Animal Crossing New Horizons, sagaren mugak gainditzeko egina

Maitane Junguitu | 2020/05/06 18:00 Analisiak



Jadanik hilabete eta erdi bat pasa da Nintendok Animal Crossing: New Horizons bideo-jokoa atera zuenetik. Etxean gelditu behar dugun bitartean, denbora dexente izan dugu jokuari aurre egiteko eta irla batean bizi garela sentitzeko.

Aurrekariei begira

Animal Crossing 2001. urtean aurkeztu zuen Nintendok Game Cube plataformarako eta baita ere laister bertan behera geratuko zen Nintendo 64rako. Lehenengo bideo-joko honetan planteatutako dinamikak urteetan zehar errepikatu dira gerora etorri diren lau jokuetan: Animal Crossing: Wild World (2005, NDS), Animal Crossing: City Folk (2008, Wii), Animal Crossing: New Leaf (2012 eta 2016, 3DS) eta esku artean daukagun Animal Crossing: New Horizons (2020, Switch). 

Bitartean, bestelako jokuak ere argitaratu ditu, esaterako, unibertso honetan oinarritutako etxe-diseinu eta mahai jokuak: Happy home designer (2015, 3DS), Amiibo Festival (2015, Wii U) eta Pocket Camp (2017, IOS eta Android).

2018ko irailean jakin genuen lehenengo aldiz bideo-joko berri honen inguruan. Momentu horretan 2019an aterako zela adierazi zuen Nintendok. Baina, 2019ko ekainean japoniar garatzailearen E3ko aurkezpenean adierazi zen 2020 martxorarte atzeratuko zela, denbora gehiago behar zutelako amaitzeko eta kalitatea hobetzeko. Eta horrela bada, 2020ko martxoaren 20an atera zuen Nintendok.

Joku dinamika

Idazten duen honek DS eta 3DSrako Wild World eta New Leaf jokatu zituen aspaldi (beno, egia esan New Leaf orain dela hilabete gutxi arte izan dut eskuan), beraz, konparaketa egiteko bidea dago, are eta gehiago kontuan izanda 3DSrako 2012ko jokua azkena izan zela.

Kasu horretan, herri berri batean hasten zen esperientzia, baina orain, hutsik dagoen irla bat kolonizatzea da helburu. Planteamendu hau oso egokia da gaur egun bizi dugun egoerako, etxetik atera ezinik gauden bitartean, irla batean gaudelaren plantak egiteko balio digu eta beste bideo-jokoak bezala, etxean ez gaudela sentitzeko edo behintzat errealitatetik ihes egiteko.

Eta irlara mugitzeko, (nola ez), Tom Nook mapatxeak negozio ederra hasi du: irlan bizitzearen truke honen kudeatzaile bihurtuko gara, hau garbitu, eraikinak sortu, bizilagunak erakarri eta batez ere, maileguak ordainduz.

Honek betiko dinamikarekin bat egiten du: dirua lortzeko arrainak eta intsektuak harrapatu behar ditugu gero hauek saltzeko. Ondoren, lortutako diruarekin maileguak edota objektu eta arropak erosi ahal ditugu gure irla eta gure itxura hobetzeko.

Betiko bideo-joko berdina bada, zerk egiten du erakargarri? Bi erantzun: aurreko jokoekin dituen desberdintasun txikiak eta inoiz-bukatzen ez den bideo-jokoa dela.

Berrikuntzak eta gaurkotzeak

Hasteko, berrikuntza nagusia kontsola da: Nintendo Switch. Aurreko jokua pantaila txikiko gailuan jolasteko zabaldu zen (ND3), eta orain, berriro ere, kontsola potente batean jokatzeko aukera dugu. Hori, batez ere, grafikoetan nabarmendu da. Animal Crossing pelutxe moduko unibertso bat izaten jarraitzen du, baina pelutxe horiek inoiz baino errealistagoak dira. Beharbada pertsonai nagusiak ez, baina bildu ditzakegun objektuen testurizazioa oso errealista da.

Jokoaren jolasteko aukeren berrikuntza nabarmenena terraformazioa da (ingeleraz terraforming). Honen bitartez gure irlaren itxura aldatzeko aukera dugu (lurra, ibaiak...), bideo-jokoaren atrakzio handienetarikoa bihurtuz. Hau sagaren berrikuntza handiena da, aurretik ez zegoelako gure ingurua aldatzeko aukera (soilik apaintzea eta landareak kokatzea). Honek, gehitu diren ehundaka objektu berriekin batera, imaginazioari bidea ireki dio, irla diseinu orotariko eta konplikatu asko sortuz. Besteak beste, beldurrezko pelikula bateko ingurua sortu dezakegu, kawaii irla osatu edo zerbait zehatzagoa, esaterako, Disneyland atrakzio parkea edota Pokemon borroka arena baten errekreazioak aurkitu ditzakegu.

Aurreko jokuetan jadanik objektu asko zeuden gure etxea apaintzeko, baina orain, apainketa hori mapa osoan garatu daiteke. Objektu hauek kaleko lore eta zuhaitzei gehitzen zaizkie. Gainera, apainketa prozesua garrantzitsua da terraformazio aukera eskuratzeko.

