Nintendo-k merkatuan urtebete eskas daraman Switch 2 kontsolaren prezio areagotzea iragarri du. Aurretik, gauza bera egin dute PlayStation-ek eta Xbox-ek.

Adimen artifiziala bideojokoen industrian bete-betean sartu da, baina ez askok uste zuten bezala. RAM memorien prezioa nabarmen areagotzea ekarri dute AAri lotutako enpresa handien erosketek eta mugimenduek; biltegiratze euskarrien prezioak ere gora egin du, gainera. Egungo nazioarteko soziekonomikoa, baita, bere eragina izaten ari da bideojokoengan.

Egoera berezia sortu du honek guztiak askotariko produktuen inguruan, baina, bideokontsolen kasuan, zerbait berria jazo da: duela gutxi merkaturatutako gailuen prezioak areagotzeko erabakia hartu dute zenbait fabrikatzailek eta enpresek Azkena, Nintendo izan da.

Duela egun batzuk, Switch 2aren prezio igoeraren berri eman zuen Kiotoko enpresa ezagunak. 2025eko ekainean estreinatu zen kontsolarena, alegia. Ez da igoera ikaragarria izango: 30 eurotan areagotuko dute prezioa irailaren 1etik aurrera, 499,99 eurotan salduz egungo kontsola hibrido arrakastatsua —martxoa bukatu aurretik 19,86 milioi Switch 2 kontsola saldu dituztela iragarri dute oraintsu argitaratutako finantza txostenean—.

Halere, orain arte ez da batere ohikoa izan kontsolen prezioek gora egitea; aurkakoa, merketzea zen joera, ulertzekoa den bezalaxe. Egungo kontsolen belaunaldian jazo da hau lehen aldiz: kontsolen ibilbidearen 50 urteetan ez da halakorik ikusi.

Izan ere, Nintendo, PlayStation edo Xbox bezalako bideojokoen enpresa handien irabazi handiak ez datoz bideokontsolen aldetik; ez zuzenean, behintzat. Kontsoletarako bideojokoen, osagarrien eta zerbitzu desberdinen aldetik ikusten dituzte onurak. Hau da, jokalariei kontsolen prezio erakargarriarekin —orokorrean, pareko ordenagailuak baino askoz merkeagoak— lotzea, eta, behin gastua eginda, softwarearekin xaxatzea izaten da helburua.

Hori dela eta, urteak igaro ahala salneurri aldetik gora egiten dutenak bideojokoak edo Nintendo Switch Online, PlayStation Plus nahiz Xbox Game Pass bezalako harpidetzak izan ohi dira: egunotan jokoak 80 edo 90 eurotan kaleratzen dira, eta zerbitzuek ere hainbat prezio aldaketa ikusi dituzte.

 

Azpimarratzeko moduko salmentak ez dira nahikoa N handiarentzat

Nintendok igoeraren erantzulea “egungo merkatuaren egoera” dela aipatu du prentsa oharrean. Europako aldaketak leunenak izan dira, AEBetan, eta, batez ere, Japonian, salneurriak izandako inpaktua nabarmenagoa da; are gehiago, japoniarrek Switch originalaren zein NSO harpidetzaren prezioak ere igo dituzte beren etxean. Salmenta zifrak ikusgarriak badira ere, Nintendok aurreikuspenak hoztu ditu txostenean: egungo urte fiskalean 16,5 milioi Switch 2 saltzea espero du.

Bideojokoei dagokienez, guztira, 48,71 milioi bideojoko saldu dituzte Switch 2an apirilaren aurretik. Mario Kart World da erregea, 14,70 milioirekin, baina kontsolarekin batera bilduma berezian saltzen dela gogoratu beharra dago. Atzetik ditu Donkey Kong Bananza (4,52 milioi), Pokémon Legends: Z-A (3,94 milioi Switch 2ko bertsioan), Pokémon Pokopia (2,41 milioi) eta Kirby Air Riders (1,87 milioi).

