Gailurreraino, baina patxadaz - A Short Hike

Lander Unzueta | 2020/09/10 18:00 Analisiak



Adam Robinson-Yuk atseden hartu eta deskonektatzeko proiektu bezala jaiota, garatzaileak gaztetan bizitako udako oporrak gogorarazi nahi izan zituen A Short Hikekin. Jokalariek basoak zeharkatzen zituen txango horietan bizitako bakea sentiaraztea bilatzen du kanadarrak abentura txiki honekin.

Koronabirusak era guztietako aldaketak ekarri ditu gure bizitzetara. Martxotik aurrera bizi izandako egoerak etxean konfinaturik egotera eraman gaitu, eta uda honetan ere hala egon behar izan direnak daude. Nere kasuan familiakoek PCR frogak egin behar izan zituzten, eta emaitzak egun batzuk atzeratu ziren. Badaezpada ni neu ere etxean geratzea hoberena zela erabakita, halabeharrez gogaikarriak bilakatutako udako azken arratsalde horietan denbora pasatzeko joko arin bat nahi nuen.

Orain aste batzuk ikusitako Indie World aurkezpenean A Short Hike izeneko abentura ezagutu genuen askok. Bere estetika koloretsuak erakarrita jokoari buruzko informazioa bilatzen hasi, eta PCrako orain urtebete baino gehiago estreinatu zela ohartu nintzen. Are gehiago… nire Steameko liburutegian neukan. Ez nik erosita, baina: lagunekin Family Sharing bidez partekatutako liburutegian zegoen. Etxean konfinatuta nengoela Hawk Peak natura parke digitala bisitatzeko une aproposa zen.

Claire izeneko txori antropomorfikoaren kontrola hartuko dugu Adam Robinson-Yu garatzaile kanadarraren abentura txikian. Aipatutako parkera iritsi berria da Claire bere izekorekin batera, hiriko bizimodutik aldentzeko asmoz. Hala ere gure protagonistak mugikorra erabiltzeko beharrizana du; estaldurarik gabe dagoela ikustean izekok mendi gailurrera igotzeko aholkua ematen dio, bertatik deiak egin ahalko ditu-eta.

Esploratzearen xarma baino ez

Abenturaren abiapuntua eta helburu nagusia gailur hori zapaltzea izango da. Hori lortzeko erabateko askatasuna eskaintzen digu A Short Hikek: Hawk Peak nahi bezala esploratu ahalko dugu jokoaren hasieratik. Muga bakarra Clairek eskalatzeko duen indarra da; hori urrezko lumak lortuta areagotu daiteke. Lumak eskuratzeko parkea esploratzeari ekin beharko diogu, betiere nahi dugun eta ahal dugun ibilbideetatik aurrera eginda; jokoak lan bikaina egiten du jarraitu beharreko bidea bere diseinu naturalaren barnean mugatzerakoan.

A Short Hiken benetako xarma Robinson-Yuk sortutako munduan dago, baina. Estetika koloretsu eta atseginarekin, Hawk Peaken ezagutuko ditugun beste pertsonaiek modu adiskidetsuan agurtuko gaituzte. Walking Simulator etiketa du abenturak, eta askotan azpigenero horretan ikusten den bezalaxe kontenplaziozko abentura da ClairenaParkean ez dugu misterio handirik aurkituko; zoko guztiak esploratzea eta gainerako bisitariekin hitz egitea izango da jokoaren gozamen handienetako bat. Guzti hori erritmo lasai batekin egitea lortzen du; gero eta joko biziagoak ikusten ari garen garai batean patxadaz hartzeko joko lasai bat horren atsegingarria suertatzeak meritua dauka.

Ez dago inolako Game Over pantailarik, eta jokoak ez gaitu presarekin ibiltzera bultzatzen, guztiz kontrakoa baizik. Horrela, bideojokoetan lehen aldiz murgiltzen denarentzako obra aproposa izan daiteke. Izan ere garatzaileak argi uzten du bere inspirazio iturri handienetako bat Nintendoren Animal Crossing dela.

Giro lasai eta atseginean murgilduta

Parkeko pertsonai askok egitekoak ezarriko dizkiote Claireri. Horiek betetzerakoan mota desberdinetako sariak jasoko ditugu: abenturan aurrera egiteko lumak batzuetan, elementu kosmetikoak beste batzuetan. Noizean behin objektu berriak ere eskuratuko ditu Clairek; arrantzan aritzea edota altxorrak aurkitzea abenturako beste gozamenetako batzuk dira.

Ikus-entzunezko atalari dagokionez PSXko joko baten aurrean gaudela dirudi, pertsonai pixelatu eta lausoekin. Girotze ederrak eta ingurugiro koloretsuak xarma izugarria dute, eta Mark Sparlingek konposatutako soinu banda ederra une bakoitzean egiten ari garenaren akonpainamendu aproposa izaten da.

Obra xumea izanik, A Short Hikek iraupen oso laburra dauka: jokoa ordu pare batean gainditzekoa da, eta aurkitu beharreko guztiak beste ordubetean ikusiko ditugu. Halere, Robinson-Yuk bete nahi duen guztia modu ezinhobean egiten du. Abentura sinple zein perfektua da, asmo handirik izan gabe une labur baterako jokalaria guztiz harrapatzea lortzen duena. Azkar esaten da, baina halako poztasun sentsazioarekin amaitzeak bere helburua bete duenaren seinalea da.

Edozein bidezidor aurkitzea plazer hutsa da A Short Hiken. Atseden hartu eta erlaxatzeko joko aproposa da abentura zoragarri hau; esploratzeari ekinda ordu batzuk liluratuta eman ditut Robinson-Yuren bideojokoarekin. Askotan ez da gehiago behar, baina jorratzen dituen atal guztiak modu bikainean egiten ditu, azkenaldian jokatu dudan jokorik atseginenetakoa eginez.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

182
Kide

2
Jolasten

42
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…