Doors: Paradox 2022ko azaroaren 4an kaleratutako bideojokoa da. Big Loop Studios taldeak garatutako eta Snapbreak-ek argitaratutako artelana dugu. Hainbat saltokitan dago eskuragai: PCko GoG, Epic eta Steam saltokietan, horrez gain Google Play eta Apple Store plataformetan ere aurkituko dugu. Dirudienez, Playstationeko gailuetarako kaleratzeko aurreikuspena dago, baina oraindik ez da gauzatu. Diorama txikiak erabiliz, objektu ezkutuak eta buruhausteak askatzera bultzatuko gaituen abentura sinplea da.

 

Ateez haraindi dagoenaren bila

Doors: Paradoxek iraupen laburreko puzzleak aurkezten dizkigu, ate itxura daukatenak. 360° biratu ahal izango ditugun diorama txikiak izango dira, bakoitzak buruhauste labur eta sinpleak josiko ditu bata bestearen atzetik. Arazorik ez izatekotan, minutu gutxitan askatuta izango dugu buruhauste orokorra, atea irekiko da, eta berau zeharkatuta, hurrengo mailara iritsiko gara.

Lehen atea ezagutzerakoan maila guztietan aplikatu beharreko jarraibideak azalduko zaizkigu.

Batez ere, baliagarriak izango zaizkigun objektuak bilatzen eta dagokien tokietan jartzen ibiliko gara. Beste zenbaitetan jokoak proposatutako buruhausteak ulertu eta osatu beharko ditugu. Maila bakoitza oso espazio txikian garatzen da, interakziorako gaitasuna duten objektuak oso argi egoten dira, eta honek erraztu egiten du erabiltzailearen esperientzia.

Orokorrean, zailtasun maila baxua edo ertaina daukala dio jokalarien komunitateak. Genero honetan eskarmentua dutenek arazo gutxi izan beharko lituzkete jokoaren maila ia gehienak edo guztiak bukatzeko. Beste jokalariok zailtasunak izan ditzakegu kasu batzuetan, eta oso zaila iruditu dakiguken buruhausteren bat aurkituko dugu baita ere, jokoaren gehiengoa egingarria irudituko zaigun arren.

Puzzle jokoa izanik, gerta daiteke zerbait ondo ez ulertzea, jokoaren garapena trabatuz. Behar izatekotan, bideojokoak laguntza moduan ematen duen informazioa eskaintzen du. Erronka errazteko eman dezakeen informazio gehiagorik eman ezin badu, zuzenean hurrengo mailara pasatzea eskainiko dio jokalariari.

Esparru txikiak izanik, objektuak aurkitzea ia beti erraztuko zaigu.

Kontrol oso sinplea erabiltzen du, mugikorretatik, tabletetatik eta antzeko gailuetatik datorren jokoa izanik, ordenagailuan saguaren bi botoiak erabiliko ditu kudeaketa guztiak egiteko. Ezkerreko botoia sakatu eta arrastaka eramanez, puzzlea biratu ahal izango dugu, beharrezkoa deritzogun errotazioa aplikatuz. Ezkerreko klik soilak erabiliz, nahi dugunean dioramaren zati jakin batzuetara gerturatuko gara, behin bertan egonda, objektuekiko interakzioa gauzatu ahal izango dugu botoi berdina erabiliz.

Batzuetan objektu batzuk bildu egiten ditugu eta pantailaren eskuinaldean metatzen dira, beranduago beste kontestu batzuetan erabiliak izateko. Pilatutako objektuak eskuineko kokapenetik hartu eta ezkerreko botoia sakatuz, dagokien tokira arrastaka eramanez garraiatzen dira. Eskuineko botoia, jadanik puzzlearen toki jakin batera hurbilduta gaudenean eta ikuspegi orokorrera bueltatzeko erabiltzen dugu, ingelesez “zoom out” bezala ezagutzen den esaera gauzatzeko.

Behar izatekotan, bideojokoak laguntza moduan ematen duen informazioa eskaintzen du.

Bere mailetako bakoitzean ate bat ireki behar izango dugu, eta jokoaren izaerak edozein adineko pertsonei aurkezteko bezalako erronka suposatzen du (oinarrizko funtzionamendua ulertzen badute). Bakoitza gai desberdinetan oinarrituta dago eta atzealdean berarekin bat datorren paisaia bat agertuko da. Estetikoki erakargarriak dira, erabateko zehaztapena eta xehetasunak ez izan arren, behar bezala adierazten dira objektuak eta zenbait kasutan ikusgarriak izatera heltzen dira, sinpleak izaten jarrai dezaketen arren.

Zenbait mailek erronka handia suposatuko dute jokalari batzuontzat.

 

Hasieran dirudiena baino abentura luzeagoa

Bere luzerari dagokionez, 58 diorama ezberdin direla diote garatzaileek. Garrantzitsua da esatea Doors: Paradox honek, aurretiaz sortutako antzeko jokoen bilduma dirudiela maila batean, dirudienez aurretiaz Doors: Awakening eta Doors: Origins zeudela iruditu zait, gutxienez mugikorren eta tableten saltokietan.

Doors: Paradox honek, PCan jolasterakoan behintzat, aurrekoak barne hartzen dituela dirudi, izan ere, kasu batzuetan “III” zeinua ageri da “Paradox” hitzaren atzean. Ziurrenik, horregatik egongo dira hainbeste diorama bertsio honetan, hiru kanpainak dituelako: Awakening lehenik, Origins bigarren eta Paradox hirugarren bezala. Dena dela, bakoitzeko lehen maila hasieratik izango dugu jolasteko prest eta nahi dugun ordena jarraitu ahal izango dugu.

Kontrol oso sinplea erabiltzen du, mugikorretatik, tabletetatik eta antzeko gailuetatik datorren jokoa izanik.

Maila bakoitzean hiru objektu egongo dira ezkutatuta aurkitu eta bilduma osatzen joateko: gema urdina, gema gorria eta mezua dauka pergamino kiribildua. Berez, objektu hauek ez dira beharrezkoak maila gainditzeko. Paperean datorren mezu bakoitzak istorio bat kontatzen digu astiro-astiro, eta maila desberdinen artean lotura handiena ezartzen duena da.

Kanpaina bakoitzaren amaieran bi maila egoten dira, hauetan jokatu ahal izateko gemak izan beharko ditugu, batek kanpaina horretako gema urdin guztiak izatea eskatuko digu, eta besteak, gorriak. Jadanik eginda daukagun mailetan, falta zitzaigun gemaren bat aurkitzea nahikoa da, ez dugu maila berriz erabat bukatu beharrik, maila desberdinak aukeratzeko menura bueltatuz gero, zuzenean eguneratuko baita gure lorpen berria.

Bere girotzea anitza da, kokaleku eta gai desberdinak jorratuko dituelarik.

Buruhausgarri joko sinple eta intuitiboa da, ia edonori aurkeztu eta jolasteko modukoa, gainera, kontrolak oso erraz ulertzen dira eta ez dute azalpen handirik behar. Zailtasun mailarekin arazoak izatekotan erraztasunak eskaintzen ditu eta bertsio honek luzera duina dauka, aurretiazko bi kanpaina ere baitakartza. Erronka handiagoa suposatuko duten atalak alde batera utzita, tarte laburretarako artelan entretenigarritzat har daiteke.