Hilabete berriarekin batera itzuli da, betiko lez, Eider Zabalegi Oiartzun Irratiko estudiora, azken bideojokoak errepasatzeko asmoarekin.
Beste ikasturte bat hasita dator Il4rgiren txokoa. Iraileko bideojokoei begira jarri dira oraingoan Arguyuan irratsaioan, estreinaldien zerrenda ikusgarria baita: Orbitals, Onimusha: Way of the Sword, Marvel’s Wolverine, Another Eden Begins, Control Resonant eta Silent Hill: Townfall helduko zaizkie egunotan bideojokozaleei.

Agenda eskuan hartuta, aipatutako tituluek eskaintzeko daukatena eta estreinaldi egunak nahiz plataformak aztertu ditu Eider Zabalegik, ohi bezala.
Abentura kooperatibo itxurosoarekin ekingo diogu Il4rgiren txokoari. Orbitals estreinatu da jadanik: Switch 2an aurkituko dugu esklusiboki. Retro anime estetika xarmagarria, bi jokalarirentzako erronka ugari eta minijoko zein proba desberdinak dira nagusi Shapefarm taldearen jokoan; probatu dutenek itzela dela diote.
Onimusha: Way of the Sword ere gure artean da, kasu honetan, PC, PS5, Switch 2 eta Xbox Series bertsioekin. Miyamoto Musashi samurai ezagunaren rola jokatuko dugu, Erdi Aroko Kioto hirian barneratuta Genma munstroei aurre egiteko. Katana zein Oni arma jainkotiarrak hartuta ezpatakada, desbideratze, saiheste eta issen kontraeraso ikusgarri artean ariko gara.
Marvel’s Wolverine irailaren 15ean ikusiko dugu PlayStation 5ean. Spider-Man ederren arduradunen obra berriak protagonista aldaketa dakar, oraingoan Otsokume basatiarekin ibiliko baikara. X taldearen unibertsoko adiskideak zein arerioak, borroka odoltsuak eta akzio eszena harrigarriak bilduko ditu, kasu honetan, Insomniac Games estudioak.
Irailaren 16ean, berriz, Another Eden Begins JRPG abentura kaleratuko du Wright Flyer Studios taldeak PCan nahiz Switch 2 eta Switch kontsoletan. Chrono Trigger edo Xenogears bezalako klasikoetan lan egindako beteranoek osatutako estudioak txandakako borrokak eta atal estetiko koloretsua dakartza: probatu nahi dutenek demoan aritzeko aukera daukate.
Control Resonant dugu 2026ko azken hilabeteetako jokorik handienetakoa, zalantzarik gabe. Remedy Entertainment-en titulua PC, PS5, Xbox Series gailuetan argitaratuko da irailaren 24an, aldaketa handiak aginduta: protagonistaz nahiz generoz aldatuko dute bigarren Controlen. Dylan Faden hack and slash borroka artean gidatuko dugu Manhattan irla eraldatutik.
Egun berean, oraingo honetan PCan eta PlayStation 5ean, Silent Hill: Townfall plazaratuko du Konami-k, Screen Burn eta Annapurna Interactive indie taldeekin elkarlanean. SH f-n ikusi bezala, girotzez aldatuko gara: Eskoziako St. Amelia herrixkak ezkutatzen duena argitu beharko dugu lehen pertsonako ikuspegian. Simon Ordell protagonistak sakelako telebista erabiliko du behelainoari aurre egiteko.
Lander Unzueta
Iruzkinak