Urteko estreinaldirik handienetakoak jasoko ditugu datozen egunotan, eta horiek errepasatu ditu Il4rgi zaleak Oiartzun Irratian.

Beroak jarraitzen du gure etxeotan sartuta, baina jokalariek ez dute ordenagailuak edo kontsolak piztuta eta martxa betean edukitzeko beldurrik. Nola izango dute ba, datozen egunotan estreinatuko diren jokotzarrekin?

Horiei buruz mintzatu da, ohi bezala, Il4rgi bideojokozalea Oiartzun Irratiko Arguyu saioan. Iraileko estreinaldirik handienak bildu eta euren sekretuak argitara atera ditu.

Urteko bideojokorik handienetakoa estreinatu da jadanik. Bethesda Games Studios-en Starfield ikaragarria aipatuz hasi du bere txokoa Il4rgik: ez da gutxiagorako, dagoeneko sei milioi jokalarien langa gainditu baitu estatubatuarrek orain arte egindako bideojokorik handienak. Espazioko girotzea duen rol jokoa dugu: zientzia fikzioa da nagusi. Era batera edo bestera, etorkizuneko Fallout edo TES dela esan dezakegu; halere, aldaketa esanguratsuak ikusiko ditugu Starfielden. Handiena? Esploratzeko ehundaka planeta edukiko ditugula. Xbox Series kontsoletan zein PCan eskura dezakegu.

Dagoeneko jokatu ditzakegun bideojokoekin jarraituz, Lies of P berezia ere saltokietan aurki dezakegu. From Software-koen Bloodborne ezagunean oinarritutako akzio abentura da, baina berezitasun handiarekin: Pinotxo —bai, Pinotxo hori— izango da protagonista. Bere inspirazio iturriak ezagututa, argi dago titulu zaila dugula: pazientziarekin hartzekoa da, hanka sartu eta hainbat etsairen aurka hasiz gero heriotza ziurra baita. PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz ordenagailuetan argitaratu da.

Borroka joko maitatuenetakoaren itzulera ikusiko dugu irailaren 19an. Mortal Kombat-en hamabigarren atala dator; izena, halere, MK 1 da. Nola hori? MK 11-ren istorioa ezagutzen baduzu, unibertso berrian barneratuko garela jakingo duzu. Bertan betiko pertsonaiak eta borrokalariak ezagutuko ditugu, baina istorio eta erronka berriekin. Online modalitate sakona edukiko du NetherRealm-en jokoak, bai, baina jokalari bakarrarentzako istorio aparta ere biziko dugu. Kameo ezaugarria nabarmentzekoa da: laguntzak jasoko ditugu borroketan. Egungo kontsola guztietan eta ordenagailuetan biziko ditugu borroka odoltsuak.

Lagunekin jokatzeko titulu aproposa helduko da irailaren 20an: Payday 3. Tiro joko frankiziaren hirugarren atala egungo kontsolen belaunaldirako, eta, noski, PCrako prestatuko dute. Lapurretak izango dira nagusi berriz: bankuak lapurtuko ditugu lagunekin. Plan guztia pentsatu, estrategia landu, eta huts egiteak badaude, tiroka hasi: hori da Paydayk proposatuko diguna.

Bukatzeko, irailaren 29an urteko kirol joko nagusia argitaratuko da: EA Sports FC 24. FIFAren oinordekoa dugu; izan ere, joko beraren aurrean gaude, baina izen desberdinarekin. Zergatik? FIFA erakundeak lizentzien prezioa areagotzea erabaki zuen, eta Electronic Arts-ek uko egin zion akordioari. Halere, ohiko atal grafikoa, mekanikak eta modalitateak ikusiko ditugu futbol bideojokoan. Izenak salmenta zifrak mantentzea lortuko ote duen ikustea geratzen zaigu!