Izenburuak dioen moduan, hori da helburua, Game Erauntsian behintzat argi daukagu. Komunitate bat azken finean hori delako, elkarlana. Egia da hasiera batean eta webgunea eta proiektua finkatu eta zimendu sendoak jarri bitartean hainbat gauza nahiko itxiak izan direla. Hala nola, gameplay edota artikuluak talde motorreko partaideek bakarrik argitaratu zitzaketen (egia esan talde motorrean sartzeko eragozpen handirik ere ez diogu jarri hala nahi zuenari...), baina hori pixkanaka aldatzera goaz.
Webgunea etengabeko berrikuntzan sartuta daukagu, eta gure denbora librean eskeintzen diogun dedikazioari esker gero eta tresna gehiago ditugu bideojokoen munduan gure lagun talde euskalduna osatzeko. Azken aldaketen artean aurkitzen dira administrazio gunearen berdiseinu bat, Minecraft zerbitzarian izena emateko gunea eta komunitateko edozein kidek artikuluak idazteko aukera. Lehenengo aldaketa erabiltzaile arruntek ez dute nabarmenduko... funtsean webgune honen tripetan aldaketa txiki bat besterik ez dugu egin. Minecraft atalari buruz berriz zer esan, erabateko arrakasta izan du eta erabiltzaile berri pila bat inguratu dira zerbitzarian jolastu asmoz (100 erabiltzaileko muga pasa dugu!! Mila esker!). Hala ere, zerbitzarirako erregistro prozesua erraztu asmoz, oraindik ere hobekuntza batzuk sartzen ari gara eta izen ematea erabat automatikoa jarri arte lanean jarraituko dugu. Eta azken garapenarekin eta gure komunitateko kide bazara, sartu atal horretara eta modu oso errazean gehitu ahal izango duzu artikulu bat. Ondoren, noski, gure editoreek gainbegiratuko dute eta artikulua txukuna bada arazorik gabe argitaratuko dugu. Gainera, argitaratzen zaizun guztia zure profilean ikusi ahal izango duzu eta hori gutxi balitz, sare sozialetan naiz buletinean automatikoki zabalduko dira. Ez daukazu aitzakiarik, animatu artikuluak idaztera!
Bestalde, proiektuan erabat murgilduta gauden talde motorreko kideok ere aurrera begirako erabaki garrantzitsu batzuk hartzekotan gaude: Game Erauntsiaren erakundetzea (irabazi asmorik gabekoa noski!), bideojoko garatzaile eta hauek sustatzen dituzten elkarteekin elkarlana, finantziazio bide berriak... Beraz, uste dut laister izango duzuela beste berrikuntzaren baten berri ere!!
Adi egon eta animatu komunitatean dauden aukera ezberdinetan parte hartzera!
Iruzkinak