Ezagutzen nauzuenok dakizuen bezala, ARK Survival Evolveden zale amorratua naiz. Ordu ugari eman ditut jolasean (1034 zehatz esateko), eta kontatu ez ditudan arren, ziur beste horrenbeste pasa ditudala jokoaren Wikia irakurri, eta aztertzen. Agian esajeratzen ari naiz, bai... baina zin egiten dizuet ez direla gutxi izan. Jokoan teklatua eta xaguarekin abila izatea garrantzitsua da, baina, nire ustez, are gehiago da ARKen mundua eta dinosauroak ezagutzea.

ARKen komunitate bikainari esker ezagutza guzti hori wikian dago bilduta, eta bertan dena oso ondo azalduta badago ere, nire hitzekin eta euskaraz kontatu nahi dizuet nolakoa den jokoko nire mapa gustukoena: The Center.

 

 

The Center 2017ko otsailean argitaratu zen jokoko mapa gehigarria da. Egia esan, istorio polita dauka atzean: EvilMrFrank moderrak sortu zuen, eta ARKeko garatzaileek, maparen kalitatea ikusita, lanerako kontratatu, eta mapa doako DLC ofizial bezala argitaratu zuten. Wildcard estudioa aspalditik da ezaguna mod garatzaileekin duen harreman onagatik.

Mapa berri hau oinarrizko The Island mapatik nahiko desberdina da: irla ugariz osatutako mapa da, eta erdialdean irla erraldoi bat dauka airean hegan. Ur jauzi, mendi eta koba ikusgarriak dituelako da berezia mapa hau.

Ezaugarri garrantzitsu bat irlek klima eta ezaugarri desberdinak dituztela da. Ondorengo hauek dira bioma esanguratsuenak:

  • Elurretako bioman dauden mamutak eta otsoak jokoan aurreratzeko oso baliagarriak izaten dira

Elur Bioma

 

  • Labazko bioma da biomarik arriskutsuena. Labazko errekak, eta jokoko dinasauro oldarkorrenak daude bertan: “raptorrak”, “carnotauroak”, “T-rexak“. Gainera, hirurak oinarrizkoak zein alfak izan daitezke. Azkenik, habitat honetan bakarrik agertzen den “giganotosaurus” beldurgarria dago (hau mapa honetan bakarrik gertatzen da, besteetan mapako edozein lekutan ager daiteke).

Labazko Bioma

 

  • Izotzezko bioman, polimero organikoa lortzeko hain beharrezkoak diren pinguinoak aurkituko ditugu.

 

  • Red-wood basoa izeneko bioma, izugarri altuak diren zuhaitzez beteta, arrantza zaleek arrantzatzeko zuhaitz izerdia lortzeko leku bikaina da.

 

  • Zingiraren bioma ur jauzien inguru osoan dago, eta jokoko dinosauro gogaikarrienez beteta dago (pirañak, kokodriloak, odola xurgatzen duten animaliatxoak, sorgin-orratzak eta suge erraldoiak), nahiz eta erabilgarriak diren batzuk dauden (jirafak eta zapoak).

 

Gainera, mapa honek zailtasuna handituta du, eta hori dela eta mapan zehar aurkitu ditzakezun dinosauroen maila altuagoa da (gehienez ere 150 mailakoak). Zailtasuna handiagoa izateagatik, dropak, hau da, zerutik jaisten diren altxorrak, ere hobeak dira.

Kobei dagokienez, koba liluragarri ugari daude mapan zehar (lagunekin egitea iradokitzen dizuet hauen zailtasunagatik eta esperientzia dibertigarriagoa izateagatik). Momentu ahaztezin asko igarotzeko bikainak dira.

Amaitzeko, mapa honi aukera bat ematera gonbidatu nahi zaituztet. Oinarrizko mapa gustatu arren, abenturazalea bazara, merezi du probatzeak, asko aldatzen da jokatzeko modua.