Ekaineko estreinaldiak eraman ditu Il4rgi adituak Oiartzun Irratiko Arguyu saiora.

Hilabete berria, Il4rgiren txoko berria. Bideojokozalea, beti bezala, Oiartzun Irratiko Arguyu saiora hurreratu da hileko bideojokoei buruz hitz egitera.

Ekainean pisu astun ugari datozenez, gozatzeko aukera eduki du bideojokozaleak: Diablo, Street Fighter edo Final Fantasy frankizietako atalak dira, besteak beste, ekainean kaleratuko direnak.

 

Aipatutako lehena, hain zuzen ere, Capcom-en borroka sagako seigarren atal nagusia da: Street Fighter 6. Ryu, Chun-Li, Zangief, Cammy eta bestelakoen itzulera eman da jadanik, eta sekulako hasiera bizi izan duela azpimarratu beharra dago; izan ere, lehen hiru egunetan milioi bat jokalari batu diru. Sekulako marka halako tituluarentzat. Hori esanda, hatzetako mina eragiten duten dueluen artean World Tour kanpaina nabarmentzekoa da: gure pertsonaia sortuta mundu irekia esploratzeko aukera eskainiko digu. SF6 PC, PS5, PS4 eta Xbox Series plataformetan argitaratu da.

Il4rgik aipatutako bigarren jokoa ere gure artean da jada. Activision Blizzard estudioaren Diablo saga itzuli da, eta oraingoz irakur daitekeenez, aparteko obrarekin berpiztu dute: Diablo IV-ren ARPG abenturek milaka jokalari harrapatzea lortu dute momentuz. Blizzardekoek sortutako abilezia zuhaitz sakona ikustekoa da: gure jokatzeko era nahi bezala kudeatzeko tresna aproposa, dozenaka aukera proposatzen baititu. PCan eta PS5, PS4, Xbox Series zein Xbox One kontsoletan kaleratu da Diablo IV

Kirolentzako lekua ere badago ekainean: zehazki, motor kirolena. Lehenik eta behin, motorrak ditugu: Moto GP 23 ekainaren 8an estreinatuko da plataforma nagusi guztietan. Bigarrenik, 1 formularen 2023ko edizioa daukagu: PCan eta PlayStation nahiz Xbox kontsoletan ikusiko dugu ekainaren 16an.

Hilabetearekin bukatzeko urteko estreinaldietako bat jasoko dugu. Final Fantasyren hamaseigarren atalean lan egiten dabiltza Square-Enix taldekoeak, eta azkenik jokatzeko aukera izango dugu. Mundu berria, ARPG eta hack and slash mekanikak, munstro erraldoiak eta gehiago eskainiko ditu, atal grafiko bikainarekin batera. Ekainaren 30ean iritsiko da Final Fantasy XVI saltokietara; kasu honetan, PlayStation 5eko esklusiboaren aurrean gaude.