Bideojoko honen egileak Silver Lining Studio-ko garatzaileak dira, argitaratze ardurak, ordea, Akupara Games eta Akatsuki Taiwan Inc.-en artean banatu dira. Marrazketa zein margolaritza uztartuz, eguneroko bizitzaz gozatzen duen esperientzia dugu. Orokorrean garapen erritmo oso lasaia du eta puzzle edo buruhausgarri sinpleak erabiltzen ditu marrazki bizidun bidezko animazioarekin tartekatuz.

 

Artearen estetikan murgilduz…

Bideojokoak margolari gazte baten azalean jartzen gaitu, honek, bere etxean, artelan ezberdinak sortzeari ekiten dio. Pintzelekin margolanak egin ohi ditu eta arkatza erabiliz ere oso iaioa da emakumea. Hasieran, bere egoera erabat ulertzeko zenbait informazio faltako zaio pertsonaiari eta horretarako, bere etxean zehar aurki daitezkeen objektuak miatzea oso baliagarria izango da.

Jokoak lana modu lasaian eta erlaxatuan egitearen esperientzia helarazten du. Sarritan pintzela erabiliz margotzeari edo arkatza erabiliz marrazteari ekingo diogu, baina tarteka beste zeregin batzuetan jardungo gara. Pertsonaiaren zeregin ezberdinak burutu beharko ditugu eta horretarako gure ingurugiroa aztertu beharko dugu, zenbait toki edo objektuk eskainitako informazioak beste kasu batzuetarako balioko baitu.

Horrela, astiro-astiro eta modu erdi-gidatuan, aurrerapenak egiten joango gara, hasi eta amaitu beharko ditugun artelanetan zein bestelako helburuetan. Jokoak samurtasun berezia adierazten du, jokalari gehienei naretasun edo baretasun sentimendua kutsatuko diena (atal pixka bat ilunagoetan edo serioagoetan salbuetsita).

Geldiro-geldiro jasoko dugun zenbait informazio bere koadernoan jarriko du protagonistak, eta hau oso baliagarria izango da. Kasu batzuetan margolan baten xehetasunak baieztatu beharko ditugu, eta, beste batzuetan, une batez ahaztu ditugun gauzak gogorarazteko balioko digu.

Pintzelekin margolanak egin ohi ditu eta arkatza erabiliz ere oso iaioa da emakumea

Tarteka-marteka marrazki bizidun bidezko animazio zatiak agertuko zaizkigu, istorioaren zenbait atal naturaltasunez kontatuko zaizkigu modu honetan. Oso luzeak ez diren arren, oso ongi etorriak dira eta arestian aipatutako samurtasuna mantentzen dute. Animazioak jokoaren atal jariokorrena eskaintzen du beharbada, pintzel zein arkatzak mugitzen pasatuko dugun denboraz gain, abenturaren zati mugikorrenak izan daitezke hauek. Hala ere, orokorrean lasaitasunez betetako gertakizunak izango dira.

Jokoaren zati interaktiboetara bueltatzen garenean nabaritzen da estilo desberdintasuna, baina ez dago hauen arteko talka nabarmenik eta modu onean elkarbizitzeko gai dira. Mugikortasuna erakusteko gai diren atalek marrazki bizidunen irudi fin eta zehatzagoa dute, dinamismo ukitu batekin. Estatikoak diren irudiek pastel itxurako zertzeladak izaten dituzte sarritan eta mihise gainean pintzelez egindako margolanen estiloa darabilte.

Behind the Frame: The Finest Scenery tonu gozo eta etxekoian hasten da, ondoren pertsonaia berriak aurkeztuko dizkigularik. Istorioaren garapen orokorrean aldaketak gertatuz  joango dira, kasuren batean une goibelagoren batekin egingo dugu topo. Kontakizunak atal alai nahikotxo emango dizkigu baina une malenkoniatsuren bat ere bai.

Amaierarantz jokalariarengan lortutako eragina nahiko ezberdina izan daiteke: zenbaiten arabera nostalgia sentiarazten du, beste batzuentzat "bihotza bihurritzearen sentimendua" eta badaude ondo itxitako istorio borobil bezala ulertu dutenak. Arinago esan bezala, azpimarragarria da bere garapena presarik gabeko erritmo lasaian gauzatuko dela. Jokoak gure hurrengo aurrerapausoa gertatu arte itxarongo baitu, gehienetan aurrera jaraitzeko aholkuak eskainiz.

 

Sorkuntza artistikoa jokalariarengana hurbilduz

Bideojokoa sei kapitulu desberdinetan banatuta dago, eta, oinarrizko istorioa bukatutakoan, hasierako menutik kapitulu estra baterako sarbidea eskuratuko dugu. Atal hau dohainik gehitutako edukia da eta oinarrizko bideojokoan sartu dute eguneraketa bidez. Menu nagusian kapitulu jakin baten hasieratik has gaitezke, baina horretarako, aurretiaz datorren kapitulua bukatu beharko dugu.

Sagua zein agintea erabili daitezke, kontrolak oso sinpleak dira, eta orokorrean klikatze hutsen bidez mugituko gara. Sarritan gure ingurugiroa arakatu beharko dugu, horretarako kamera erabiliz, beste askotan objektuekin esku-hartuko dugu eta beste zenbaitetan margotu edo marraztu egingo dugu. Irudiak eta koloreak adieraztearena jokalariarentzat oso erraz jarri dute garatzaileek, margoa nahi ez dugun tokira joateko laguntzak ditugu eta marraztu zein idazteko ia gehienetan arkatza gainetik pasatzea besterik ez dugu beharko.

Tarteka-marteka marrazki bizidun bidezko animazio zatiak agertuko zaizkigu, istorioaren zenbait atal naturaltasunez kontatuko zaizkigu modu honetan

Gertatzen denaren garapena modu mailakatu batean azaltzen da. Jokoa ez da luzea beraz denbora laburrean aurrerapenak egingo ditugu. Laburra denez, istorioak ez dauka gertakizun kopuru handirik eta hauen sakontasuna erlatiboa da. Hala ere, aurkezpena egiteko erabilitako estilo estetikoak xarma handia gehitzen dio. Hariaren zenbait zati ulertzen eta elkarlotzen joango gara, beste zenbait ez daude hain argi azalduak eta jokalari bakoitzaren interpretazioaren esku utzi dira.

Garatzaileek jokoaren errealitate birtualeko bertsioa ere atera dute 2023an, saltokietan aparteko produktu bezala saltzen dena. Orokorrean esperientzia interesgarria dela diote erabiltzaileek, baina jokoaren zenbait atal ez dira modu hoberenean egokitu, marrazki bizidunen animazioak adibidez, oso tamaina txikian ageri omen dira. Dena dela, errealitate birtualeko gailuren bat eskuragarri izatekotan aukera interesgarri bat suposa dezake honek.

Ordu t'erdi inguru iraun ohi duen bideojoko honek oso iruzkin positiboak jaso ditu oro har. Adibidez, Steam saltokian joklariek egindako iruzkinen %95 positiboa izan da. Buruhausgarri sinpleak eta irudi aldetik erakargarritasuna bilatzen dutenentzat aproposa izan daiteke. Istorio labur bat kontatzen du kapitulu laburren bidez. Lasaitasunez eta presarik gabe jolasteko gogoa izatekotan aukera estetikoki interesgarria izan daiteke.