Atzo izan zela ematen du Gari_infernu, Joxhell eta ni 2014ko uda hasieran gameplayak plazaratzeko webgune sinple bat egin behar genuela hitz egin genuen arratsalde hark. Ez genuen berehalakoan irudikatuko gaur esku artean dugun komunitatea osatzea! Baina gauzak zer diren... pixkanaka bada ere gure proiektua, eta berriro diot webgune honetan parte hartzen dugun guztion proiektua, hazten ari da.

Ibilbide hasiera honen balantzea egiteko asmoz eta urteko gastuez eta gorabeherez hitz egiteko asmoz gelditu ginen aurreko hilaren 27an, larunbata, Zarauzko Harkaitz mendi elkartean. Gustora egon ginen lagun artean 7 kide, talde motorreko Gala, Haritz, Gari, Patxi, Iker, Aitor eta ni. Ondo jan eta edan ondoren, jokoei buruzko hitz-aspertu luzea eta urte amaierako kontuak garbitzeko unea izan zen.

Urteko gastu finkoak bi dira: puntueus domeinua eta web zerbitzariaren mantenua. Biak ere borobilduz 60€ dira bakoitza. Guztira beraz 120€ko gastu finkoa suposatzen du komunitate hau martxan edukitzeak. Gero, aparte, Minecraft zerbitzaria dago. Hau hilero ordaintzen dugu eta 7,28€ dira. Urtean beraz, 87,36€ dira Minecraft zerbitzaria. Baina, kontuan eduki behar dugu, Karenan egin genuen diru bilketa ere eta bankuak eta Karenak berak kendutako komisioen ostean 152,5€ gelditu zitzaizkigun. Honek, zerbitzaria ia 2 urtez martxan edukitzeko koltxoia uzten digu. Mila esker bertan parte hartu zenuten guztioi!!


Eta gastuei dagokienez horixe da dena... finantziazio modu berriak nondik ireki, komunitatearen erakundetzeaz (irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortzeaz), jende berria nola erakarri, txapelketa berriak egiteaz... hitz egin genuen gehienbat. Nahiz eta talde motorrean ez egon eta ideiaren bat baldin baduzu, gure foroan idaztera animatzen zaitut! Horretarako daukagu "proiektuaren oinarriak" atala.

Webgunearen datu gehiago

Bestalde, nahiz eta datuak egun horretan eskura ez izan eta bazkarian bertan ez komentatu, urteko balantzearen datu gehiago bildu ditut eta ondoren jarri nahi izan ditut.

Guztira 61 erabiltzaile daude erregistratuta, 89 artikulu idatzi, foroan 387 mezu utzi, 166 gameplay grabatu eta 2 txapelketa antolatu dira. Statcounter-en arabera, urte amaieran 6,190 bisita jaso ditugu eta 32,472 orrialde ikusi dira. Proiektua hasi zenetik (irailaren hasieratik) hona, hilabetez hilabete ikusten badugu, datuen hazkundea ere nabaria da.


Nabigatzailearen hizkuntzari dagokionez berriz ezin esan datua horren onak direnik :(. Erabiltzaileen gehiengoak oraindik ere gaztelaniaz dauka konfiguraturik eta kuota osoaren %49,79 osatzen du. Euskaraz berriz, %26,8k dauka. Eta zuk nola daukazu? Oso erraza da hau aldatzea eta interneten zure arrastoa euskaraz utz dezazun oso garrantzitsua da! Animatu bada! Hemen konfigurazioa egiteko azalpen batzuk: http://nabigatueuskaraz.com




Ia mundu osotik iritsi zaizkigu bisitak, baina nola ez, Euskal Herrian izan dugu fokoa argi eta garbi. Herrika desglose bat eginez gero, Bilbo hiria izan da bisitari gehienarekin eta atzetik Donostia, Eibar, Zarautz eta Iruñea.



Nabigatzaileei dagokienez berriz, Chrome da nagusi eta pastela Firefoxekin partekatzen du. Eta sistema eragileei dagokienez, Windows da oraindik ere errege Android eta Linuxen oinarritutako beste batzuek ere puska esanguratsua lortzen dutelarik.






Beno bada, hau izan da urteak eman duena! Espero dezagun datu hauek hazten joatea! Mila mila esker proiektu honetan parte hartzen ari zareten guztioi berriz ere eta izan dezagula 2015 oparo bat!