Beldurrezko jokoak, abentura handiak zein indie jokoak bildu ditu Il4rgik Oiartzun Irratiko Arguyu irratsaioan.
Martxoa bideojokoz gainezka heldu da. Egia esan, estreinaldien jarraipena egitea ez da lan erraza; eskerrak horretarako Il4rgi daukagula. Beste behin hurreratu da Oiartzun Irratiko Arguyu saiora hileko argitalpen handiak aditzera ematera.
Bideojokalariak lehenik eta behin aipatutako lana dagoeneko kaleratu dena da: Wo Long: Fallen Dynasty itxurosoa. Txinan girotutako jokoaren demoak sentipen politak eragin zizkion Il4rgiri; horrela, jokatzen jarraitzeko gogotsu agertu da. Nioh eta Ninja Gaiden maitatuen sortzaileen eskutik datorren titulua da Wo Long: Team Ninja entzutetsuari buruz gabiltza. Balorazio onak jasota PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan nahiz ordenagailuetan goza dezakegu —azken honetan errendimendu arazo larriak ditu, adi beraz—.
Estreinaldiekin jarraituz, Fatal Frame beldurrezko frankizia mitikoaren bermasterizazioa ezagutzera ematera eman dute irratsaioan. Project Zero: Mask of the Lunar Eclipse sagako laugarren atala da. Laugarrena, baina mendebaldera lehen aldiz iritsiko da, berez Asian geratu baitzen. Ohi bezala, girotze japoniarra duen hirugarren pertsonako jokoaren aurrean gaude; hala ere, eraso egiterakoan lehen pertsonara igaroko gara gure kamerarekin. Bihar bertan estreinatuko da plataforma guztietan.
Hirugarrenik, Bayonetta sorginaren itzulerari buruz aritu da Il4rgi. Bayonetta Origins: Cereza and the Lost Demon martxoaren 17an kaleratuko du PlatinumGames-ek Nintendo Switchean. Hack and slash mekanikak alboratu, eta abentura nahiz puzzleak batzen dituen twin stick erako lana prestatu dute oraingoan. Bertan, protagonista ezagunaren hastapenak ezagutuko ditugu.
Indie abentura interesgarrientzako lekua ere izan da Arguyun. Have a Nice Death roguelike berezia dugu; izan ere, Heriotza da Magic Design Studios taldearen abenturako protagonista: berarekin batera Death Incorporated enpresako arazoak konpondu beharko ditugu. Nola ez, genero honetan ohikoa den modura Heriotzak bizia galtzerakoan —tira, ulertzen duzue— hasieratik ekin beharko dio berriz ibilbideari; hala ere, bidean hobekuntzak, abileziak eta armak desblokeatuko ditu. Martxoaren 22an iritsiko da PCra eta Switchera; aurretik, baina, sarbide goiztiarrean joka daiteke ordenagailuetan.
Martxoa beldurrezko jokoentzako dela dirudi: Project Zeroren ostean Resident Evil sagako lanik maitatuenetakoaren berregitea ikusiko dugu: Resident Evil 4 Remake hemen da ia-ia. Bigarren eta hirugarren atalaren remake ikusgarrien ostean Leon S. Kennedy agentea Espainiako barnealdera itzuliko da Ganados hilgarriei aurre egiteko. Martxoaren 24an kaleratuko du Capcom-ek PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.
Martxoko argitalpenekin bukatzeko denon ahotan dagoen frankizia nabarmendu du Il4rgik. HBO ekoiztetxearen The Last of Us bikainak sekulako arrakasta lortu du, eta lehen aldiz PCko jokalariek Naughty Dog-en bideojokoan aritzek aukera edukiko dute. 2013ko PS3ko bideojokoaren berregitea, The Last of Us Part I, martxoaren 28an iritsiko da ordenagailuetara.
Iruzkinak