Oiartzun Irratian apirileko estreinaldi handiak nabarmendu ditu bideojokozaleak, ohiko galderak proposatzearekin batera.
Oiartzun Irratiak, hilabetero lez, Eider Zabalegi bideojokozalearen ahotsa zabaldu du uhinetatik zein saretik. Arguyuan saioko Il4rgiren txokoan Pokémon Champions, Tomodachi Life, Pragmata edo Saros bezalako bideojokoak aitatu dira oraingoan.
Ohi bezala, hileko estreinaldi handiak zerrendatu ditu Il4rgik, tituluoi buruzko datu esanguratsuak eta informazio orokorra eskainita, argitalpen interesgarriak baitira egunotakoak.
The Pokémon Works taldeak apirilaren 7an estreinatu zuen doako Pokémon Champions Switch kontsoletan. Ahaztu esplorazioa eta abenturak: sakelako munstroen azken jokoa borroketan ardazten da. Stadium klasikoen antzeran, txandakako dueluak izango dira nagusi; hori bai, bideojokoa alor kasualagora zein lehikoarrera bideratuta dagoenez, jokalari mota guztiei zuzendu dute. Urtea bukatu aurretik gailu mugikorretan ere ikusiko dugu.
Argazkilaritzari lotutako abentura narratiboa da apirileko bigarrena. OPUS: Prism Peak bihar, apirilaren 16an, argitaratuko da Switch gailuetan zein PCan: nekatutako argazkilaria eta oroitzapenak galdutako neska gaztea ditu protagonista. Etxerako bidea bilatu nahian, izaki magikoak harrapatuko ditugu gure argazki kamerarekin, bidean abentura ederra bizita.
Nintendo-rekin eta Switch kontsolekin jarraitzen du Il4rgik, bihar bertan Tomodachi Life: Living the Dream ekarriko baitigute. Simulazioa, elkarbizitza eta egoera xarmagarri bezain eroak proposatzen ditu Sims jokoen estiloa jarraitzen duen abenturak. Mii pertsonaiak sortuta, irla koloretsuak kokatuko ditugu elkar ezagutzeko, harremanak estutzeko, eta denetariko jazoerak bizitzeko.
Pragmata apirilaren 17an, ostiralean, estreinatuko da, baina Capcom-en IP berriak sekulako iritziak jaso ditu dagoeneko. Hugh astronautak eta Diana robotak osatutako bikotea tiroka eta hackeatzen ariko da ilargiko base berezian. Akzioa, puzzleak eta gidoi interesgarria biltzea lortu omen dute japoniarrek, 2026ko altxorretako bat prestatuta. PC, PS5, Switch 2 zein Xbox Series plataformetan argitaratuko da.
PlayStation handiaren Saros-ek hartuko du hilabetearekin bukatzeko lana. Housemarque estudioaren obra berriak aurreko Returnal zoragarriaren oinarriak bereganatzen ditu abentura ezaguna, baina, aldi berean, zeharo berria aurkezteko. Tiroketa frenetikoak, roguelike elementuak, saiheste mordoa eta heriotzak biziko ditu Arjun Devraj protagonistak Carcosa deitutako planeta ezezagunean. Apirilaren 30ean iritsiko da PS5era.
Lander Unzueta
Iruzkinak