Beste berrikuntza nagusia do it yourself (DIY) errezetak dira. Minecraft bezalako jokuetan bezala, Animal Crossing berrian objektuak eraiki ahal ditugu, eta horretarako, materialak bildu behar ditugu, bai gure irlan, bai bisatuko ditugun beste irletan. Errezeta batzuk erosi ahal ditugu, baina gehienak zoriz lortuko ditugu, hau da, denbora asko beharko dugu guzti-guztiak lortzeko.

Objektuak, lurzoruak, arropak… pertsonalizatzeko diseinuen sistema hobetu egin da aurreko jokuarekin alderatuz. Orain aukerak asko gehiago dira, eta hauek online konpartitzeko aukera dugu ere. Irlaren diseinuak bezala, arropen diseinuak ere orotarikoak dira, cosplay-a egiteko bidea irekiz.

Horretaz gain bestelako berrikuntzak daude. Hasteko hemisferioa hautatu dezakegu urtaroak gure kokapenekoekin bat egiteko. Honek pikareska ekarri du, izan ere, oraintxe bertan jende askok hego hemisferioan jolasteari ekin dio, antza denez bertan agertzen diren arrain eta intsektuak interesgarriagoak direlako.

Eta pikareskarekin jarraituz, askok ere Nintendo Switch-aren ordua eta eguna aldatu dute, denbora epe konkretuetan lortzen diren lorpenak aurreratzeko. Hori, data mining-arekin batera, modu legalean jokatzen dugunoi informazioa aurreratzea dakar, esaterako, jokuak eskaintzen dituen gaurkotzeak ebentuak, pertsonaiak … aurreikusiz.

Aipatu beharrekoa da ere, jokua atera eta hilabete bat ostean, apirilak 22an, Nintendok jadanik egin zuela lehenengo gaurkotze handia. Bertan, esaterako, pertsonaia bisitari berriak gehitu zituen, hala nola, arte bilduma berria, New Leaf-en eskuragarri zegoena eta New Horizons-en hasieran falta somatu genuena. Ikusi beharko dugu ia hurrengo gaurkotzeak nola kudeatzen dituen Nintendok eta ia gai ote izango den jokua fresko mantentzeko hilabeteak pasata.

 

Inoiz bukatzen ez den bideo-jokoa

Aurreko Animal Crossing-ekin gertatzen den moduan, hau ere inoiz bukatzen ez den bideo-jokoa dugu. Ez dugu inoiz jasoko “The End” titulurik —baina kredituak, noski, ikusiko ditugu— eta jolasten eta jolasten jarraitu dezakegu aspertu arte. Gainera, aipatutako apainketa prozesuari esker diseinuak eta estiloak behin eta berriro aldatu ditzakegu.

Horretaz gain, aurreko jokuetan bezala, hainbat helburu edo eginbehar ditugu. Hasteko, animali bildumak osatu behar ditugu (pokedex moduko bat intsektu eta arrainekin) eta museoan artelan eta fosil mota bana eman behar ditugu. Hipotekak ordaintzea ere bukatu egingo dugu noizbaiten eta, nahi izanez gero, gure irlak rankinean bost izar izatearen ahalegina egin dezakegu —bukaerako kredituak hirugarren izarra lortzean agertzen dira, terraformazioa lortzearekin batera—.

Esan bezala, katalogoko objektu kopurua asko handitu da eta ia ezinezkoa izango da bakoitzaren ale bana lortzea aukerako kolore guztietan (kontuz, ez naiz ari pertsonalizatu ahal diren altzarietaz).

Bukatzeko, ez dugu ahaztu behar joku honekin sortu den online komunitatea. Dodo-kodeen bitartez, Nintendoren sistemak lagunak izan gabe beste irlak bisitatzeko aukera ematen du. Asko dira bere kodeak sare sozialetan hedatzen ari direnak, batez ere, Tendo eta Nendok beraien dendan naboak garesti erosten dituztenean —kapitalismoaren oinarriak bideo-jokalariari irakatsiz—.

Mugak gainditzen dituen jokua

Zalantzarik gabe, Animal Crossing New Horizons-ek saga honek ezarritako mugak gainditzera etorri da. Hau, apaintzeko eta sortzeko eskaintzen dituen aukeren bidez azpimarratzen da, batez ere, irla aldatzeko terraformazioaren bitartez.

Hala ere, Nintendok erronka handia dauka bere aurrean jokuaren freskotasuna mantentzeko. Izan ere, apirilak 22ko gaurkotzea oso handia izan zen, eta hemendik aurrera horrelakoak gauzatu ahal izango dituen zalantzak dauzkagu.

Edonola ere, Animal Crossing sagaren maitaleek saga oraindik eta gehiago maitatzeko jokoa dugu New Horizons. Ezer gutxi gertatzen den bideo-jokoa da, oso lasaia, baina asko harrapatzen zaituena.  Ez da borroka eta konpetibitate bideo-jokoa eta hori eskertzekoa da, bai haurrentzat, bai helduentzat.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

181
Kide

5
Jolasten

40
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…