Bideo-jokoei eta eduki sortzailei buruz hitz egiten egon zen Game Erauntsia Leizaola Fundazioak antolatutako topaketan.

Aurreko ostegunean Game Erauntsia Elkartea Euskal Influencer-ak izurrite garaian topaketan egon zen gonbidatu bezala. Mahai ingurua Leizaola Fundazioak antolatu zuen Bilboko Euskararen etxean.

Bertan askotariko jatorrietako euskal eragileak bertaratu ginen,  Andrea Prosper 'Marrakatue' marrazkilaria, Eduardo Gaviña (Yogurinha Borova), Gabi de la Maza youtuberra, Patxi Gaztelumendi kazetaria, Beñat Erezuma 'Euskal Satorra', Tibalt Alberdi 'Pubguitar' streamerra eta noski, Game Erauntsia Elkarteko ordezkariak, Garikoitz Larrañaga eta Maitane Junguitu. Hauek moderatzen Labayru Fundazioko Igone Etxebarria izan zen.

Bi ordu inguruko iraupena izan zuen topaketak eta gai anitz landu ziren euskara, Internet, influencerrak eta eduki sortzaileen inguruan. Bide horretatik, bertaratutakoen lanak euskararen aniztasuna eremu digitalean bermatuta dagoela argi uzten du: bideo-jokoak, musika eta karaokeak, transformismoa, marrazkiak, euskara ikastea...

Parte-hartzaileek beraien proiektuak aurkeztu zituzten, guztiak desberdinak, baina aurrera egin ahala puntu komunak agertu ziren. Bertan bildutakoak influencerrak ote ginen zalantzak izan genituen, baina dudarik gabe guztiok eremu digitaleko eduki sortzaileak ginen. Azken finean, influencer lana etekin ekonomikoei eta bisitaldi eta interakzio zenbaki altuei lotuta dago, eta euskaldun hizlarien kopuruak muga bat suposatzen du.

Horri lotuta, euskaraz eginez eduki sortzaile profesional bezala bizitzeko zailtasuna aipatu zen. Hau da, gaur egun zaila da Interneten edukiak sortuz dirua irabaztea, jarduera hauek euskararen aldeko militantziari lotuta dauden bitartean. 

Argi geratu zen euskara ondoko hizkuntzen eraginagatik desabantailan dagoela, bai Interneten eta bai gure egunerokotasunean orohar. Baina euskararen egoeraren inguruko gogoeta positiboak ere egin ziren.

Besteak beste aurreko hamarkadetan euskararen normalizazioaren alde egin diren aurrerapauso guztien garrantzia azpimarratu zen. Esaterako, euskarazko Wikipedia proiektua aipatu zen, sarrera kopuru handia duena beste hizkuntzekin alderatuz. Sortzaile bezala, bai zale edo profesional bezala baliabideak ditugula argi geratu zen eta sortzen eta ekoizten jarraitu behar dugula.

Gogoeta guztiak ikusi eta entzun nahi badituzu, hemen duzu topaketa osoaren bideoa: