Gora-beheraz jositako egon da Batman Arkham sagako azken jokoa. Hainbat arrazoi direla eta, inoiz ikusitako PC bertsio kaxkarrenetakoa izan da Rocksteadyren trilogiako azken jolasa, eta jokoari kasu gehigi egin diozuenontzat kronologia txiki bat idatzi nahi izan dut… Bukaeran irakaspen erabilgarri bat duelakoan.
Tira-birak Arkham Knight argitaratu baino 24 ordu lehenago hasi ziren, jokoa erabili ahal izateko gutxieneko betekizunak aldatu zirenean. Jokoa ia gure eskuartean zegoela… Batzuk euren AMD txartelak nahikoa ez zirela ikusi zuten azken momentuan, 2 GBeko memoria grafikotik, minimoa 3 GBra igo zutelarik bat-batean. Berez urteak zeramatzaten jokoarekin lanean… Nolatan azken orduko aldaketa hau?
Heldu zen egun handia, jokoaren kaleratzea, urteak zain pasa eta gero. Jokoa abian jarri eta… 30 frame segunduko blokeoa! Ez dakizuenontzat, frame per second (edo laburrean, fps), segunduro erakusten den irudi kopurua da. Azkenaldian kontsoletara heltzen ari badira ere, PCko jokoen ezaugarri garrantzitsua izan da beti 60 irudi segunduko tasa eduki ahal izatea, irudiak ahal bezain arinak izan zitezen. Baina kasu honetan, kontsoletako bertsioaren port kutre bat zela agerian utziz, ezinezkoa zen, NASAren ordenagailu bat edukita ere, segunduko 30 irudietatik gora egitea. Gainera, NVidiak bere teknologiak (euri hobetua, eta abar) erakusteko kaleraturiko bideoa gogoratu genuen… 60 fps-tara zegoen grabatuta! Nola otuko zitzaigun gero mugatuko zutela?
Txarrena ez zen hau, noski, jokoa bug eta akatsez beterik baitzegoen: ondo kargatzen ez ziren testurak, jokoa bat-batean ixtea eragiten zuten erroreak, Batmobilarekin arazo larriak… Hau guztia dela eta, lehen egunean bertan jokoaren eguneraketa bat jaso genuen, baina emaitzak tamalgarriak ziren, hala ere. Hau ikusita, jokoaren salmenta bertan behera uztea erabaki zuten Warner Broseko lagunek. Eta Steam-en ezin izan da jokoa erosi lau hilabetez.
Denbora tarte luze horretan, hainbat informazio lortu dugu. Lehenik, PCko bertsioa egin zuen taldearen izena: Iron Galaxy. 12 laguneko talde honek egin zuen joko erraldoiaren PCko bertsioa, talde oso txikia dena halako ataza batentzat, zalantzarik gabe. Gainera, bizpahiru hilabete besterik ez zituzten behar izan! Halako emaitzak ulergarriak dira oso hain garapen denbora gutxirekin. Nori otu ote zitzaion kostuak honela jaistea!?
Geroago iritsi zen informazio polemikoena, nolabait esateko. Warner Brosek Arkham Knighten PCko bertsioaren egoera tamalgarriaren berri bazuen jokoa kaleratu aurretik. Eta hori jakinda ere, ez zuten kaleratzea atzeratu edo talde handiago bat kontratatu, ez. Jokoa berdin-berdin kaleratu zuten, lotsagabe horiek.
Irail hasieran heldu zen lehen eguneraketa potoloa, hainbat akats konpondu zituena eta fps muga ezabatu zuena. Jokoa asko hobetu zen, ez zen hain ohikoa aplikazioa bat-batean ixtea eta bug asko desagertu ziren. Oraindik ez zen beste munduko ezer, ordea, eta urrian beste eguneraketa handi bat kaleratu zuten. Aktualizazio honekin batera jarri zen berriro ere salgai Batmanen azken abentura.
