Bart gaueko 22:25etan emititu zuten Tribuaren Berbak azken saioan, "Ezinbesteko ekintzailetza" izan zuten hizketa gai. Bertan, euskaraz garatzen diren hainbat proiektu berritzaile eta pertsona ekintzaile agertu ziren oraintxe euskal munduan bogan dauden joerekin uztartuz. Gu ere agertu ginen, ni tarteko nintzela Game Erauntsiko ordezkari moduan webgune hau aipatuz.

Denbora tartea txiki xamarra izanda eta ordutegia berandutxo bazen ere nire gusturako, ezin genuen telebistan agertzeko aukera galdu (hurrengoan gehiago! :D). Ziurrenik komunitate honentzat diren erabiltzaile potentzialen elkargune egokiena ez da izango programa hau, baina denetariko jendearengana iristea ezinbestekoa da. Gutxienez interes ezberdinak dituzten pertsona orok jakin dezan existitzen garela.

Bada, programan zehar, CodeSyntax enpresako lagunekin batera atera ginen. Nik bertan lan egiten dut eta esan beharra daukat asko laguntzen digutela bertatik: izan ostatatze zerbitzari, laguntza tekniko, aholku etab.-ekin. Beraz, ahaztu baino lehen, CodeSyntax enpresari eta bertako lagunei eskerrik beroenak eman nahi dizkiet guzti honetan jartzen duten prestutasunagatik.



Bideoaren lehen zatian, Luistxo Fernandez agertzen da eta enpresak eskaintzen dituen hainbat zerbitzuz gain joko bat ere aurkezten du: Tribual. Joko hau galdera erantzunen euskarazko joko bat da eta partida errazeko "tribial" azkar bat da. Beti, beste jokalari baten aurka jokatzen da eta asko engantxatzen duen horietako bat da. Probatu behar duzue!! Azpitituluak.com ere aipagai izan zuen, Luistxo berak pertsonalki daraman webgune honetan filmen euskarazko azpitituluak biltzen baititu.

Ondoren gure txanda. Modu azkar eta sinplifikatu batean azaltzen dut gure proiektua, amaieran Asier Sarasuari txanda utzi eta ahotsak.eus proiektuaren nondik norakoak azaldu ditzan.

Ikusten duzuen moduan, pixkanaka ari gara hedapen lanetan eta mota guztietako jendearengana hurbiltzeko ahaleginetan. Aurrera bagoazela!!

Mila esker Kike eta bere lantaldeari zuen programan leku txiki bat egiteagatik!! Programa osorik ikusteko hona hemen txertatuta: