Bat egin euskal bideo-jokalarien komunitatearekin eta goza ezazu zure zaletasunik gogokoenaz giro euskaldunean!

Game Erauntsia Euskal Bideo-jokozaleen Elkarteak egunero haziz jarraitzen du. Gero eta gehiago gara gurean bideo-jokoen munduko azken berriei buruz hitz egin, gure lanik gustukoenen inguruan solastu, #3000Twitz kanpainarekin euskal streamerrak indartu eta ezagutzera eman edota orokorrean, bideo-jokoekin gozatzeko.

Horretarako era guztietako webgune eta zerbitzuak erabiltzen saiatzen gara: gure webgunea da elkargune nagusia, baina TwitterInstagramFacebook eta Mastodon bezalako sare sozialetatik albisteak zein elkartearen inguruko berritasunak zabaltzen ditugu. Dena dela, badakigu jendearentzako errazagoa eta erosoagoa dela dagoeneko hedatutako plataformak aprobetxatuta komunitatera hurreratzea. Horretarako sortu genuen Game Erauntsiaren Discord zerbitzaria.

Bideo-jokalarien artean gero eta zabalkunde handiagoa izaten ari den zerbitzua da Discord. Hitz egin eta txateatzeko gunea da nagusiki baina ahots kanalak ere hartzen ditu, bideodeiak eta guzti. Gure kasuan bideo-jokoen inguruan solasean aritzeko idatzizko zein ahozko kanalak edukitzeaz gain, modan dauden online bideo-jokoei zuzendutako txokoak ere ditugu.

Izan ere, Fortnite, Counter-Strike, Fall Guys, Among Us eta gehiagotara jokatzen duten jokalari euskaldunak biltzeko gunea eratu nahi izan dugu. Bertatik partidak antolatu eta modu erraz batean elkarrekin aritu daiteke; Discordek jokatzen gabiltzan jokoen informazioa eskaintzen du denbora errealean, eta elkarren partidetara sartzeko aukera eskaintzen du gainera.

Hori horrela, uneko partidatxoak bota edota txapelketak eratzeko aplikazio aproposa da Discord. Laguntza teknikoa ere eskaini ohi dugu bertan; edozein arazo baduzu, edo bideo-jokoen inguruan gomendio bat jaso edo laguntza eskatu nahi baldin baduzu hau da zure lekua.

Gure helburu nagusia jokalari euskaldunen arteko harremanak indartu eta elkarrekin jokatzeko komunitatea eratzea izanik, tresna honetaz baliatu nahi dugu gure egitekoa sustatzen laguntzeko.

Erabiltzailea sortu gabe hainbat komunitate eta zerbitzaritan sartzeko aukera dago; erabiltzailea sortuta, baina, hainbat abantaila eta ezaugarri aurreratu erabili daitezke.

Discordek Windows, Linux eta Mac sistema eragileentzako bereziki sortutako programak eskaintzeaz gain, nabigatzaile bidez erabiltzeko aukera ematen du. Nola ez, gailu mugikorretan ere sartu daiteke bere zerbitzarietara Android eta iOS sistemetarako aplikazioekin. Orain aste batzuk PlayStation Discorden akzio-gutxiengodunean bihurtu zen, eta 2022an plataforma beraien kontsoletan integratzeko asmoa agertu dute.

Hilero 140 milioi erabiltzaile inguru aritzen dira Discordeko ezaugarriak erabiltzen; une honetan 130 bat kidek osatzen dugu Game Erauntsiaren Discord zerbitzaria. Komunitate dinamiko eta irekia izanik, edozein proposamenetara zabalik gaudela jakin ezazu. Goian aipatutakoak baino askoz gehiago egiteko prest gaude, baina horretarako komunitatearen laguntza ezinbestekoa dela uste dugu. Game Erauntsia guztiok osatzen dugu, beraz animatu eta parte hartu euskal bideo-jokalarientzako txoko hau indartzen laguntzeko.

Discord zerbitzarian sartzeko esteka hau jarraitu baino ez duzu egin behar. Animatzen bazara, ongi etorri gurera!

 

Discord baino askoz gehiago

Game Erauntsiaren Discord zerbitzaria eta sare sozialak aipatu ditugu, baina gure komunitatea hori baino askoz gehiagoz osatuta dago. Bideo-jokoei buruz euskaraz aritzeko beste gune aproposa da Telegrameko taldea; bertan azken albisteak komentatu ohi ditugu; lagun artean guztiok batzen gaituen zaletasun honen inguruan mintzatzeko gunea da nagusiki.

Gure Twitch kanalean Game Erauntsiako kideek egindako zuzenekoak eta bestelakoak aurkituko dituzu. Noizean behin bideo-jokoetara taldean ibiltzeaz gain, Naiz Irratiarentzako egiten dugun Game Erauntsia Irratsaioa bertatik zuzenean jarraitu ahalko duzu; bi astean behin grabatzen ditugu saioak ostegunetan, 18:30ean hasita.

Twitch aipatuta, gure elkarteak sortu eta sustatutako #3000Twitz kanpaina gogora ekartzea ezinbestekoa da. Amazonen plataforman euskarak bere txokoa izateko asmoarekin eratutako ekimen honek gero eta indar gehiago dauka; sinadurak biltzeko kanpaina izateaz gain streamer euskaldunak biltzeko gunea da. Twitzlaria izateko gogoak badituzu komunitate jatorra aurkituko duzu hemen, beti laguntzeko prest.