Aurreko larunbatean ( 2015/07/18 ) Game Erauntsiko zenbait kide bildu ginen Zarauzko Itsas-eder erretegian, talde honen 2. batzar nagusia egiteko asmoz. Azkenean Zarautzen egin genuen, izen emandako denak gipuzkoarrak ginelako. Bertan, artikulu honetan zehaztu genituen puntuak jorratu genituen eta hainbat konpromiso erdietsi ere bai. Aurrera begira garrantzitsuena eta agian deigarriena ere, Game Erauntsiak irailetik aurrera elkarte izateko eskaera egingo duela da. Lehengo urtearen amaieratik dugu ideia bueltaka eta oraingo honetan pausoa eman eta prozesua formalizatzea erabaki dugu.

Irabazi asmorik gabeko elkarte izaera hartzeak hainbat abantaila ekarriko dizkigu talde bezala: talde formalizatu bat izatea, dirulaguntzetara aurkezteko aukera, gure ekintzak garatzeko aukerak erraztea... Horrekin batera, bideojokalari euskaldunen komunitate proiektua bera sendotuko da.

Batzarrean beste erabaki garrantzitsu bat ere hartu zen: Bazkidetza sistema bat jarriko da martxan. Elkarte izaera hartzearekin batera, taldeko konpromisoak eta finantziazio egonkor bat lortze aldera, bazkideak biltzen hasiko gara. Bazkide bakoitzak 10€ urteko kuota izango luke eta bere konpromiso hori zehaztearen truke hainbat abantaila izango lituzke Game Erauntsian.

Alde batetik, bazkideentzat kamiseta esklusibo bat ateratzekotan gabiltza (xehetasunak aurrerago jarriko ditugu). Eta bestalde, urtean zehar hilabetero joko baten zozketan sartzeko aukera izango lukete gure bazkideek. Dagoeneko Minecraft VIP direnek %50eko deskontua jasoko dute bazkidetzan (guztira, 15€ko urteko kuota) eta gainerako Minecraft VIP erabiltzaileen urteroko kuota 10€ mantenduko da datorren urtean ere.

Zozketa horiek eta beste hainbat sari (txapelketetan, lehiaketetan...) bermatu ahal izateko urtero diru poltsa bat jarriko dugu (Game Erauntsiaren poltsa orokorretik) eta bazkide talde txiki bat arduratuko da urtean zehar Steam-en aurkitzen diren maukak erosteaz.

Orokorrean egindako lanaren balorazio positiboa egin genuen eta "lanarekin" jarraitzeko gogo eta prestutasuna azaldu zuten bertara gerturatutako bazkidek. Bejondeiela! Gune honen bisita estatistikak begiratuz gero ere egiten dugun lana ona dela berresten dute eta pixkanaka badoa ere adierazleak gora doazela ikusten da. Beraz, erantzun hau ikusita gogo biziagoz jarraituko dugu aurrera! Mila esker zuei!

Bukatzeko, GETB eta bideojokuen inguruko zenbait aliantzaz ere hitz egin genuen. Telebistaren formatu eta maiztasuna definitu genuen: 10-15 minutuko asteroko telebista saio azkarra. Proba pilotua uda honetan bertan jarriko dugu ikusgai webgunearen atal berri batekin batera eta dena ondo bidean, irailetik aurrera hasiko da indar betean. Gainera, Indietotem-en babesarekin jardungo du saio horrek. Beste aliantza posible batzuk ere aipatu ziren, hala nola, Azkue fundazioa, Pintxo developer, Euskal Encounter... eta hauekin dugun harremana sengoagotzeko beharra azpimarratu zen.