Martxoa bukatu aurretik 19,86 milioi Switch 2 kontsola saldu dituztela iragarri dute.

Ez da azken hilabeteotan ikusitako prezio igoera bakarra, esan bezala. Sony-k apirilean igo zituen PlayStation kontsola desberdinen salneurriak —PS5, PS5 Pro eta PS Portal gailuenak, zehazki— iazko abuztuan lehenengoz areagotu ondoren. Xboxek, bestalde, aurreko urrian aldatu zituen Xbox Series kontsolen prezioak. Valve isilik dabil, baina, agindutakoa betez gero, laster iragarriko dituzte Steam Machine eta Steam Frame gailuen salneurriak: aspaldi aditzera eman behar zituzten prezioak, baina, RAMaren egoera dela eta, aurreikusitakoak baino garestiagoak izatea aurreikusten da.

 

Belaunaldi berria, are garestiagoa?

Hurrengo kontsolen belaunaldiari begira jarrita, zalantza eta misterio ugari daude oraindik, baina aurreikuspenak ez dira ederrak. PlayStation 6a nahiz Xboxen Helix proiektua isilpean mantendu dituzte, oraingoz; halere, zurrumurruek maila handiko gailuak datozela aurreratu dute, punta-puntako osagaiekin eta ezaugarriekin.

Egoera ikusita, 1.000 euroko salneurrira hurreratzea edo hau gainditzea espero dute zaleek. Bideojokoen industria eraldatu dezakeen erabakia izan daiteke; hots, geroz eta ohikoagoa da jokalariak aurreko belaunaldietan geratzea, bideojoko nagusiak horietan ere kaleratzen direla ikusita —egun PlayStation 4 edo Switch kontsoletarako tituluak argitaratzen dira, adibidez—-

Gailu eramangarrien edo hibridoen eztanda tartean dago, baita. Nintendo Switchak iraultza eragin zuen bideojokalarien artean, joko handiak eta modernoak muga gutxi batzuekin edonon eta edonoiz jokatzea ahalbidetuta; ondoren, Steam Deck nahiz bestelako eskuko PCak edo Android gailuak azaldu dira bideojokoei bideratuta.

Zurrumurruekin jarraituz, PlayStation eta Xbox ere beren kontsola eramangarriak prestatzen dabiltzala zabaldu da sarean azken hilabeteetan: egia izanez gero, eta hauen indarra ikusteko zain, egungo belaunaldiko jokoetara mugatuko direla pentsa daiteke. Antzekoa gertatzen da PCaren munduan, ordenagailu indartsuak erostea edo muntatzea geroz eta zailagoa baita.

PlayStation 6a nahiz Xboxen Helix proiektua isilpean mantendu dituzte, oraingoz; halere, zurrumurruek maila handiko gailuak datozela aurreratu dute, punta-puntako osagaiekin eta ezaugarriekin.

Hori horrela, asko gailu berriagoetara emateko jauzia emateko zain geratzea eragin dezakete, aldi berean, ekoizleek eta garatzaileek belaunaldi berria babesteari edo elikatzeari uko eginez. Joko esklusibo handiei buruz ari bagara, behintzat.

Laburbilduz: martxa galdu gabe hazten joan den bideojokoen industriaren egoera ez da batere samurra. Enpresa handiek ez dute arazo handirik hardwarearen zein softwarearen prezioak igotzerako orduan, baina erabiltzaileek noraino eutsiko duten ikusi beharko da. Xboxek, esaterako, atzera egin behar izan du Game Pass Ultimate harpidetzaren azken igoerarekin, erabiltzaileen haserrea ikusita.

Oraingoz, PlayStation 5, Xbox Series eta Switch 2 kontsolekin jarraituko dute: belaunaldiak urte pare bat gehiago irautea espero da, gutxienez, egungo prezioak gutxi gorabehera mantenduta.