A Fisherman’s Tale InnerspaceVR-ek 2019an errealitate birtual bidez soilik jolasteko sortutako bideojokoa dugu. Playstation plataforman bere PSVR erabiliz jokatu daiteke, eta ordenagailuetan errealitate birtualerako bisore desberdinen bidez joka daiteke, Oculus Quest eta Windows Mixed Reality bezalakoekin, esaterako. Abentura joko moduan aurkezten da, puzzle bidezko garapena du, eta fisiken erabilerak protagonismo handia bereganatzen du bere baitan.

Abenturak itsasargi batean kokatzen gaitu, belaunaldi ezberdinetan itsasgizonez hornituta egon den leinu bateko azken senidea da protagonista. Jokoak bizitza arrantzalearen eredutik hartzen ditu hainbat gauza, eta girotzea interesgarria da. Narratzaileak azentu frantsesa du, eta aurretiaz aipatutako marinelen giropenarekin lehendik ikusita zein entzunda daukagun testuinguruan jartzen gaitu.

 

Erotzeko ikuspegia

Protagonistaren kasuak badauka berezitasun bat; izan ere, benetan ez baikara aipatutako itsasargiko gizona izango, bere txontxongiloa baizik. Bideojoko honetan marinel baten egurrezko panpina gara, bere itsasargi barruan dagoen maketa batean bizi dena.

Berezitasun nabarmen bat dauka, proportzionaltasunarena: Gu itsasargiaren barruan gaude eta gure gelan honen maketa bikaina eta perfektua dago. Gure gelan gertatzen dena, maketa barruan ere gertatuko da. Ez hori bakarrik: gure itsasargitik kanpo, kalea edo natura egon ordez, itsasargiaren barneko beste eredu bat dago, erraldoia. Hau da, gure itsasargian, itsasargi horren maketa bat dago, baina gure itsasargia, beste itsasargi handiago baten maketa ere da. Bukle edo sorgin-gurpila amaigabea da, beti dago itsasargi handiago bat eta txikiago bat, ez dira bukatzen.

Beraz, jokatzerakoan ez gara benetako itsasargian egongo, bertako gelaren batean baizik. Kanpora ikusterakoan, ez dugu benetako itsasoa ikusiko, orain gauden gelaren beste bertsio erraldoi bat baizik. Hala ere, istorioaren garapenean, panpinak zein itsasargian dagoen benetako gizonak beraien kontakizunak nahastuko dituzte. Horrela, benetako itsasargi kanpoan egosten ari den ekaitzak eragin handia izango du bien bizitzan. Kontakizunaren atal bakoitzean itsasargiaren gela edo atal desberdin bat bisitatuko dugu, bakoitza bere eginbehar eta ikusmira bereziekin.

 

Pentsatzekoa, baina edonoren eskura

A Fisherman’s Talek sarrera, bost kapitulu ezberdin eta epilogoa dauzka. Modu horretan ondo bereizita geratzen dira atalak, eta gainditutako edozein berriz has dezakegu nahi izanez gero. Jokoak puzzleak aurkezten ditu, eta, lantzean behin, errealitateren kopia txikiago edo handiagoaren erabilera aplikatu behar da egoera konpontzeko. Oro har, oso ondo pentsatutako jokoa da, itxuraz sinplea dena. Jokoak aholkuak dauzka eskuragai eta puzzleren batean denbora larregitxo bagabiltza, aholkuak jasotzen hasiko gara.

Panpina errealitate birtualeko aginteen bidez teleportatu daiteke, oso era intuitiboan dago egina, eta jauzi hipotetiko baten lorratzak modu argian erakusten digu toki jakin batera joan gaitezkeen edo ez. Horrez gain, aginte bakoitzeko botoi jakin batzuk erabiliz marinelaren panpinaren besoak luza ditzakegu, kontestu batzuetan urrunago dauden tresnak hartu ahal izateko.

Erabiltzaile askoren aburuz, beherakada somatzen da bosgarren atalean edo kapituluan. Ordura arte aurkeztutako arauak nahasten dira eta aholkuak ematen jarraitzen den arren, beharbada, ez daude zalantzak sortarazten dituen horri bideratuta. Esperientzia goibeldu dezake, atal horretan denbora nahikoa xahutuz gero, sarean konponbidea aurkitzea gomendagarria da.

Orokorrean esperientzia berezia eta entretenigarria da, gainditu beharreko buruhausteak ez dira oso zailak, eta, orokorrean, narratzaileak eskainitako laguntzarekin konpon daitezke. Girotze eta mekanika aldetik zuzena da, eta joko laburra den arren (2 ordu ingurukoa) orokorrean kritika positiboak jaso izan ditu, gehienentzat ondo neurtutako iraupena duela baitirudi.

Istorioaren une jakin batzuek etortzear dagoen ekaitzari erreferentzia eginez, tonu ilunxeagoa badute ere, gazteekin goza daitekeen lana dugu. Gainera, dirudienez, saga berdineko beste lan bat prestatzen ari dira, Another Fisherman’s Tale deituko dena.