[AURRERAPENA] Resident Evil 2

Aitor Aretxaga | 2019/01/24 22:12 Analisiak



Harako 1998an argitaratu zuten Resident Evil 2 PlayStation plataforman. Aurreneko aleak ere hautsak arrotu zituen bidejokoetan orduraino ikusi gabeko mekanikak eta bizipenak eskainiz: zombiei aurre egin behar izatea agian ez zen hainbesterainoko iraultza izan, bai, ordea, guztiei aurre egiteko beste bala ez edukitzea. Ondo neurtutako gabezia horrek jokalariak sufrikario galanta pairatzea zekarren. Mapan zehar egin beharreko ibilbideak mehatxu etengabean egin behar ziren, arerio guztiei zerekin aurre eginik izan gabe, alegia. Gainera hala ibili behar: aurrera egiteko gainditu beharreko puzzleen piezak sakabanatuta baitzeuden. Hala, munizio gutxirekin eta alde batetik bestera korrika ibiltzea beste aukerarik eskaintzen ez zuten bideojoko hauek zirrara sortu zuten, eta ordura arte beste ezeinek ez bezain beste ekarri beldurrezko pelikula bizitzeko aldartea. Bada, survival generoaren sorrera Capcom etxeari zor zaio hein handi batean.

 

Birfrijituen moda

Entretenimenduaren munduan ideiak lehortzen hasi dira. Orain zabal dira berregiteak, berrasmatzeak, eta azken batean, titulu arrakastatsuen berrerabilpenak. Industriaren lelo berria dira grafikoak pixka bat eguneratzea, pantaila berrietan txukunago ikusteko 16:9 formatura egokitzea eta birmerkaturatzea. Ikus-entzunezkoen munduan izena du horrek: birfrijitua egitea, hain zuzen ere.

 

Ez da honako hau kasua. Aurrekoan jolastu zuenak leku eta egoera asko ezagutuko ditu; nostalgiak jota gozatuko, beste behin ere. Baina derrigorrezko itxura eguneratzetik harago pasarteak eta erronkak aldatu dira, eta baita ere, jokatzeko era. Resident Evil 2 baino bertan oinarritutako bideojoko berria da hau. Aurrekoa ezagutu zutenek sorpresak hartuko dituzte, eta, nornahik ere, beldurra, ezinegona eta tentsioa... etenik gabe. 

30 minututan jolasteko demoa

Iragarki komertzial bezala ideia ona da erabiltzaileari bideojokoa erosi orduko probatzeko aukera ematea. Horretarako dira izan ere demoak (demostrazioak). Duela astebete kaleratu zuten “One Shot” izenekoa, eta bertan, 30 minutuko atzera kontagailua du jokalariak komisaldegiko pasarteei aurre egiteko. Kamera finkoak alde batera laga eta bertsio berrian hirugarren pertsonako ikuspuntuak hartu du haren lekua. Horrela, apuntatzeko edo tiro egiteko, sorbalda gainetik ikusten da ekintza. Kontrola ere azkenengo Resident Evilen erakoa da, eta beraz, aurretik jolastu duenak bidea eginda du, eroso ekiten zaio.

 

Hasi eta batera komisaldegiko harrera-lekura iritsi eta gauza guztiak bertan daudela ikusten da: bideo-kameraren pantaila, bala-kutxa, idazteko makina, objektuen kutxa... eta hildako oinezkoa atzetik duen poliziaren laguntza eskeko agerraldia. Dagoeneko ez da harritzekoa tankerako tituluetan eskaintzan den kalitate grafikoa, eta hau ere ez da labur geratu alderdi honetan: tximisten argi efektuak, linternaren argi-ilunak, itzalak jatorrizko fokuaren mugimenduan, aireko partikulak, odolaren itxura... bizi-biziak dira.

Zombiekin topo egitea ere sekula baino gordinagoa da. Hain hurbiletik eta xehetasunez ikusten dira ezen hortzetako odola azaleko zuritasuna eta haragi zati batek eutsitako lepo hautsia bereiztu daitezkeela. Orain gainera ateak eta irekitzen dituztenez, ez dago salbu egoteko izkinarik.

