Moonsprout Games-ek garatua eta Dangen Entertainment-ek argitaratua, bideojokoa hainbat plataformetan kaleratu zen: lehenik Windows-en, 2019ko azaroaren 21ean hain zuzen, ondoren, Nintendo Switch-ean, Xbox One-an eta PlayStation 4ean 2020ko maiatzaren 28an, eta bukatzeko, Amazon Luna zerbitzuaren kasuan 2021eko uztailaren 21ean. Akziozko RPG abentura bezala aurkezten dute, txandakako borroketan unean-uneko interakzioa eskatzen duena.

 

Erreginarentzako hilezkortasunaren bila

Bideojokoak Bugaria izeneko mundura eramango gaitu, bertan intsektuek eta bestelako zomorroek hartuko dute protagonismoa. Espezie ezberdinetako honelako animalia txikiak izango dira kontrolatuko ditugun protagonistak, eta, elkarlana erabiliz, abentura luzea eta interesgarria garatuko dute. Abiapuntutzat, inurrien erreginak desiratzen duen objektuaren berri izango dugu, Betiereko Kimua edo Zuhaixka Gaztea (Everlasting Sapling). Honek hilezkortasuna eman dezakeela uste da eta zerbitzari leial bezala, agintariak hau lor dezan beharrezkoa den oro egiteko prest egongo dira protagonistak.

Jokoaren istorioa, bere beste zenbait atal bezala, maitekiro idatzita dago, eta hau bere garapenean emango diren ezusteko eta aldaketetan islatuko da. Bugaria mundua, izaera propiodun eremu handi bezala aurkeztuko zaigu, herrialde eta gizarte bereiztuekin. Honek eragin positiboa dauka baita ere pertsonaietan, lehen mailakoak oso garatuta daudela ikusiko dugu, beraiei buruzko informazio askorekin, baina bigarren mailakoak ere zainduta egongo dira eta modu duinean erakutsiko zaizkigu.

Hiri zein herrixkak pertsonaia eta bizitasunez beterik aurkituko ditugu.

Deskribatzerakoan, RPG, akziozko abentura eta JRPG bezalako terminoak erabili dira kasu honetan. Maila batean, ulertarazten dute bere izaera baina gehitu daitezke zenbait xehetasun. Labur esanda, 2000. urteko Paper Mario eta 2004. urteko Paper Mario: The Thousand-Year Door jokoetan biziki oinarritutako jokoa dugu Bug Tales, beste bideojoko batzuetatik edan eta bere ekarpen propioak egiten dituelarik.

Une lasaietan jendearekin hitz egin, objektuak salerosi, misio zein enkarguak jaso eta bestelakoak egingo ditugu. Arerio oldarkorrak dauden tokietan, hauek oinez ikusiko ditugu eta beraiekin borrokatzea saihesten saia gaitezke. Harrapatzen bagaituzte, beraiek egingo dute lehen erasoa, ordea, guk lehenik kolpatzen baditugu, borroka hasieran txanda bat gehiago izango dugu. Izan ere, txandakako borroka sistema erabiltzen du, etsaiei eraso egitean zein hauengandik babestean jokalariarengandik interakzioa eskatzen duena.

Zailtasuna areagotzen duen domina erabiltzeak esperientzia puntu gehiago lortzea dakar.

Esan bezala, iraganean beste bideojoko batzuek egin izan duten bezala, erasoetan botoi jakin batzuk sakatzea eskatuko digu. Gauzak ondo eginez gero, arerioak modu gogorragoan kolpatzea lortuko da, edo hauek eragingo diguten kaltea gutxitzea. Mugimendu eta erasoaldi anitz dago, modu edo une ezberdinetan erantzutea eskatzen dutenak.

Jendearekin hitz egin, objektuak salerosi, misio zein enkarguak jaso eta bestelakoak egingo ditugu

Horrez gain, bere generoko joko bezala hainbat aldagai gehitzen ditu. Elkarlan Puntuak (Teamwork Points) pertsonaiek eraso edo mugimendu bereziak egin ditzaten erabil daitezke. Domina Puntuek (Medal Points) protagonisten zenbait ezaugarri indartzeko balio dute. Zenbait borroka bukatu ondoren lortutako esperientzia puntuei esker, pertsonaiak mailaz igotzen direnean, sari bat jasoko dugu: Elkarlan Puntuen, Domina Puntuen edo Osasun Puntuen maximoa handitzea.

Ez da ahaztu behar, protagonisten erasoek eta botereek ere badutela zeresana borroketatik at. Bakoitzak bere abileziak erabiliko ditu ziegetan, bestela ezinezkoa izango da aurrean izango dituzten buruhausgarriak konpondu eta aurrera ekitea. Batek bere bumerana erabiliko du urrun dauden gauzak kolpatzeko, badago magia erabiliz gauzak izozteko gai dena eta baita adar indartsua duen beste bat ere.

Pertsonaien botereak beharrezkoak izango dira ziegak zeharkatzeko, ura izoztea adibidez.

 

Maitasunez egindako intsektu txikien abentura handia

Estetika ere kutunki landutakoa dela babestu daiteke, aitzindari ez ofizialtzat dauzkan jokoetatik abiatuta, pertsonaiak eta hainbat objektu bi dimentsiotan eginda daude, paperezkoak bailiran. Honek hasieran harridura edo ezustekoa sor diezaioke norbaiti, baina nahita bilatutako efektua izanik erraz ohituko dira jokalari gehienak.

Gainera, kanpotik animazio eta trazu sinpledunak diruditen arren, pertsonaiak modu itxurosoan eginda daude eta gutxitan aurkituko dugu errepikatzen den pertsonaiaren bat. Berez, ingurugiroak eta pertsonaiak artelanaren atal indartsuenetarikoak izango dira hainbat pertsonentzat. Ez da ahaztu behar Bug Tales-ek soinu banda luzea dakarrela, eta, toki bakoitzean dagokion abestia gozatzeaz gain, melodia hauek erosi eta lasai-lasai entzuteko aukera izango dugula.

Jokoak, akziozkoa izan arren testu nahikotxo dauka eta gidoia korapilatzen joango da aurrera doan heinean. Bidean, diseinatzaile eta idazle lanak egin zituenak umore zertzeladak sartzeko abilezia izan zuen baita ere. Pertsonaia nagusien izaera desberdinak ere ondo nabarmendu eta bereizita daude.

Borroketan eraso bakoitzari erantzun egokia emanez gero etekin handia aterako dugu.

Bug Fables-ek jokalariaren esperientzian malgutasuna eskaintzeko ahalegina egiten du. Istorioaren hasieratik, domina bat ematen zaio jokalariari nahi badu aktiba dezan, jokoa zailagoa egiten duena, borroketatik esperientzia puntu gehiago lortzearen ordainetan. Horrez gain, bideojoko osoa burututakoan Menu Kodeak (Menu Codes) erabiltzea proposatzen dute garatzaileek. Jokalariaren jokaldiaren izenean kode hauek jarriz, aldaera bereziak ezarriko zaizkio jokaldi berriari.

Txandakako borrokaldietan interakzioa eskatzen duen abentura interesgarria bizi nahi izatekotan aukera aparta izan daiteke Bug Tales. 25 orduko gutxieneko iraupena eskaintzen du eta gaur egun arte jokalariek egindako iruzkinen %97 positiboak izan dira Steam saltokian. Batez ere, Paper Mario sagako lehen bi abenturen moduko aldaera independentea bilatzen dutenek beraien begikoa izan daitekeen gozoki bat aurkituko dute hemen.