Oiartzun Irratiak Eider ‘Il4rgi’ Zabalegirentzako tartea eskaini digu berriz, bideojokorik interesgarrienen argitalpenak zerrendatuz.
Ekaineko estreinaldiak ezagutzera emateko gunea da Il4rgiren txokoa. Eider Zabalegi Oiartzun Irratitik igaro da, hilabetero lez, oraingoan ekaineko bideojokoak errepasatzeko.
Lehenik, "ez-E3 ekimena" ekarri du saiora; hau da, E3 azoka ezaguna ordezkatzera iritsi diren zuzeneko emanaldien eta aurkezpenen sorta. State of Play aurkezpena ikusi ahal izan dugu, adibidez, God of War Laufey, Marvel’s Wolverine eta bestelakoekin. Oraindik, ordea, askoz gehiago daukagu ikusteke eta ezagutzeke.
Argitalpenetara itzulita, ekainean lau bideojoko nabarmendu dizkigu Il4rgik. The 7th Guest Remake tituluarekin ekin dio hilabeteari: aspaldiko puzzle abenturaren berregiteari, alegia. Ekainaren 4an kaleratu zuen Vertigo Games taldeak, bideo bolumetrikoen teknologia erabilita misterioz betetako etxebizitza eratzeko. Henry Stauf jostailugilearen erronkei aurre egitea izango da helburua.
Square Enix enpresa japoniarraren The Adventures of Elliot: Millenium Tales interesgarria da hurrengo estreinaldia: ekainaren 18an estreinatuko da PC, PS5, Switch 2 zein Xbox Series plataformetan. HD-2D estetika berriz hartuta itzuliko dira Claytechworks estudiokoak, oraingoan, bideojoko guztiz berriarekin. Denbora errealeko ARPG borrokak, denboran bidaiak eta gune ederrak bilduko ditu.
Hell Let Loose: Vietnam egun berean estreinatuko da: PC, PS5, Xbox Series gailuetan jokatu ahalko dugu Expression Games-en bideojokoan. 50 soldaduz osatutako bi talde borrokatuko dira sare bidezko gudu masiboetan; izenak adierazten duen bezalaxe, Vietnamgo gerran girotuko da oraingoan.
Ekainarekin bukatzeko, ekainaren 23an Wanderstop jasoko dugu; iaz PS5, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatu zen indie obra interesgarria. Alta izango gara: te dendaren jabea den gerlaria. Saltokia kudeatu ahala pertsonaia mordoa ezagutuko ditugu, narratiba sakona osatuz; izan ere, guduak atzera utzi ondoren, gerratik aldenduko da protagonista, kudeaketa lanak burutuz eta iraganari buruz hausnartuz.
Lander Unzueta
Iruzkinak