Kingdom Come: Deliverance 2, Civilization VII edo Monster Hunter Wilds jasoko ditugu egunotan, besteak beste.

Otsaila zoragarria izaten da bideojokozaleentzat. Urteko estreinaldirik handienetakoak batzen diren hilabetea izan ohi da: finantza txostenak potolotzeko balio du bilera ekonomikoetarako, baina baita jokatzeko grina pizteko ere.

Hori horrela, Il4rgi jokalaria Oiartzun Irratiko estudiotik igaro da, hilero lez, estreinaldi interesgarrienei buruz hitz egiteko Arguyuan saioan. Adi, guztiontzako tituluak datoz-eta.

Kingdom Come: Deliverance 2 ikaragarriarekin hasi gara: otsailaren 4an PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan kaleratu zen Warhorse Games taldearen mundu irekiko abentura. Arrakasta hutsa izaten ari da Henry zaldunaren bidaia: salmenta zein balorazio bikainak jasotzen dabil. XV. mendeko Bohemiara bidaiatu nahi baduzu, ez galdu aukera.

Estrategia saga nagusietako baten itzulera ikusiko dugu, gainera, bihar bertan: Civilization VIIk txanda bat gehiago jokatzera eramango gaitu munduaz jabetzen saiatzen garen bitartean. Gure zibilizazioa eraiki beharko dugu horretarako; zoritxarrez, kaleratze aurreko balorazioak ez dira onenak. Kontsola nagusi guztietan zein ordenagailuetan ikusiko dugunez, ez dago aitzakiarik.

Obsidian estudio ezagunaren ARPG berria dator. Avowed otsailaren 18an ikusiko dugu PC eta Xbox Series gailuetan: Pillars of Eternity sarituen Eora munduan girotuko den akzio abentura izango da. Istorio sakona, pertsonaia mordoa eta esploratu beharreko gune interesgarriak ezagutuko ditugu, baina borrokak izango dira nagusi: armategi zabalarekin duelu zirraragarriak proposatuko dizkigu jokoak lehenengo zein hirugarren pertsonan.

Life is Strange sagaren arduradunen eskutik jasoko dugu Lost Records: Bloom & Rage. Don’t Nod taldeak bi ataletan banatutako istorioa eratu du oraingoan: lehena azaroaren 18an iritsiko zaigu PCra zein PS5 eta Xbox Series kontsoletara. 1995. urteko udara eramango gaitu lau lagunez osatutako taldea ezagutzeko: orainaldian, baina, hitz egiteari utzi diote, eta atzean dagoen sekretua arakatu beharko dugu erabakiz betetako abentura narratiboan.

Ryu Ga Gotoku Studio-ko mafiosoekin jarraituko dugu otsailaren 21ean, aurten ere obra berriarekin baitatoz. Like a Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii-n Goro Majiman bilakatuko gara aspaldiko partez: oroimena galdu du, baina, eta berarekin Hawaiiko itsasoak menperatzera joko dugu… pirata ontzia kontrolatuz. Borrokak, egoera zoroak eta askoz gehiago agintzen ditu PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.

Hilabetearekin bukatzeko, urteko estreinaldi handienetakoa argitaratuko da. Monster Hunter Wilds prest dauka Capcom-ek: munstroen ehiza beste maila batera eramango dute orain arteko titulurik handienarekin. Kokaleku zein munstro berriak eta hauek akabatzeko armak nahiz armadurak prestatu dituzte. Aldez aurretik probatu nahi baduzue, beta probaldi desberdinak antolatu dituzte otsailean, baina behin betiko bertsioa otsailaren 28an kaleratuko da PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.