Orain dela hilabete gutxi batzuk izan zen, bideojokoaren trailerra ikusi nuen Steam saltokian. Erakargarria zirudien, plataforma arteko jauzi piloa, eta zenbait botere berezi. Linbo eta Inside modukoak gomutatu zizkidan, plataformen arteko abilezia buru-hausgarri txikiekin uztartzen dituzten bideojokoak etorri zitzaizkidan gogora, oroitzapen ederrak.

Bionic Bay 2D plataforma joko liraina dugu mugimenduei dagokienean, eta zenbait botere eransten dizkio abenturari. Batzuetan abilezia aldetik ekin behar zaio gehiago, eta, bestetan, daukagunarekin ondo pentsatuz, egoerara moldatu beharko gara.

Artefaktu arraroa aztertzean gertatutako istripuarekin batera hasiko da abentura.

 

Zeharo gaizki irtendako esperimentua

Bionic Bay bideojokoan, esaera zaharrak dioen moduan: aditzaile onari, azalpenak urri. Testu gutxiko artelana da. Hasieran, hainbat zientzialari ikusiko ditugu arrautza erraldoi itxuradun objektua aztertzen, zulatzen eta neurtzen. Halako batean, itxuraz izpi elektrikoa den zerbaiteko beste zientzialari guztiak desagerraraziko ditu, eta segundo bat beranduago geure zientzialaria.

Toki arraro batean agertuko gara, eta, une horretan, gure pertsonaia oso geldo mugituko da. Pauso batzuk eman ondoren, ordea, likido batera erori, eta itxura bitxidun izpi batek kolpatuko gaitu. Ondorioz, zientzialariaren gorputza askoz malguagoa, azkarragoa eta norbere pisua altxatzeko indartsuagoa izango da. Modu pasiboan ezartzen den ezaugarri hau oso garrantzitsua da, ia zuzenean betidanik izandakotzat emango badugu ere: korrika azkar egiteko, plataformen ertzeetara heltzeko eta zeharo erabilgarria izango den itzulipurdi-jauzi-itzulipurdi mugimendua egiteko.

Bideojokoaren zenbait botere eta Internet bidezko jokaldiak azaltzen dira bideoan.

Bideojokoaz gozatzerakoan pertsonaiak ia hasieratik hartzen duen liraintasun edo zalutasun hori azpimarratzekoa izan da niretzat. Zientzialaria nahiko azkarra da, itzulipurdi luzeak egiten ditu, hurrengo jauzia luzatuko dutenak, eta are gehiago luza dezakegu saltoa, itzulipurdiaren botoia berriz sakatuz gero. Gainera, plataformen ertzeetara oratzeko ez dauka arazorik eta ia guztietan eskatzen dioguna egingo du pertsonaiak.

Hainbat hormetan gora igotzeko gai izango da, eta erortzean hormetan irristatuz erorketa leuntzeko ere bai. Gauzak horrela, altuera handidun erorketak hilgarriak izango dira hala ere, baina neurria hartzen joango gara. Zulo sakonetara amilduz gero berdin-berdin hilko gara, baina erorketa handiak direnean, altuera ikusi eta orokorrean heriotza ulergarria dela ikusiko dugu, gehienetan ez gara kexatuko.

Abenturan zehar gu baino indrtsuagoak diren hainbat arriskuri egin beharko diogu aurre.

Bionic Bayk toki arraroetara eramango gaitu, itxura eta testura bitxidun objektuetara igoko gara eta ia beti argi egongo norantz jo. Pertsonaiarengandik hurbil zein paisaien atzealdean kapitulu sorta bakoitzari izaera emango dioten estetika ikusiko dugu. Orokorrean itxura minimalista du, kolore bat nabarmenduta eta tonu beltzekin asko jokatuz, ulergarria eta praktikoa, esango nuke. Jokoak ez du erabat argi uzten non gauden, baina jokoa bukatu ondoren Interneten aurkitutako zenbait teoriarekin bat nator.

Zientzialaria nahiko azkarra da, itzulipurdi luzeak egiten ditu, hurrengo jauzia luzatuko dutenak.

