Datorren uztailaren 23tik 26ra Euskal encounter ekitaldi handian izango gara. Aurtengo 23. edizio honetan, gure komunitatea oraindik ezezaguna duten bideojokalariei aurkezteko parada bikaina izango dugu eta aukera hau benetan probesteko asmoz izango gara.

Zer egingo dugun bertan? Beno, dena ezin dizuegu kontatu, oraindik ere kontu batzuk lotzen eta prestatzen gabiltzalako baina hitzaldi bat, gure taldearen informazioa banatzeko ekintzak eta jokoren baten partida antolatuak ere izango dira seguruena. Gure presentzia bertan nabaritzea nahi dugu argi eta garbi.


Eta helburu hori betetzeko asmoz, Game Erauntsiaren spot bat jarriko dugu bertako pantaila erraldoian bueltaka. Badakigu baita, gune honetan parte hartzen duzuen asko artista hutsak zaretela ikus-entzunezkoen garapenean, eta horri zukua atera nahiean gabiltza. Spot lehiaketa bat jarriko dugu martxan eta irabazlearena Euskal Encounterreko pantaila erraldoian jarriko dugu!

Spotaren gutxieneko baldintzak:

  • Game Erauntsiaren logoa agertuko da
  • Gure komunitatea zer den era labur batean erakutsiko du
  • Ezingo du ez iraingarria, ez sexista, ez arrazista izan (esan beharrik ez dago...)
  • Eslogan eta gainerakoak euskaraz izan beharko dute
  • Gehienez 30 segundukoa beharko du
  • Alaia eta erakargarria izan dadila! ;)

Nola hartu parte lehiaketan?

  1. Muntatu gehienez 30 segundukoa izango den spot bat
  2. Igo zure youtube kanalera
  3. Utzi bideoaren lotura artikulu honen iruzkinetan
  4. Uztailaren 10 izango da azken eguna
  5. Gure logotipoa eta letratipoak behar badituzue eskatu

Uztailaren 10etik aurrera, talde motorreko kideon artean artikulu honetan utzitako spotik gustokoena aukeratuko dugu eta irabazlea beste artikulu baten bidez jakinaraziko dugu hurrengo ostiralean (Uztailak 17an).

ZORTE ON DENOI!!!