Bideo-jokozaleen komunitate euskaldunaren hautua ezagutu nahi dugu. Abenduaren 27ra arte botoa eman dezakezu, eta parte hartzaileen artean opari bat zozkatuko da.

2020ko azken txanpan sartu gara. Urte zaila izan da askorentzat, baina elkarte honetako kideak batzen gaituen zaletasuna une gogorrei aurre egiteko laguntza aproposa izan da. Bideo-jokoentzako urte gogorra izan da baita; asko izan dira aurten berandututako edo kaleratu gabe geratutako lanak.

SARTU HEMEN ZURE BOZKA EMATEKO!

Halere, aurten askotariko obra bikainetaz gozatzeko aukera eduki dugu bideo-jokoen zaleok: The Last of Us Part II, Doom Eternal, Hades, Half-Life: Alyx, Ori and the Will of the Wisps, Microsoft Flight Simulator eta beste hainbat argitaratu dira 2020an, eta ziur gaude hauetako asko etorkizunean aparteko lan bezala gogoratuko direla jokoen jarraitzaileen artean.

Lan bikain hauek gogora ekarri eta bide batez komunitatearen artean gabonetako zozketa bat egitea erabaki dugu Game Erauntsia elkartetik.

GESariak zozketa

Aurten argitaratutako bideojokoen artean zure gustukoenak nabarmentzeko unea iritsi da. #GESariak berpiztu eta kategoria desberdinetan banatutako jokorik onenak saritzea erabaki dugu! Aurten zazpi sari desberdin sortu ditugu: horien baitan bost joko zerrendatu ditugu, baina zure hautagaia zerrendatik kanpo egonez gero hori bozkatzeko aukera ere izango duzu.

Eman botoa eta irabazi opari bat

Urteko jokorik onena, indie onena, akzio eta abenturazko jokorik onena, rol joko onena, multijokalari onena, gailu mugikorretarako jokorik onena eta etorkizunera begira gehien espero duzun jokoa dira sortu ditugun kategoriak. Zuen esku dago irabazleak aukeratzea! Badakigu zaila izango dela, aurten obra benetan bikainak ikusi baititugu.

Botoa emateaz gain jokorik onena aukeratzerakoan hori arrazoitzea eskatzen dizuegu. Azaldu labur zure urteko jokorik onenak zergatik merezi duen gailurrean egotea.

SARTU HEMEN ZURE BOZKA EMATEKO!

Esan bezala, parte hartzen duzuenon artean zozketa txiki bat egingo dugu: irabazleak nahi duen plataforman erabiltzeko 30 euroko opari txartela jasoko du. Eman botoa eta ez ahaztu zure helbidea zehazten. Eta noski, zorte on!