Hideki Kamiyak Wii Urako sortutako The Wonderful 101 kultuzko bideojokoa bihurtu da. Orain, superheroi japoniarren telesailetan oinarritutako obra berezi honek birmasterizazio baten bidez publiko zabalagoarengana hedatzeko bigarren aukera lortu du.

Bidejokoen zaleak diren 30 urtetik gorako askok eta askok ziuraski superheroien telesail japoniarrak ikusiko zituzten haurtzaroan. Gure telebistetan Ultraman, Bioman edota Turboranger bezalako telesailak emititu ziren. Euskaraz ere beraien txokoa eduki zuten Jetmanekin. Power Rangerrak dira adibiderik ezagunena, estatubatuarrek moldatutako produkzio erdi-japoniarra izan arren.

Azken hori Super Sentai telesailetik eratorria da. Hainbat denboraldi eta formatu desberdin izan dituen arren Super Sentaiek oinarri bera izaten dute: superheroi talde batek lurra suntsitu edo konkistatu nahi duten inbaditzaileen kontra egiten du. Heroi bakoitzak kolore eta arma propioak ditu, eta ohikoa da robot erraldoiak agertzea.

Oso ezaguna den testuinguru hori hartuta jaio zen The Wonderful 101. Bayonetta eta NieR Automatarengatik ospea lortu duten PlatinumGamesek garatuta, jatorrizko jokoa 2013an argitaratu zen Wii Urako. Ez zen Hideki Kamiya zuzendariak girotze hori hartuta sortutako lehen bideojokoa: Capcomekin batera egindako Viewtiful Joerekin superheroienganako maitasuna agerian utzi zuen Kamiyak.

“Birmasterizatuta”

The Wonderful 101ek prentsaren aldetik kritika onak jaso zituen bere garaian. Jokalariek, baina, Kamiyaren lana mirespenez hartu zuten; urteak igaro ahala Resident Evil 2 eta Devil May Cryren sortzailearen lanik onena dela hedatu da sareetatik. 2020aren hasieran Platinumek TW101eri bigarren aukera emango ziola iragarri zuen: The Wonderful 101 Remastered izenpean Kickstarter bat hasi zuen PC, PS4 eta Switch plataformetarako birmasterizazioa garatzeko.

Birmasterizazio bezala argitaratu dutela aipatuta, onena hortik hastea da. TW101 Remastered ez da birmasterizazio bat. Platinumek jokoa plataforma berrietara porteatu eta bereizmen handiko pantailentzako euskarria eman dio. Jokoak Wii Uko testurak, 3D modeloak eta efektuak mantentzen ditu, ez da ezer aldatu. PCan jokatuta, atal grafikoa aldatzeko aukera gutxi batzuk eskaintzen ditu: maila grafiko orokorra, V-Sync eta HDRa. Ez dago gehiago. Gainera, 1080p-ko bereizmenetik gora aritu nahi dutenek akats grafikoekin topo egingo dute. Portak arazo handirik eman gabe funtzionatzen du, baina argi dago birmasterizazio aldetik ezer gutxi egin dutela.

Atal hori alde batera utzita, The Wonderful 101 izugarrizko jokoa da. Birmasterizazio lanetan ez dute ahalegin handirik egin, baina argi dago jatorrizko jokoa sortzerakoan garatzaileek maitasun handiz egin zutela. Wonderfulek handik eta hemendik hartzen du bideojoko berezi eta berdingabea sortzeko.

Borroka konplexu eta zirraragarriak

Devil May Cry eta Bayonettaren pausoak jarraitzen dituen Hack&Slasha da The Wonderful 101; borrokek antzekotasun handiak dituzte eta horien zaleei ezagunak egingo zaizkien mugimenduak daude: Stinger, Swing, Aerial Juggling… H&Sen jarraitzaileek begiak itxita erabiliko dituzten teknikak dira. Baina borrokak urrunetik ikusitako perspektiba isometrikoa erabilita gauzatuko dira, zertzelada berezi bat emanda. Ikuspegi horretatik akziozko jokoaren protagonistak kontrolatuko dira: The Wonderful 100 taldea.

Testuaren hasieran aipatu bezalako superheroi taldea da. Taldeak heroi finkoak ditu, baina abenturan zehar aurkituko ditugun herritarrak taldera batzea da bideojokoaren ezaugarrietako bat, 100 superheroiko taldea osatu arte. Superheroiek batera erasoko dute sistema bitxi bat erabilita. Nintendoren Pikminekin gertatu modura, agintearen eskuineko stick-a erabilita heroiekin forma desberdinak “marraztu” behar dira. Heroi bakoitzak arma propioa du, eta formak irudikatuta horiek aktibatuko dira: biribil batekin Wonder-Reden ukabila aktibatuko da, lerro zuzen batekin Wonder-Blueren ezpata, Wonder-Greenen pistola L bat marraztuta…

Forma horiek uneoro marraztu beharko dira. Gero eta heroi gehiago izan, forma handiagoak irudikatu eta armen tamaina handituko da. Etsai mota gehienek ahultasunak dituzte arma zehatzen aurrean; ez hori bakarrik, askotan eraso bereziei aurre egiteko arma desberdin bat marraztea ezinbestekoa izango da. Adibidez, laserrak jaurtitzen dituzten arerioei ezpata erabilita kontraerasotzeko aukera dago.

