak: PC, PS5, Switch

Estetika bereziak harrapatuko du gure begirada, baina Animal Wellek esplorazio eta puzzle zaleentzat misterio ugari bilduko dituela dirudi. Billy Basso sortzaileak Dunkey youtuber ezagunarekin abiatu du elkarlana animaliaz betetako labirintoa sortzeko: mundu beldurgarria izan daiteke, baita ederra ere.

Mundu ireki ez-lineala aurkituko dugu: aurrera egiteko objektu desberdinek hainbat bide irekiko dizkigute, baina gure esku egongo da erronka desberdinei aurre egiteko bidea aurkitzea. Egileak puzzleen hainbat geruza agintzen ditu.

 

Homeworld 3

  • Argitaratze data: 2024-05-13
  • Garatzailea Blackbird Interactive / Gearbox Publishing 
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PC

Espazioko estrategia borroken saga maitatua gure artean da berriz, azkenik. Homeworlden berpizkundea ikusi dugu azken urteetan: lehenik birmasterizazioak jaso genituen, ostean Deserts of Kharak interesgarria ikusteko.

Hirugarrenak, baina, klasikoen bidea jarraituko du: espazio ontzien armadak kontrolatuko ditugu jokagarritasun dinamiko eta askearekin. Borrokak ikusgarriak izango dira nagusi, baina gure baliabideak zein kokapena ondo ezagutzea ezinbestekoa da garaipena lortzeko.

 

The Rogue Prince of Persia

  • Argitaratze data: 2024-05-14
  • Garatzailea Evil Empire / Ubisoft
  • Generoa: Akzioa, roguelike
  • Plataformak: PC

The Triple-I Initiative aurkezpenean ezagutu genuen Prince of Persia berria, eta dagoeneko aurretiazko sarbidean helduko zaigu. Mundu berria prestatzen dabil Dead Cells arrakastatsuaren egileek osatutako Evil Empire taldea.

PoP klasikoetan egin modura, saltoka ibiliko gara 2D inguruneetan, nahiz eta grafikoak 3D diren. Roguelike izaera edukiko du: behin eta berriz hasiko dugu gure bidea, abilezia eta objektu desberdinak lortuz. Early access fasea Steam plataforman baino ez dugu ikusiko; bukatzerakoan, gainerako gailuetara iritsiko da.

 

Braid Anniversary Edition

  • Argitaratze data: 2024-05-15
  • Garatzailea: Thekla
  • Generoa: Plataformak, puzzleak
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series, Android, iOS

Apiril bukaeran estreinatu behar zen, baina puzzle joko maitatuaren bertsio berezia maiatzera mugitu zuen azkenean Thekla taldeak.

15. urtebetetzea ospatzeko sortutako birmasterizazioa da: atal grafiko eraberritua, puzzleak eta garatzaileen iruzkinak gehitu dizkiote.

 

Ghost of Tsushima

  • Argitaratze data: 2024-05-16
  • Garatzailea: Sucker Punch / PlayStation Studios
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC

Ordenagailuetara iritsiko den PlayStationen hurrengo jokoa zaleek aspalditik eskatzen duten Ghost of Tsushima da. XIII. mende bukaerako Japoniara joango gara; zehazki, Hego Korearekin muga egiten duen irlara.

Jin Sakai samuraiaren rola jokatuko dugu. Bere helburua: herrialdea mongoliarren inbasiotik babestea. Akzioa, esplorazioa, mundu irekia eta isilpea elkartzen dituen abentura saritua da. Zuzendariaren bertsio berezia jasoko dute gainera PCkoek: espantsioa zein multijokalaria ikusiko dituzte.

 

Senua’s Saga: Hellblade II

  • Argitaratze data: 2024-05-21
  • Garatzailea: Ninja Theory / Xbox Game Studios
  • Generoa: Akzioa
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Hellbladen jarraipenan aritzeko unea iritsi da azkenik. Orain lau urte baino gehiago iragarri zuten Ninja Theorykoek, eta aurkezpen ugaritan proposatuko dizkigunak ezagutzeko aukera eduki dugu.

Atal grafikoa da, noski, atalik aipagarriena, baina istorio sakona zein berezia ere aurkeztuko ditu Senuaren abenturak.

 

Paper Mario: The Thousand-Year Door

  • Argitaratze data: 2024-05-23
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: Switch

2004. urtean GameCube kontsolan estreinatu zen joko maitatuaren birmasterizazioa prestatu dute Nintendokoek Switcherako. Paper Mario sagako lanik onena izanik, behar bezalako hobekuntzak gehitu dizkiote: atal grafikoa txukundu, eta jokalariek asko eskertuko dituzten bizi kalitate aldaketak prestatu dituzte.

Txandakako borrokak biziko ditugu Mariorekin eta lagunekin; esplorazioa eta umorea, ordea, nagusi dira abentura zoragarri honetan.

 

Nine Sols

  • Argitaratze data: 2024-05-29
  • Garatzailea: Red Candle Games
  • Generoa: Akzioa, metroidvania
  • Plataformak: PC

Devotion eta Detention beldurrezko lanak argitaratuta, Red Clandeko taiwandarrak akzioz betetako metroidvania abenturara igaroko dira. Taopunk estetika erakutsiko duen New Kunlun hiria zeharkatuko dugu Yi misteriotsuaren helburuak betetzeko.

Demoa probatzeko aukera eduki genuen aspaldi —euskaratuta dago!—, eta obra gogor zein interesgarria iruditu zitzaigun. Sekiron estiloko dueluak esplorazioarekin eta plataformekin elkartuko ditu.