Athletic Club eta Eibar izango dira FIFA20 Euskal Ligaren finalean

Erredakzioa | 2020/04/11 20:17 Txapelketak



 

FIFA20 Euskal Liga bukatzear dago eta igande honetan jakingo dugu nor den irabazlea. Athletic Clubek eta Eibarrek jokatuko dute finala eta talde horien atzean Malkortz eta Ibarrainkua bideojokalariak egongo dira. Bihar, apirilak 12 igandean, Aberri egunarekin bat eginez Euskal Ligako txapelduna ezagutuko dugu.

Bi finalisten ibilbidea Euskal Ligan zehar desberdina izan da. Athletic Clubeko ordezkariak, Realekoak bezala, Eibarrekoak baino norgehiagoka gehiago irabazi behar izan ditu finalera iristeko. Izan ere, bideojokalari gehiagok izena eman zuten zurigorri eta zuriurdinekin jolasteko, gainontzeko hiru taldeekin alderatuz.

Athletic Club 5 - 0 Reala

Bizkaitar eta gipuzkoarren arteko finalerdian irabazle argi bat egon zen; Athleticek 5-0 irabazi zuen atsedenaren ostean Realeko ordezkaria erretiratu ondoren. Partiduan zehar zurigorriek presio handiarekin jolastu zuten. Donostiarrek hainbat gol aukera izan zituzten, baina beraien aurrean zuten defentsa indartsuegia zen. Horrela bada, Aduriz, Muniain eta Williams izan ziren Athleticen golen egileak.

Eibar 5-2 Osasuna

Bigarren finalerdia oso berdindua hasi zen. Lehenengo minutuetan eibartarrek beraien hasierako gola sartu zuten eta nafarren erantzuna laister iritsi zen (1-1). Atsedenaldiaren ostean Eibar gailentzen hasi zen. Enrich, Charles Dias de Oliveirak eta Inuiek gola sartu zuten (4-1). Osasunak kikildu beharrean gol batekin azkar erantzun zuen, baina jadanik berandu zen partiduko dinamika aldatzeko. 90. minutuan Eibarrek azken gol bat gehitu eta partidua 5-2 amaitu zen.

 

 

Finala Hamaika Telebistan

Aberri egunarekin bat eginez Euskal Ligako finala jolastuko dute Athletic Clubek eta Eibarrek, euskal kirolari eta euskal selekzioak aldarrikatuz. Norgehiagoka Hamaika Telebistatik zuzenean jarraitu ahal izango da horretarako bereziki prestatutako programa batean.

Lauretan hasiko den programa horretan, finala baino lehen, norgehiagoka hori jokatuko ez duten jokalariak, Ostozumaia eta Beñatek, lagunarteko partidu batean elkartuko dira berriro. Hain zuzen ere, 2019ko emakumezko FIFA mundu kopako partidua errepikatuko dute, Ameriketako Estatu Batuak Herbeheren aurka. Hau izango da emakumezko kirola babesteko Game Erauntsiak eta Gu ere Baik egingo dugun ekarpena, izan ere, FIFA20 bideo-jokoak ez du emakumezko taldeekin jolasteko aukera ematen, selekzio nazionalak salbu.

Horrela bada, Hamaika Telebistak prestatuko duen programa berezia 16:00tan hasiko da emakumezko norgehiagokarekin. Ondoren, bertso derbia izango da Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Bartra bertsotan arituko direlarik. Amaitzeko, FIFA20 Euskal Ligaren finala jokatuko da. Programa berezi honetan Beñat Zarrabeitia eta Ane Urkiri kazetariak izango dira aurkezleak. 

FIFA20 Euskal Ligaren txapelduna eta txapeldunordeak hainbat sari jasoko dituzte. Irabazleak Euskal selekzioaren mendeurreneko kamiseta eskuratuko du. Bestetik, BERRIA egunkariak urte beteko harpidetza bana oparituko ditu txapeldun eta txapeldunordeari eta NAIZ.EUS eta GARA egunkariak ere sari bat eskeiniko dute. Gainera, ligaxka jolastu duten bost bideojokalariek Gu ere bai! ekimenaren eskutik euskal selekzioen aldeko kamiseta bana jasoko dute.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

177
Kide

0
Jolasten

7
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…