Armak azkar aldatzen ikastea behar-beharrezkoa da hortaz. Hor hasten dira jokoaren zailtasunak: forma sinpleak marrazterakoan ez da arazorik egoten, baina ohikoa izango da adibidez mailua aktibatzeko piruleta irudikatzerakoan zailtasunak edukitzea. Halere esan beharra dago hasieran akatsak eginez nahi ez dituzun armak ateratzen ariko zaren arren, ohartu orduko formak arazo barik marraztuko dituzula. Une horretan The Wonderful 101 maila berri batera igaro, eta jokoarekin benetan gozatzen hasiko zara; zaila da, baina jokatzen ikasten duena saritu egiten du.

Etsaiei dagokienez, forma eta tamaina guztietako arerioren aurka egingo du Wonderful 100 taldeak. Etsai txikienak nahiko antzekoak diren arren, tamaina handienekoek era askotariko diseinuak dituzte. Horien gainetik final bossak daude, Platinumen lanaren altxorra. Misio bakoitzaren azken atalean tamaina erraldoia duten etsaien kontra egin beharko dute heroiek. Borroka horiek The Wonderful 101ren une gogoangarrienak dira, zalantzarik gabe. QTEak ere barra-barra daude; akzioaren kalterako izan gabe, botoiak zanpatzeko uneek borroken epikotasuna areagotzeko balioko dute.

Akzioak jokalariari asko eskatzen dio. Ohikoak dira hainbat arriskuri une berean aurre egin beharko zaien atalak, eta etengabe forma berriak marrazten eta erasoak saihesten ibili beharra dago. Defendatzeko bi baliabide daude: etsaiei kontraerasotzeko parryak eta saiheste normala. Parrya ondo erabilita etsaientzako hilgarria bada ere, ez da eraginkorra eraso guztien aurrean, eta beraz bi aukerak erabili behar dira.

Berriz jokatzeko aitzakiak emanik

Hack&Slashetan normala den bezala, heroiek mugimendu bereziak erosi eta hobetu ahalko dituzte. Misio bakoitza bukatzerakoan bisitatuko duten Wonder-Martean erosiko dira, bizitza edo energia berreskuratzeko objetuekin batera. Platinumen estiloa jarraituta, borroka eta atal bakoitza amaitzerakoan erakutsitako abileziaren araberako puntuazioa emango diote jokalariari, dendan erabiltzeko txanponekin batera. Berriz jokatzeko aitzakia bikaina da, eta ahalmen berriak desblokeatuta aurreko puntuazioak gainditzeko gogoa ematen du.

Borrokak dira ardatz nagusia, baina era guztietako egoerak biziko dira superheroien abenturan. Shoot ‘em up motako atalak, minijokoak, puzzleak, eta askoz gehiago. Askotariko sekretuak desblokeatu daitezke abenturan zehar: taldeko buruzagi bezala izendatu daitezkeen heroiak, horien 3D modeloak, misio sekretuak, istorioan sakontzeko dokumentuak… Sekretu batzuk aurkitzeko nahitaezkoa izango da ahalmen berriekin dagoeneko bukatutako misioetara itzultzea.

Birmasterizazioak Wii Uko bigarren pantaila erabiltzeko bidea aurkitu du. Bigarren pantaila lehenengoaren gainean azaltzen da botoi bati emanda, eta hor informazio gehigarria azalduko da. Une batzuetan hori erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta horietan bakarrik agertuko da. Beharrezkoa den konponbide sinplea den arren, ez da oso erosoa.

Atal grafikoa Wii Uko jatorrizko lanetik aldaketa handirik gabe dator; PlatinumGamesek lortutakoa nabarmentzekoa da, han-hemenka akats txikiak ikus daitezkeen arren. The Wonderful 101eko pertsonaiak chibi estiloan diseinatuta daude: txikitxoak eta buruhandiak. Jostailuak dirudite, eta gauza berbera gertatzen da bisitatuko dituzten kokalekuekin. Estiloa primeran batzen da superheroi japoniarren generoarekin, eta bideojokoak aparteko nortasuna izatea lortzen du. Soinu banda ere aipatu behar da, akzioan murgiltzeko abestiez osatuta baitago.

The Wonderful 101 Remastered birmasterizazio eskasa da, baina jokoak bere akatsak dituen arren Super Sentaien eta Hack&Slashen zaleek gozatu egingo duten altxorra da. Zorrotza eta epikoa, borrokek jokalariari asko eskatzen diote. Erantzuteko prest dagoenak lan paregabea aurkituko du; bideojoko berezia eta aparta da Platinumena, maitasunez egindakoa, dibertigarria, zaila eta gogoangarria.