Joan den urtean Fallout 4, The Witcher 3 eta Life is Strange bezalako jokoei eman zenizkieten zuen urteko joko preziatuenen sariak. Beste behin, heldu da abendua eta hortaz, azken 12 hilabetetako joko onenak hautatzeko garaia! 2016 urte ikaragarria izan da bideojokoen munduan, baina onenetan onenak zeintzuk izan diren erabakitzea zuen esku egongo da.

Eta parte hartzaile guztien artean hiru joko zozketatuko ditugu! Gods Will Be Watching puzzle narratiboetan oinarritutako estrategia joko zail bezain bikaina, Insurgency talde lanean aritzeko shooter saritua eta The Beginner's Guide, 2015eko hautagai izan zen meta-jokoa izango dira eskuragarri oraingoan. Hiru primerako indie jolas, guztiz doan Steam plataforman jasoko dituzuenak. Parte hartzeko, eman zure iritzia Game Erauntsia Sarietan!

SAKATU HEMEN ZURE BOZKA EMATEKO!

Beti bezala, hainbat kategoria ezberdin daude, bakoitzetik irabazle bakarra aterako delarik. Jolas guzti horiei buruz jardungo ez badugu ere, ikus ditzagun behintzat aurtengo joko onenari saria jasotzeko nominatuak izan direnak.

  • Uncharted 4 - A Thief's End: Nathan Drake-ren abenturetan azkena, ikuskizun bisual bikaina izan da. Sagako aurreko jokoak bezain dibertigarria, narratiba sakonago batekin eta une ikusgarri gehiagorekin. Nola ez zen zerrenda honetan sartuko? (Narratiba onena ere irabaz lezake)
  • Overwatch: zalantzarik gabe, azken urteotan ikusi dugun multijokalari berri eta interesgarrienetako bat. Prezioa dela eta eztabaida nahikoa izan dugun arren, jokoaren kalitatea ukaezina da! (Multijokalari onena ere irabaz lezake)
  • The Last Guardian: 10 urte bere zain, eta nolabait, Team ICOk berriro bete-betean asmatu du istorio hunkigarri bat sortzean. Haur bat eta zakur lumadun erraldoi baten arteko erlazioa bideojokoen munduan inoiz ikusi dugun harreman ederrenetako bat izan da. (Narratiba onena ere irabaz lezake)
  • Inside: urte bikaina izan da indie jokoentzat, baina beharbada arrakastatsuena Inside izan da, istorio oso interesgarri bat plataforma eta puzzleekin era ezin hobean nahastu baitituzte LIMBOren sortzaileek. (Indie onena eta narratiba onena ere irabaz litzake)
  • Doom: akzioaren maitale orok izan du gogoko frankizia mitikoaren joko berria. Lehen pertsonan jolasten den shooter frenetikoa da Doom, diseinu ikaragarri batekin lortzen duelarik beste edozeinengandik haratago egotea. (Multijokalari onena ere irabaz lezake)

Beti bezala, kategoria bakoitzeko bost hautagaien ondoren zuriune bat utzi dugu, kanpo geratu den edozein joko bozkatzeko aukera izan dezazuen. Zorte on guztioi eta onenek irabaz ditzatela sariak!

SAKATU HEMEN ZURE BOZKA EMATEKO!