Erosi DLC pack-a artikulu hau osorik ikusteko...

Xabi | 2015/04/29 12:14 ArtikuluakEztabaida



Batman pertsonaiaren fan sutsua izanik, Arkham jokoen jarraitzailea izan naiz lehenengoa atera zenetik. Oso joko onak dira Rocksteadyk eginiko entregak eta aurten kaleratuko da euren bildumako hirugarren eta azkena: Batman Arkham Knight. Pasa den astelehenean argitaratu zuten borroka mekanika berri batzuk erakusten dituen trailerra, Dual Play delakoa izanik garrantzitsuena. Eta noski, nire jokoa lortzeko gogoak handiak baziren ere, orain biderkatu egin dira. Zer egin nuen orduan? Aterako diren bertsioen informazioa jaso.


Aurrekoen GOTY bertsioak erosi nituen duela gutxi Steam-en, eta hauetan jokoen eduki guzti-guztia dago bildurik. Gauza bera egin nahi izan dut azken entrega honekin eta, beraz, DLC pack guztiak lortzeko era baten bila aritu naiz. Lan horri esker industriaren joerak topatu ditut aurrez aurre, benetan sutu nautenak.

Hasteko, DLC bat PlayStation 4ean bakarrik egongo da eskuragarri, eta beste plataformetan gabiltzanok (ordenagailua, nire kasuan), ezingo dugu lortu. Aurrerago egindako ikerketa txiki batek eduki hau udazkenean helduko dela beste plataformetara ikusarazi dit, dena den. Denda zehatz batzuetan erosten dutenentzat eskuragarri egongo den beste DLC bat ere badute, gure kasuan GAME izango litzatekeena. Nire ordenagailuak DVD irakurgailu bat ez duenez, ezingo dut eduki hori ukitu ere egin. Hirugarren DLC pack bat aurre-erosketa egiten dutenentzat bakarrik egongo da eskuragarri. Hau da, Rocksteadyn itsu-itsuan fidatu beharko dugu, kritikak dioena jakin aurretik bere prezioa ordainduz pack hau lortzeko.

Gainera, trailer berriarekin batera, Season Pass delakoa erakutsi digute, 40 euroren truke salgai egongo dena, eta 6 hilabetetan zehar eduki gehigarria eskainiko duena. Honen esanahia ulergaitza da oso... DLC guztiak 6 hilabete hauetan argitaratuko dira ala 6 hilabete horiek eta gero gehiago argitaratuko dituzte, hauengatik ere ordaindu beharko dugularik?

Erabiltzaileontzat amaitezina dirudien gatazka da hau. Hainbeste DLC lehen egunetik, aurreerosketa egiteko presioa, ulertzen ez dugun eduki garestia... Eta hau dena zergatik? Une honetan enpresa batek bere eduki guztia 60 eurogatik salduko balu, diru asko lortzeko aukerari uko egingo liokeelako. Oinarrizko jokoa lortu nahi duten irabaziaren zati txiki bat bilakatu da, non eduki gehigarria eta mikro-erosketak diren zukua ateratzeko euren metodo gustokoena. Ulertzen dut eta gogoko dut jokoa zabaltzeko edukiaren kontzeptua, baina gaur egun eduki hau jokotik kendurikoa dela dirudi, aurrerago diru extra bat eskatu ahal izateko. Honi buruzko satira bikaina egiten du DLC Quest jokoak, hemen aztertu genuena.

Nazka-nazka eginda nago nire joko gogokoen edukia lortu nahian ibili behar izateaz eta jokalarion aurka egiten duten praktika hauek aurkitzeaz. Guzti hau ikusirik, ziurrenik ez dut jokoa erosiko eta GOTY bertsio baten zain geratuko naiz. Aski da guri muzin egiten diguten enpresei diruzorroa zabal-zabalik uzteaz. Hau guztia noiz argituko zain geratu naiz, jokoaren foroetan hari berri bat ireki dudalarik. Ea Rocksteadyk nire barnean dagoen Batmanen jarraitzaileari erantzuten dion hau guztia azalduz.

Esteka foroetara.

Xabi
// from Indie Totem

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak (4)

Ander Intxaurrondo April 29, 2015, 6:14 p.m.

Guztiz ados artikuluarekin, urrunegi joaten ari dira. Gogoan dut Capcomek bere garaian egin zuena: jokoetan DLCak barne egotea, baina erosi arte blokeatuta egotea. Espero nuen egoera ez zela inoiz okerrera joango, baina Batmanekin egin dutena ikusi ondoren,...

Aspalditik aipatu da jendeak ez lituzkeela eduki hauek erosi behar, ondorioz bidegabekeria hauekin bukatuko genuke. Baina zoritxarrez jendeak erosten jarraitzen du, beldur naiz ez dagoela zer egiterik. Ea jende askok irekitzen dituen begiak behingoz.

Xabi April 29, 2015, 9:20 p.m.

Guztiz ados, Ander! 40 euroko Season Pass-a eskuragarri egongo zela adierazteko euren foroetan ireki zuten harian, jende askok eskerrak eman ditu jokoa osatuko duen edukia egiten jarraituko dutelako behin joko nagusia kaleratu eta gero. Oraindik ez dakigu zer nolako edukia den hau, baina askotan gertatzen den bezala txikikeriak badira prezio oso puztuan, argi dute nirekin. Guztira 100 euroko prezioa izango du lehen egunetik! Non geratu ote dira lehen hain onak ziren espantsioak...

Suharri April 29, 2015, 9:41 p.m.

Ni lehen egunean pentsatua nuen jokua erostea baina hori ikusita GOTY bertsioa atera arte itxoingo dut.

Sugegorri May 4, 2015, 7:21 p.m.

Lotsagarria da, jokoen barnean ere klase sozial ezberdinak bereizten hasi direla uste dut...

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

178
Kide

1
Jolasten

30
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…