Zenbait kasutan, hainbat makina aurkituko ditugu, batzuetan bidea erraztuko digute, eta, beste batzuetan, gure pertsonaiarentzat hilgarriak izango dira. Erronka ondo neurtuta dagoela deritzot oro har, eta zailtasunaren kurba ez dela gaiztoegia. Hiltzerakoan, garatzaileek ezarritako mugarriak zuzenak iruditu zaizkit, ia beti berragertuko baikara akabatu gaituen erronka txikian edo bat aurrerago, inoiz ez urrunegi.

Azalpen handirik jaso gabe paisaiaz aldatuko dugu baina beti izango dugu hurrengo erronkatxoa gure zain.

 

Botereek aberastutako abentura

Beranduago, trukatze ahalmena lortuko dugu. Objektu bat eskuaz markatu eta metro larregi urruntzen ez baldin bagara, objektu haren eta gure gorputzaren arteko trukaketa gertatuko da bata bestea zegoen tokira mugiaraziz. Erraz ulertzen den zeregina da eta aurrerago aurkituko ditugun  egoerei erantzuteko berebizikoa.

Kapituluren batean trukatze ahalmena ez dugu izango, eta ukabil oso indartsu baten ordez aldatuko digute, objektu pisutsuei kolpea eman eta urrutira bidaltzeko gai dena. Denbora-geldotze ahalmena ere ezagutuko dugu, hainbat arriskuri erantzuteko ezinbestekoa izango da.

Azkenerago beste abilezia bat gehitzen da, ordura arteko arauak zeharo aldatzen dituena. Trailerraren zati batean ere aipatzen da, baina hemen ez azaltzea erabaki dut, baten batek ezustekoren bat mantendu nahi izango du eta.

Salbuespenak salbuespen, aurkituko ditugun ia arrisku guztiak izango dira hilgarriak, argi ibili beraz.

Bereziak iruditu zaizkit kapitulu batetik bestera dauden aldaketak. Batzuetan atzealdeko kolorea eta ingurugiroa aldatuko zaizkigu, zenbait kasutan, ahalmen bat kendu digutela, eta beste bat daukagula ikusiko dugu.

Noizbait pertsonaia ezberdinekin jokatzen ari nintzen galdetu izan diot neure buruari, baina egia esan, ez dakit erantzuna. Aholku bezala, esan nahi dut gomendagarria dela kapitulu hasieran zein botere dauzkagun argitzea, kasuren batean egon bainaiz, puzzle bat benetan zena baino zailago egiten.

 

Internet bidezko erronkak

Ez nuen espero honelako bideojoko batek Internet bidez jokatzeko aukera eskaintzea, eta onartu behar dut gehigarri oso ona iruditu zaidala.

Abenturaren txatal txikiak eskegitzen dituzte garatzaileek lasterketa moduan, ondo eginez gero, berrogei segundo edo minutu eta erdian egin daitezkeen kapituluen atal txikiak baino ez dira. Erronkok ordu batzuk irauten dituzte sarean, baina beti daude hainbat eskuragai.

Batean sartzean, erronkatxo hori gauzatu dituzten jokalarien pertsonaiak ere agertuko dira, ez dira une horretakoak, bakoitzak modu asinkronikoan egin eta erregistratu diren jokaldiak dira. Hala ere, ederra da beste batzuek egindakoarekin batera lehiatzea.

Hainbat makina aurkituko ditugu, batzuetan bidea erraztuko digute eta beste batzuetan gure pertsonaiarentzat hilgarriak izango dira.

Gainera, erronka bakoitzak hiru denbora marka ezartzen ditu jokalariak gaindi ditzan, bata bestea baino denbora laburragoduna. Oraindik inork gauzatu izan ez dituen erronketan ere, eskertzekoa izan da norberaren marka hoberenaren “mamuaren” aurka lehiatzea. Internet bidezkoan pertsoanaiari aldaketa estetiko txikiak egin dakizkioke, besteengandik hobeto bereizteko.

Internet bidezko erronketan beste jokalariek (edo norberak) egindako marken aurka lehiatuko gara lasterka.

Bionic Bay zortzi ordu inguru irauten duen abentura da, jauziz eta botereen erabileran azpimarra jartzen duena. Oinarrizko istorioak garapen interesgarria aurkezten du, gure abilezia eta ahalmenak gero eta modu konplexuagoan darabiltzagula ziurtatuz. Istorioaz gain, Internet bidezko erronkek bideojokaren maisutasunera eraman ditzakete jokalaria, hura agertuko zaizkion oztopoei aurre egiteko prest baldin badago.