Hidden Folks 2017ko otsailaren 15ean kaleratutako bideojokoa da. Adriaan de Jongh garatzaileak hartu zituen programatzaile, ekoizle eta diseinatzaile rolak, Sylvain Tegroeg marrazkilaria irudiez arduratu zen bitartean (lan taldean beste pertsona batzuk bazeuden ere, protagonismoa bi hauek hartu izan dute, proiektuan pisu nabarmenena izan zutelako beharbada). iOS-en eta Android-en erabili ahal izateaz gain, ordenagailuko GNU/Linux MacOS eta Windows sistema eragileetan aplika daiteke. Horrez gain, Nintendo Switch-ean ere eskuragarri dago. Zuri-beltzez aurkezten zaigun objektu ezkutuko bideojokoa da, beraz eskatzen zaizkigun irudiak kontestu handiago batean bilatzea eskatuko du ia kasu guztietan.

 

Ezkutuan dagoen hori bilatzeko abentura

Jokoak Non Dago Wally bezalako liburuak gogoraraziko dizkio zenbaiti. Bere atal bakoitzean paisaia bat ikusi ahal izango dugu, zuri-beltzean irudi sinplez hornitua. Eskainiko zaizkigun kokalekuen aniztasun maila handia da: oihanak, hondartzak, basamortuak, lantegiak eta hiriak bezalako testuinguruetan ekingo diogu pertsonaia desberdinak bilatzeari.

Nahiko ondo neurtua dagoen premisa aurkezten digu, atal bakoitzean gutxienez bilatu beharreko pertsonaia zein objektu kopurua agertuko zaigu. Hauek aurkitutakoan hurrengo atalera pasa ahal izango dugu, guztiak topatu ez arren. Gainera, irudi handiz eta objektuz leporaino betetako pantailak errazagoak edo txikiagoak diren beste batzuekin tartekatuz joango dira, lehenek arreta askoz zorrotzagoa eskatzen baitute.

Horrez gain, sinpleagoak direnak bi modu ezberdinetan errazten dute jokalariaren lana: batzuk zuzenean txikiagoak dira eta objektu gutxiago bilatzea eskatzen dute, beste batzuetan, objektuak bilatu ordez, pertsonaia jakin bati bere bidea egiten lagundu beharko zaio, horretarako bere aurrean aurkitzen joango den oztopoei erantzuna ematea izango da jokalariaren lana.

Bilatu beharrekoak pantailaren behealdean agertuko dira, bertan, horietako bakoitzak mezu labur bat izango du bere aurkikuntza errazteko. Batzuetan informazioak jarraibide nahiko argiak eskainiko ditu, eta beste batzuetan ez hainbeste. Hauetako batzuk aurkitzea benetako erronka bilakatu daiteke, baina, orokorrean, toki batean zenbat eta denbora gehiago eman, errazagoa bilakatuko da bertako helburu guztiak aurkitzea.

Honi gehitu behar zaio, batzuetan ez dela nahikoa helburutzat ezarritako zera aurkitzea, batzuetan beste objektu batzuekin egin behar da interakzioa, pertsonaia edo objektuak bilatutako posizioa edo itxura har dezan. Beraz, hauetako batzuk ez dira hasieratik espero bezala agertzen, batzuetan zerbaiten atzean ezkutatuta daude eta beste batzuetan atalen bat falta zaie.

Soinuari dagokionez nahiko xelebrea da, paisaietako ia objektu guztiek moduren bateko soinuren bat egiten dutelako. Orokorrean onomatopeiak izaten dira eta hauetako batzuek irribarreren bat lortu dezakete jokalariaren aurpegian. Soinuaren aldea erosteko aukera ere badago.

 

Kontrola eta zailtasuna neurtzeko aldaerak

Kontrolari dagokionez aukera zabala eskaintzen du: agintea, sagua zein ukimena erabil dezakegu eskura daukagun gailuaren arabera. Guztiek ematen dute esperientzia onargarria, baina beharbada aginteak aukera geldoena eskaintzen du, kurtsorea pantaila erdian kokatzen delako eta mugimendua beste aldaeretan baino astiroago egiten delako. Saguak aukera nahiko erosoa eskaintzen du, hala ere, ukimenezko bideak eskaintzen du beharbada esperientzia natural eta lirainena.

Aurretiaz esan bezala, atal bakoitzean gutxieneko objektuak bilatzea nahikoa da hurrengo atalera pasa ahal izateko. Hau neurri ulergarria da zenbait helburu nahiko zailagoak suertatu ahal zaizkio jokalariari. Gainera, garatzaileek egina ez bada ere, uneren batean trabatuta bukatuz gero, laguntza bilatzeko modu interesgarri bat dago sarean.

Zuzenean erantzun zuzena zein den bilatu beharrean, jokoaren erabiltzaile batek “Hidden Folks: only HINTS no solutions!” haria idatzi zuen Steameko komunitateko atal batean. Hemen jokalariak falta zaizkion helburuak bilatzeko laguntza bila dezake, erantzuna berehala jaso beharrean, bilatzen ari den hori zein esparrutan jakinaraziko zaio. Horrela, pasaia osoaren atal handi bat alde batera utzi eta gune txikiago batean bilatu ahal izango du helburua, denbora eta esfortzua aurreztuz.

Oro har interesgarria den bideojokoa dugu, eginbehar sinplea aurkezten du, eta edozein unetan utz daiteke beste noizbait jarraitzeko. Horrek jokatzeko erabiliko den denbora zeharo malgutzen du eta denborapasa txiki eta eramangarria bilaka dezake. Gainera, bere aurkezpen zein soinuek tonu barregarria darabilte, edozein adinetako norbaitekin jolasteko artelanean bihurtuz. Kritika onak jaso izan ditu eta plataforma desberdinetan ondo saltzea lortu izan du honen ondorioz