Aramuaren itzulera - Marvel’s Spider-Man

Lander Unzueta | 2020/04/25 18:00 Analisiak



Peter Parkerren itzulera ikaragarria egiteaz arduratu dira Insomniac Gamesekoak. Heroi araknidoa indar biziz etorri da Playstation 4ra.

Azken hamarkadan komikietako superheroien populartasunak gora egin du; hori filmetan ikusi da batez ere, baina bideojokoentzako txokoa era bilatu dute. Hala izan arren, agian superheroirik ospetsuena izango denak ez du bere bideojoko propioa eduki belaunaldi honetan. Marvelek eta Sonyk hori aldatu nahi izan dute Marvel’s Spider-Manekin.

Superheroi araknidoak daukan ospe hori dela-eta, bere hastapenak behin eta berriz ikusi ditugu komiki, telesail, film edota bideojokoetan. Berriz errepikatzea ekiditeko asmoarekin Marvel’s Spider-Manek abiapuntu ezaguna, baina desberdina eskaintzen digu: abentura hasterakoan Peter Parkerrek zortzi urte damaratza Spider-Man izaten.

 

Superheroiaren ibilbidea ondo ezagutzen duelarik, Spider-Manek bere ahalmenak modu ikusgarrian erabiltzen ikasita du dagoeneko. Ez hori bakarrik, zortzi urte luzez hainbat arriskuri aurre egin ondoren New York erasotzen duten superbilauen aurka ere egina du Parkerrek: Shocker, Electro eta Rhino, besteak beste. Modu horretara dinamika freskoa eman zaio bideojokoari, dagoeneko guztiok ezagutzen dugun Spider-Manen hastapen horretara mugatu beharrean. Bideojokoak aurkeztutako istorioak erritmo bikaina dauka eta aramu gizonaren abenturen zaleentzako interesgarria izango da.

Manhattan, amaraunen eskura

Narrazioak misio nagusiak egiten ditugula egingo du aurrera. Horiek mundu irekiko eskema jarraitzen dute: Manhattan irlaren eskala txikiagoko kopia bat izango dugu esploratzeko. Leku ezagunenak hor daude, baita Marvelen unibertsoko hainbat eraikin ere. Irlatik mugitzeko, nola ez, Spider-Manen amaraunetaz baliatuko gara. Alor horretan bereizten da bideojokoa; eraikinetatik ziztu bizian zintzilikatuz gozatu egingo duzu. Insomniac Gamesek lan bikaina egin du jokalaria Spider-Man bezala sentiarazteko unean.

Hiritik zintzilikatzea oso dibertigarria da, baina mugikortasunari dagokionez ez da gure heroiak izango duen tresna bakarra izango. Agintearen kolpekariak zanpatuta apuntatzen dugun leku zehatz batera zuzenean jo ahalko dugu, eta Xrekin bultzada txiki bat lortuko dugu, norabidez azkar aldatzeko egokia. Oinarrizko aukera horiekin lortutako jostagarritasuna itzela da, eta dudarik gabe jokoak eskaintzen duen atalik onena.

Atal grafikoa dugu horri laguntzeko. Spider-Manen trajea eta animazioak edo New York bera bisualki zoragarriak dira: xehetasunez betetako Manhattanetik bueltaka aritzea ikusmenarentzat zoragarria da. Parkerren motxila zaharrak berreskuratzen eta maparen zonaldeak aktibatzen orduak emango dituzu. Bideojokoak bidaia azkarrak egiteko aukera ematen duen arren behin bakarrik baliatu naiz horretaz, zintzilikatzea erakargarriagoa baita.

Akrobaziak eta kolpeak

Mugikortasuna aipatuta, gameplaya osatzen duten beste bi atal nagusiak nabarmendu behar dira: borrokak eta ezkutuan aritzeko atalak. Une horietan Marvel’s Spider-Manek superheroien beste bideojoko saga batekin alderatzea saihestezina da: Rocksteady Studiosen Batman Arkham sagarekin, hain zuzen ere.

Etsaiak dauden leku batera heltzerakoan ohikoena horiek isilpean akatzen hastea izango da. Leku altuetatik aramu sareak erabilita nokeatzea, atzean jarrita kolpe bat emanda, edo lana errazteko Spider-Manek sortutako tresnak erabilita. Halere gure aukerak beti antzeko samarrak izango dira, eta isilpeko sekzio gutxi batzuk eginda ahalik eta azkarren bukatu nahiko ditugu.

Etsaiek harrapatuz gero arazorik gabe borrokan hasi ahal izateak ez dio askorik laguntzen ezkutuan aritzeari. Izan ere, borrokatzeko uneak askoz ere entretenigarriagoak dira. Batmanekin gertatu modura, kolpeen konbinazioekin batera kontraerasotzeko botoia dugu; Spider-Manek erasoa bueltatu beharrean, baina, saihesteko erabiliko da.

Aramu gizonaren borrokak askoz ere azkarragoak eta akrobaziaz betetakoak dira, baina erritmoa apurtzen duten akatsak ere badituzte. Etsaiei erasotzeko tresnak erabiltzea gozagarria den arren, horien artean aldatu nahi dugunean menu erradial baten bidez aukeratu beharko ditugu, borrokak behin eta berriz etenda, une laburretan bada ere. Superheroiaren arerioak oso errepikakorrak dira gainera, eta laister batean gogaituko zara etsai berdinekin borrokatzeaz.

Spider-Man protagonista den arren, beste pertsonai batzuk ere kontrolatuko ditugu abenturan zehar: Mary Jane Watson, esaterako. Superheroi maskara jantzi gabe emango ditugun une horietan isilpean aritu beharko gara, eremu oso mugatuetan aurrera eginez. Atal laburrak diren arren, abentura nagusian askotan errepikatuko dira eta horiek amaitzeko irrikitan egongo zara. Gauza bera gertatzen da puzzleekin: asko hautazkoak dira, baina une batzuetan jokoaren erritmoa guztiz apurtzen duten puzzleak egitea tokatuko zaizu. Hala ere, garatzaileek horiek saihesteko aukera eman dute; jokoari gutxi gehitzen dioten seinale.

Atal trakets gutxi batzuk ditu, baina Marvel's Spider-Man heroi araknidoak inoiz izan duen bideojokorik borobilena da. Peter Parkerrekin Manhattan zeharkatzea zoragarria da, eta abenturak aurkeztutako istorioa interes handiarekin jarraitzekoa da. Playstation 4aren potentzia muturreraino eramatzea lortzen du; superheroiaren zale handienek zein Marvelen komiki bat eskuetan inoiz izan ez dutenek gozatuko duten bideojokoa da Spider-Man.

 

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

177
Kide

3
Jolasten

35
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…