Eibarrek irabazi du FIFA20 Euskal Liga

Erredakzioa | 2020/04/13 09:00 Txapelketak



Game Erauntsiak eta Gu ere Bai!-k antolatutako FIFA20 Euskal Liga amaitu da jada eta Ibarrainkua bideo-jokalaria izan da garaile Eibarren koloreak defendatuz. Talde armagileak Malkortz bideo-jokalariaren Athletic Club 2-1 garaitu zuen. Sare sozialetan izandako jarraipenak zalantzarik gabe erakutsi du euskaldunak kirolaren falta nabaritzen dutela etxean geratze honetan.

Apirilaren 12an, Aberri egunarekin bat eginez, FIFA20 Euskal Ligaren finala jokatu zuten Athletic Clubek eta Eibarrek. Hamaika Telebistak programazio berezi bat prestatu zuen eta Beñat Zarrabeitia eta Ane Urkiri kazetariek esatari lanak egin zituzten. Gainera, Hamaika telebistaren lana gertaera gogoangarria izan zen, izan ere, historian lehenengo aldiz telebista batek euskaraz eta zuzenean e-sports-ak emititu baiditu.

Norgehiagoka hasieratik oso estua izan zen. Lehenengo zatian Eibarrek hainbat aukera izan zituen gola sartzeko, baina Unai Simon, Athleticeko atezaina, bikain ibili zen hainbat geldiketa bikain eginez. Orellana izan zen 40. minutuan gola sartu zuen lehena eta atsedenaldia 0-1eko markagailuarekin iritsi zen, Eibar aurretik zela.

Bigarren zatia oso berdindua hasi zen, baina azkenik, Adurizek gola sartu zuen Athletic Clubentzat (1-1). Eibarrek ez zuen itxaron eta Kike Garciak azkar erantzun zuen partidua bukatzeko 10 minutu baino gutxiago gelditzen zirenean (1-2). Azkeneko minutuetan eta luzapenean gol aukerak egon ziren, baina inork ez zuen lortu muga gainditzea. Beraz, Eibarrek irabazi zuen finala.

Horrela bada, amaitu da 150 izen-emate izan zituen FIFA20 Euskal Liga. Guztira 100 norgehiagoka baino gehiago jolastu dira eta 800 gol baino gehiago sartu.

Euskal Liga baino gehiago

Hamaika Telebistak prestatutako programa berezian ez zen soilik Euskal Ligaren finala jokatu. Izan ere, Aberri egunaren ospakizuna emakumezko futbolarekin hasi zen, 2019ko mundu kopako finalarekin hain zuzen ere. Herbehereak Amerikako Estatu Batuen aurka jokatu zuten partidua gauzatu zuten Euskal Ligako finalerdietan galdu zuten Beñat eta Ostozumaia bideo-jokolariek. Bai 2019ko Frantziako txapelketan, bai partidu honetan, amerikarrak gailendu ziren, kasu honetan 6-5. EA Sports-eko FIFA20 bideo-jokoak ez ditu emakumezko euskal taldeak eskaintzen, beraz, hauen ikusgaitasuna munduko jokalari hoberenak bildu dituen partidu honen bidez jorratu dute Gu ere bai! eta Game Erauntsia antolatzaileek.

Emakumezkoen finalaren ondoren bertso derbia eskaini zuen Hamaika Telebistak.  Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Bartra bertsotan aritu ziren. Abestu zituzten gaien artean Aberri eguna etxetik nola bizi duten eta bideo-jokoak egon ziren. Amaitzeko, FIFA20 Euskal Ligaren finala jokatu zen.

Antolatzaileen balorazioak 

FIFA20 Euskal Ligaren antolatzaileok, Game Erauntsia eta Gu ere Bai!, oso pozik azaldu gara txapelketa bukatutakoan. 150 jokalari bildu dira Euskal bideo-joko komunitatearen baitan eta beste askok bideo-jokoaren aurreko edizioekin edo bestelako kontsoletan txapelketa antolatzeko eskatu digute. Tamalez, azpiegitura eta antolaketa beharrek mugak jartzera bideratzen dute eta aurrera begira beste aukera batzuk eskaintzea baloratuko da.

Game Erauntsiaren aldetik balorazio positiboa egiten dugu eta aurrera begira gure txapelketa sistema hobetzeko asmoa erakutsi nahi dugu. Besteak beste parte hartuko duten bideo-jokolariekin komunikazioa erraztea eta arintzea beharrezkoa dela uste dugu, hala nola beraien feedback-a sustatzea.

Gu ere Bai! ekimen sortu berria izanik, euskal kirola eta euskal selekzioa aldarrikatzeko ekintzak bertan behera utzi behar izan zituen etxean geratu beharrarekin. Horregatik oso pozik agertu dira Game Erantsiarekin batera antolatutako txapelketarekin, etxetik ere euskaldunok batera zer egin dezakegun erakutsi dugulako, kasu honetan, Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea.

Bukatzeko, eskerrak eman behar dizkiegu lehiaketaren sariak eskeini dituzten guztiei. Irabazleak euskal selekzioaren mendeurreneko kamiseta eskuratuko du. BERRIA egunkariak urte beteko harpidetza bana oparitu dizkie txapeldun eta txapeldunordeari eta NAIZ.EUS eta GARA egunkariek ere sari sorta bat eskeini dute. Gainera, ligaxka jolastu duten bost bideojokalariek Gu ere bai! ekimenaren eskutik euskal selekzioen aldeko kamiseta bana jasoko dute.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

177
Kide

0
Jolasten

12
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…