Rhythm Paradise Groove, Doom: The Dark Ages – Revelations, Assassin’s Creed: Black Flag Resynced, Heave Ho 2 eta Splatoon Raiders ezagutu ditugu Oiartzun Irratian.

Uztaila bideojokozaleentzako hilabete aproposa izaten denez, bideojokogile handiek kaleratzeak antolatzeko erabili ohi dute. Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi zaleak bere Arguyuan irratsaioko txokoan argi utzi digun bezalaxe, beroari aurre egiteko bideojoko zaparrada dator egunotan.

Oiartzun Irratian bideojokoen aurkezpena bizi izan dute, hilero lez, denetariko estreinaldiak aipatuta, bitxikeriak ekarrita, eta, giro ederrean, horrenbeste maite dugun munduari buruz hitz eginda.

Uztaileko lehen egunetan estreinatutako bideojokoak ekarri ditu, hasteko, Il4rgik. Rhythm Heaven Groove dibertigarria ikusi genuen hilabete hasieran Switch 2 zein Switch kontsoletan: musika, erritmoa, umorea eta erronka dibertigarri zein zailak biltzen dituen obra koloretsua prestatu du, beste behin, Nintendo-k. Jokalari bakarrarentzako zein multijokalarian gozatzeko proba mordoa ikusiko ditugu Rhythm Paradise maitatuaren oinordekoarekin.

Doom: The Dark Agesen espantsio handia, Revelations, iritsi zen, bestalde, uztailaren 7an. Doomslayer bortitzaren iraganarekin jarraitzen dugu, bere unibertsoko une esanguratsuak bizitzeko. Tiroketa frenetikoekin, gorputzez gorputzeko armen nagusitasuna areagotzen ikusiko dugu beste behin, Ripatorium 3.0 bertsioarekin batera. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan kaleratu da DLCa.

Ubisoft-en bideojokorik maitatuenetakoaren berregitean aritzeko aukera daukagu, baita, joan den astetik, PC, PS5 nahiz Xbox Series plataformetan: Assassin’s Creed Black Flag Resynced piratak eta asasinoak batzera itzuli da. Atal teknikoa zeharo eraberrituta, aldaketa handiak prestatu dituzte frantsesek, borrokak, parkourra zein itsasoko borrokak erabat berriztatuta.

Uztailaren 16an Heave Ho 2 dibertigarria kaleratuko du Le Cartel Studio garatzaileak: ordenagailuetan nahiz Switch 2 eta Switch kontroletan jokatu ahalko da eskalatze bideojoko kaotikoan. Lehen atalaren oinarriak mantenduta, erokeriak biderkatzea nahiz jokagarritasuna txukuntzea dute helburu. Elkarlana eta kaosa elkartuko dira multijokalarira bideratutako —kooperatibora zein lehiakorrera— abentura koloretsuan.

Azkenik, Splatoon Raiders plazaratuko du N handiak. Uztailaren 23an ikusiko dugu tiro jokoa, oraingoan, lehia multijokalarietatik aldenduta; horren ordez, ateratze tiro jokoa (extraction shooter) prestatu dute egileek. Spirhalite irletan altxor bila ariko gara, bakarka zein kooperatiboan, geroz eta erronka zailagoei aurre egin bitartean eta tiro artean erlikiak aurkitzeko eta gure ekipamendua hobetzeko.