"Galtzak bete lan" izan ohi dela esaten da lanez gainezka zabiltzanean. Guk esaera zahar hori birmoldatu, modernizatu eta  asteburu honetan "disko bete bideojoko" izango dugula esango dugu, izan ere, besteak beste gustatzen zaigulako egiten baitugu "lan" hau :D. Larunbat goizetik hasita iganderarte bai Bergara, Bilbo zein EH 8. probintzia den internet sarean txapelketak, hitzaldiak, partidak... izango baititugu.

Hona hemen ekintza sorta:

BERGARAKO LOL TXAPELKETA

Zientzia, teknologia eta berrikuntza jardunaldien barruan, League of Legends txapelketa bat jokatuko dute bertako frontoian. Gehienez 40 lagun edota 8 talde izango dira bertan jo eta su. Pantaila erraldoian zuzeneko kontaketa izango da gure kideen partetik eta jokoaz gozatzeaz aparte, sari politak irabazteko aukera ere bai.



Ekitaldia goizeko 11etan hasi eta arratsaldeko 19etararte luzatuko da. Ea ba maila politeko norgehiagokak ikusteko aukera dugun!

BILBON GAME ERAUNTSIAREN AURKEZPENA EUSKARAREN ETXEAN

Larunbat goizean, Bergarako ekitaldiarekin batera hasita (11:00 - 13:00) bi ordu iraungo duen "Game Erauntsia: Bideojokoen mundua partekatu, eztabaidatu eta gozatu"  ekintza sorta prestatu dugu:

  • Iker Bellido sarean Roboute Guiliam bezala ezaguna den jokalari eta youtuberrak, bere esperientzia kontatuko du.
  • Ondoren, euskaraz dagoen eta software librekoa den SuperTux Kart txapelketa bat egingo dugu.
  • Honekin batera Game Erauntsiko webgunean zuzenean eta streaming bidez txapelketa hau komentatuko eta emitituko dugu.
  • Ondoren bideo hau Youtubera nola igo eta “Game play” (bideo iruzkindu) bat atarian nola publikatu erakutsiko dugu.
  • Eta amaieran Minecraft zerbitzarian nola apuntatu eta bertan ibili erakutsiko dugu.

2. LoL TXAPELKETAREN HURRENGO JARDUNALDIA

Askok honez gero jakingo duzuen bezala, Game Erauntsiko bigarren League of Legends txapelketa jokatzen ari dira une honetan. 50 jokalari, 5 jokalari titularreko 8 taldetan parez pare nor baino nor ari dira. Aurreko asteburuan hasi zen eta dagoeneko batzuek lortu dute beraien lehen puntua. Lehengo txapelketa irabazi zuen EGZ-ek jarraituko al du bere tronua mantentzen? Faborito dira oraindik baina, besteek ez diote horren erraz ezer jarriko. Gainera bigarren edizio honetan sartu berri diren Iron Maider eta Shadows in Blood nola moldatzen diren ikusi behar...

Dakizuen bezala, joan etorriko partiduak eta ondoren playoff-ak jolastuko dira. Liga luzea da beraz! Gainera, 2. maila bat ere prestatzen ari garela esan beharrean gaude. EHko lehen LoL ligaren aurrean ote gaude? Mundiala izango litzateke hau.

Beno, oraingoz igandean izango da bigarren jardunaldia eta partida guztien orduak zehaztu gabe baldin badaude ere, laster jarriko ditugu webguneko egutegian. Adi egon beraz, ordutegiari. Bitartean, aurreko partidak berrikus ditzakezue. Guztiak ere Youtube plataformara igo ditugu eta txapelketaren orrian, oso modu errazean ikus ditzakezue.