Aurreneko topaketa ere horrela gertatzen da, gela txiki batean ateari bizkarra emanez egoterakoan bandaren zarata eta arnaskera eta ulu klasikoak jarraituta buelta eman behar denean erasotzailearengandik defendatzeko. Gainera istorioaren hasiera izaki pentsa daiteke tiro pare batekin harenak egingo duela. Inozoa zu. Buruan eman guztiak; eta gainera, bost gutxienez; bestela, geratu gabe, pausatuta baina etenik gabe gainera datorkizu. Eta lepotik egiten dute koska, hor ere, aurreneko planoko sekuentzia ikusgarri batean ikusi ahal denez. Txoko madarikatutik ihes irten eta kanpoan ere korridorean hildako andana agertu da, eta lehen saihesten errazak ziren zombieak orain laster kolpe egiten dute aldamenetik korrika pasa nahian doana… kokotean igurtzia, berriz ere. Laster batean dago bihotz-taupaden entzefalograma larri gorrian. Gutxienez txartela eskuratu eta itxitako beste hegal batera joateko balio izan du ahaleginak. Hurrengo topaketara arte…

 

Tarte horretan ez da ageri halakorik, baina itxura denez, Resident Evil 3 eta azkenengo BioHazarden kasuan gertatu bezala, menderakaitza den izaki nekagarri faltarik ez da izango hemen ere. Hori ere berrikuntza da, jatorrizkoan atseden lekuak, eta partida gordetzeko bake guneak izaten baitziren. Ba ahaztu. Arestian aipatu tituluetako Baker aitona edo Nemesisaren tankerako kankailu gupidagabea izango du jokalariak atzetik (Tyrant izena jaso du berri honek). Mehatxu larria da bakarrik ere, baina antza denez, toki bakoitzeko arerioak zeintzuk eta zenbat diren neurtu gabe agertuko omen da gutxien espero denean.

Esanak esan, demoa zinez labur egiten da, eta, zirraragarria gertatzen da esperientzia. Eta aurrekoa baino erronka handiagoa izango dela dirudi beldurrarekin izan beharreko hitzordu berri honek.

Hotzikarak bizkarrean behera etorriko dira Tyranten pauso hotsak noraezik entzuten direnean, bihar, urtarrilaren 25etik aurrera, Resident Evil 2 berrasmatuarekin PlayStation 4, XBOX One eta PC plataformetan.     

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak (1)

Iker Ibarguren Jan. 25, 2019, 9:08 a.m.

demoa probatu nuen aurrekoan eta urteetan atzera egin nuen... lehen aldiz joko hau bera jokatu nuen unera... a zer ohiuak!! ;)))))))

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

166
Kide

1
Jolasten

25
Online

Azken erantzunak

Urdinberde Feb. 10, 2019, 7:47 p.m.

eta astirik baduzue hyrule warriors, tingles rupee land, tingles baloon trip of love, links crossbow training eta navi trckers. Eta batenbat ahaztu…
Zeldaren kondaira euskaratu dugu

Urdinberde Feb. 10, 2019, 7:41 p.m.

oso ona, orain itzuli zelda 2: links advesnture, zelda a link to the past, zelda link awekenin, zelda orocle ages eta season, zelda: ocarina of time,…
Zeldaren kondaira euskaratu dugu

Igor Okina Feb. 3, 2019, 2:58 p.m.

Estrategia zale bezala, esan biharra daukat zerrenda horretako ia bat be ez jatela interesatzen (akaso Cyberpunk 2077, baña ez dot uste 2019 irtengo …
Onena etortzear dago: eta 2019an zer?

Iker Ibarguren Jan. 25, 2019, 9:08 a.m.

demoa probatu nuen aurrekoan eta urteetan atzera egin nuen... lehen aldiz joko hau bera jokatu nuen unera... a zer ohiuak!! ;)))))))
[AURRERAPENA] Resident Evil 2

Urtzi Odriozola Sept. 30, 2018, 11:09 p.m.

Kaixo!! Pozten gara!! Lanean jarraitzeko indarrak ematen dizkigu honelako erantzunak ikusteak! Mila esker!
'Wonder Boy': klasiko baten gaurkotze arrakastats…