“Mario Party” jokoarekin egondako arazo batzuk zirela eta, ba al zenekien Nintendok 80.075.000 dolar ordaindu behar izan zituela isunetan, hainbat medioren arabera? (BBC barne).
Iturginaren mahai-joko saga hau Nintendo 64 kontsolan jaio zen, 1998. urtean. Lehenengo atala nahiko arrakastatsua izan zen, kritikak positiboak izan ziren eta 2,7 milioi kartutxo saldu ziren mundu osoan. Halere, benetako uzta positibo izatetik nahiko urrun zegoen N handiarentzat, diseinu akats galant baten erruz.
Izan ere, mini-joko batzuek palanka analogikoa ahalik eta azkarren jiratzea eskatzen zuten (kanaberen pita jasotzeko, esaterako). Laster ohartu ziren jokalariak ekintza hau askoz azkarrago egiten zela esku-ahurrarekin, hatz lodiarekin baino. Zorigaitzekoak beraiek: 64 bit-eko makinaren joystick-aren baseak urradurak uzten zituen erliebea zeukan. Emaitza? Milioika zauri jokalarien esku-barrenetan, eta beste honenbeste guraso haserre eta salaketak jartzeko prest.
Garesti ordaindu zuen txantxa Nintendok. New Yorkeko fiskaltzak 75.000 dolarreko isuna ezarri zion, baina hori hasiera besterik ez zen. Okerrena jokoa erosi zutenen artean eskuak babesteko eskularruak oparitu behar izatea zen; eta lan honek guztira 80 milioi dolarreko kostua izan zuen.
Eskularruak, behintzat, Mariok daramatzanen erreplikak ziren; nahiko sinpatikoak, gainera. Haatik, Kiotokoek egun ez dute joko madarikatu honetaz ezer jakin nahi; eta horregatik saga osoa berriro saldu nahi digutenean (Kontsola Birtualean, adibidez) lehenengo atalez paso egiten dute.
1990eko hamarkadaren amaieran diseinu arduradunen batek burua galdu zuen Nintendoren bulegoetan, ziur.
Iruzkinak (1)
Xabier Calvo April 20, 2016, 11:42 p.m.
Ez nekien honi buruz! Ze kuriosoa. Hala ere, estatu batuetako salaketa sistemak harritzen nau... Agintea behar ez bezala erabili eta zauriak dituzunean salaketa ipini, ta gainera irabazi... Erretzaileekin gertatzen dena, erre (txarra dela jakinda), gaixotasuna harrapatzean, salatu eta dirutzarrak atera...
Gaur egun baina Kontsola birtualean jarriko balute, Wii-ko agintearekin errazagoa lirateke Mario Party-ko proba horiek, zauririk izan gabe (aginte hori bateragarria egin beharko lukete).