Bideojokozaleak hilabete honetan estreinatzen diren bost titulu aurkeztu ditu Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan.

Hilabete berrian sartu gara, eta horrek Il4rgiren txokoaren txanda heldu dela esan nahi du. Azaroa estreinaldi handien hilabetea izaten da, eta aurten ere bideojokozaleok atsedenik hartu ezinik ibiliko gara.

Nola ez, Call of Duty berriaren argitalpena ikusiko dugu datozen egunotan. Hala ere, beste titulu handiekin batera estreinatuko da: joan den hilabetean Nintendo-ren iturgina Super Mario Bros. Wonder-ekin ikusi genuen, baina oraingoan Super Mario RPG klasikoaren remake-arekin etorriko da. Bestalde, Kiryu Kazuma yakuza mitikoak abentura berriari ekingo digo, besteak beste.

The Talos Principle 2 estreinatu da jada, PS5, Xbox Series eta PC plataformetan. Buruari emateko abentura, puzzle jokoa baita. Lehenengo pertsonan mekanika eta ideia desberdinak uztartzen dituzten puzzleak dira protagonista. Gizadia desagertu ondoren robotak bizi dira Lurrean: istorio sakona eta misteriotsua proposatzen digu bideojokoak, hizketaldiekin eta esplorazioarekin.

Tintin kazetariarekin jarraitzen dugu bideojokoekin. Tintin Reporter – Cigars of the Pharaoh istorioa moldatzen duen abentura prestatu du Pendulo Studios espainiarrak. Galdeketak egingo ditugu, aztarnak bilatu, eta abenturak bizi, noski: hirugarren pertsonan jazoko dira, gainera. Atal estetiko ederrarekin, komikietan zein Peter Jackson zuzendariaren filmean ikusi genituenak batzen ditu Penduloren lanak. Bihar estreinatuko da plataforma nagusi guztietan.

Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name. Hau da, Yakuza frankizia ezagunaren itzulera, Kiryu Kazuma antzinako protagonistarekin. Beat ‘em up erako borrokak ikusiko ditugu berriro, JRPGen txandakako dueluak hurrengo baterako utziz. Yakuza 6 eta Yakuza 7 (Like a Dragon) artean gertatutakoak azalduko ditu RGG Studio-ren abentura berriak: ohiko jokoak baino motzagoa izango da, askok eskertuko duten aldaketa. Ostegunean kaleratuko dute PlayStation zein Xbox kontsoletan eta ordenagailuetan.

Azaroa Call of Duty-ren hilabetea izan ohi da, eta horrela izaten jarraituko du aurten. CoD: Modern Warfare III ostiralean dator bere tiroketekin. Lehen analisiek kanpaina gogor kritikatu duten arren, multijokalaria izango da jokoaren izarretako bat: zonbiekin, mapa txikiekin zein erraldoiekin milaka jokalari harrapatzea lortuko du Activision-en —gogoratu, orain Microsoft-en enpresa— saga ezaguneko atal berriak.

Super Mario RPG maitatuarekin bukatuko dugu azaroa. SNES kontsolan Square-k argitaratutako abentura osorik berregin dute Nintendo-koek: atal estetikoa mantentzen dituzten grafiko zaharberrituak, minijokoak, mekanika berriak nahiz soinu banda bermasterizatua ikusiko ditugu. Izenak dioen bezala, rol jokoa izango da; zehazki, JRPG erakoa. Hori horrela, txandakako borrokak izango dira nagusi Mario, Peach, Bowser, Geno eta gainerako pertsonaiekin.