Jende gehienak oraindik ez du oso errendimendu ona jasotzen, zoritxarrez. Jokalari gehienak oraindik ez daude oso pozik eta Warnerrek esan du “konpon ditzaketen arazoak konponduko dituztela, eta soluziorik ez duten erroreen berri emango dutela”.
Barkamena eskatu nahian, Warnerrek kapadun heroiaren azken jokoa erosi duten guztiei Arkham Library oparituko die, hau da, orain arte kaleratu diren beste Arkham joko guztien bilduma (Asylum, City, Origins eta Blackgate). Badirudi hau ideia ona dela, baina… Jokoa bi jende multzok erosi dute: aurre-erosketa egin zutenek eta jokoa salmentatik kendu aurretik, hau da, lehen bi egunetan erosi zutenek. Multzo honetako jendearen gehiengoa sagako zaleak izateko probabilitatea oso handia da, eta horiek dagoeneko badituzte aurreko jokoak. Hortaz, zaleak alaitzeko opariak… ez du balio handirik zaleontzat!
Orain aurre-erosketa aipatzen dugula… Jokoaren aurre-erosketa egiteko aukera jarri zutenean, Harley Quinn Story Pack delakoa oparituko zutela zioten. Hala, jende askok (baita nik ere), dirutza ordaindu genuen aste batzuk pasa arte ikutuko ez genuen joko batengatik. Duela gutxi jolastu dut DLC hori lehen aldiz, eta nahiz eta berez oso ona den (animazioak bereziki bikainak dira), 15 minutuko iraupena duen atala da, eta bizpahiru eurogatik eros daiteke orain. Hau da, aurre-erosketa egin genuenok ez dugu eduki askorik jaso, baina hilabetetan pairatu ditugu joko tamalgarri honen gora-beherak.
Eta zoritxarrez, hau da gehienetan gertatzen dena! Eskaintzen duten eduki gehigarria ez da beste munduko ezer izaten, eta jokoaren tira-bira oro sufritu behar izaten da aurre-erosketa eginez gero. Jasotzen dugun informazio bakarra kontu handiz eginiko marketinerako materiala da, sarri ez baitituzte prentsarako kopiak ematen, ohartu gabe erosten ditugu joko txarrak batzuetan! Zergatik hartzen dugu parte beraz praktika gorrotagarri honetan? Marketinak itsututa, saritxoekin engainatuta edota gehiegizko konfidantza medio, argi dago funtzionatzen duen estrategia dela enpresa erraldoien aldetik.
Ez aurre-erosi bideojokorik, lagunok; Batman Arkham Knight-ek gogorarazi dit zergatik neramatzan urteak halakorik egin gabe. Bada honi uko egiteko garaia eta jokoak itsu-itsuan erosteko ohitura galtzeko garaia. Heldu da enpresa erraldoiei erabiltzaileen aurkako praktika hauez nazkaturik gaudela jakinarazteko garaia. Jokoak maite ditugulako gure dirua xurgatu nahian dabiltzanei euren planak zilegi ez direla leporatzeko unea da.
Iruzkinak (1)
Xabier Calvo Nov. 5, 2015, 11:33 p.m.
Aupa Xabi, errepaso ona! Arrazoia ematen dizut. gaur egun ez dut uste aurre erosketa egitea merezi duenik. Internetdun garai hauetan jokabide normala ari bihurtzen bidejokoak ongi amaitu gabe ateratzea, beti baitago aukera partxe atera, deskargatu eta jokoa eguneratzeko. Arrazoi honegatik ez dut aurre erosketa gomendatzen, jokoa ondo dabilela ziurtatu arte. Nostalgia puntu batekin diot, baina hau lehen ez zen gertatzen. Internet errege ez zen garaietan, bideojokoa ateratzen zutenean, ondo amaituta eta ahalik eta bug gutxienekin egiten zuten, ondoren ez baitzegoen hau eguneratzeko biderik. Orduan seriotasun gehiagorekin hartzen zuten kontu hau....