“Inoiz ez naiz izan ni MMORPG jokoen zale” eta ezin dut esan zergatik. Egia esanda honako baieztapen hau egiten nuenean ez bainuen inolako erlazio berezirik eduki joko genero honekin. Nire lehen oroitzapena edo saiakera Minijuegos.com web orrialdeko MMORPG batean izan zen, naiz eta Sherwood izen bezala zeraman joko hura ezin zen benetan genero horren barruan guztiz sartu beste maila bateko jokoen izena zikindu gabe, WOW adibidez. Egia da, joko txarra zen eta benetan mundu honetako MMO guztiak epaitzea Sherwood estandar bezala jarrita ez da justua, baina tira 13 urte nituen eta gauzak ez nituen guztiz argi. Ondorioz, erabaki nuen egun horretatik aurrera MMORPG jokoak ez zirela niretzako, eta nahiago nuela alde batera uztea, edo behintzat beste saiakera bat ez egitea.
Hurrengo saiakera askoz serioagoa izan zen, eta denbora asko pasa zen, guztiz beharrezkoa nik uste joko genero honekin tregua bat sinatu eta berriro ere proposatzen zidaten mundu berri batean murgiltzeko. Hala ere, bigarren saiakera hura ere ez zen portu egokira iritsi. Guild Wars 2 izan zen momentu hartan nire laborategiko arratoitxoa. Lagun batek bere kontua utzi zidan, bertan ibiltzeko, bera jokoaz nekatua baizegoen jada. “Animo Patxi, hainbeste jendek genero hau gustuko badu zerbaitengatik izango da”. Jendeak gustuko izan zezakeen, nik ordea bigarren aldi horretan ere ez nuen gustuko izan.
Gauzak honela “Inoiz ez naiz izan ni MMORPG jokoen zale” baieztapena gero eta gehiago indartu zen.
ZER ALDATU ZEN ORDUAN?
Denboran salto txiki bat egin beharko dugu 2014ko udarara, non bat batean bazirudien mundua amaituko zela MMORPG berri eta doako batekin: ArcheAge. Joko horretan esperantza handiak nituen jarriak, ez bakarrik doakoa zelako edo grafikoki oso polita zelako (CryEngine motorea darabil eta oso ondo egia esanda), baita momentu horretan ordenagailua erosi berria nuelako, eta beraz gertu nengoen PC genero esklusibo ulertu den hau (esan ohi da MMORPG-en inguruan, kontsolan gutxi baidaude MMO direnak, hots, online.).ArcheAge-ren betarako sarrera lortu nuen txiripaz eta hau probatzeari ekin nion, eta lehen aldiz bazirudien jokoak genero horretako joko batek konbentzitu egin ninduela., bazirudien joko hori gustuko nuela eta gustuko edukiko nuela denbora luzez. Bazirudien. Irudipen hutsa izan zen, eta jokoa gustuko izan nuen arren, eta hasieran Boom bat izan zen arren, hasiera hutsa zen esan bezala. Joko honen burbuila lehertu zen, eta gaur egun nor gogoratzen da? Saiatu zen MMO-en barruan bere tokia hartzen, baina lan horretan huts egin zuen, eta gaur egun inork gutxi dauka gogoan.
Hilabete edo ArcheAge-n ibili ondoren, eta burbuila lehertu ondoren, jokoa beste asko bezala nire liburutegian alde batera geratu zen, eta momentu horretan jada dudarik gabe baieztatu nezakeen: “Inoiz ez naiz izan ni MMORPG jokoen zale”.
ETA ORDUAN ERREGEA IRITSI ZEN
Guzti honen ondoren, MMORPG-en Erregearen azken gehigarria iritsi zen World Of Warcraft: Warlords of Draenor. Eta honen irteerarekin, lagun koadrilaren erruz jokoa probatu behar izan nuen. Beno, beren erruz baino, beraiei esker. WOW ez da genero bereko beste joko bat, erreferentea baizik, erregea dela esan liteke.World of Warcraft MMORPG bezala bikaina da, ezingo nuke zehaztu zer duen: grafikoki ez da beste munduko ezer, genero bereko joko ezberdinek dituzten gauza arruntak ditu, ezer gutxi identifika dezakedalarik berezi edo guztiz identifikagarri bezala, sinbolo bezala. Hala ere jokoak eraman egin nau bere mundu zabaletik, misio eta ziegetatik, ia 100. mailarte.
Ez naiz sartuko baloratzera jokoa azken gehigarriarekin okertu den edo ez esatera, ez dut uste nahikoa gaitasuna dudanik horretarako. Jokoa hasieratik jarraitzen duten jokalariek defendatzen dute Warth of the Lich King gehigarria atera zenean jokoa bere bikaintasun muinera iritsi zela, eta hortik aurrera behera joan dela jokoa izorratuz, edota bere esentzia galduz. Ni ez nago hori baloratzeko posizioan, hilabete gutxi daramatzat Azeroth-eko munduan, 10 urte dituelarik mundu honek... Beraz, jokoak akaso okerrera egin du baina, hala ere etorri berri den jokalari baten ikuspuntu subjektibotik bikaina da.
Esan bezala World of Warcraft honek nire hasierako baieztapena aldatzera bultzatu nau, eta orain jada ezin dut esan MMORPG-ak ez direnik niretzat, ez behintzat egunero jokatzen dudan bitartean. Argia ikusi dut, eta dena WOW-ri esker. Eta ez bakarrik joko honetan jokatzen dudalako, baizik eta horrez gain jada aipaturiko Guild Wars 2 bezalako beste jokoetan ibiltzeko gogoa sortu didalako.
GUZTIOI DEIALDI BAT
MMORPG jokoak gustuko ez dituzuenoi, zera esaten dizuet: frogatu ezazue World of Warcraft jokoa. Esperientziak erakutsi dit beste guztiak gustuko izan ez ditudan tokian, bera izan dela garaile. Agian, zerbait guztiz subjektiboa izan da, eta nire bizitza baldintza ezberdinek egin dute joko hau gustuko izatea. Baina hala ere, mundu honetan sartzeko intentzioa duzuenoi, has zaitezte hasieratik gauzak txukun egiten, has zaitezte joko honekin.Badakit, nik ere hala egiten dudan heinean, hilabetero kuota bat ordaindu behar dela (13€ ingurukoa), baina dakigun bezala beti lor daiteke merkeago Key orrialdeetan, 22€ inguruan bi hilabeteren truk, eta 19€ren truke MediaMarkt-en (ez dakit zergatik den hain merke, baina horrelako gauzak ez dira galdetu behar).
Dena dela, badakit jende asko ez dagoela prest diru hori ordaintzeko hilero edo bi hilabetean behin. Kasu horretan, bideo hau ikusi beharko zenuke, gure kide JoxHell-ek duela pare bat egun igoa. Bertan Custom server batean nola sartu azaltzen du, guztiz doan, eta jokoaren “puristentzako” WOTLK gehigarrian blokeatua.
Ondorioz, gaurko egunez, nire esperientzia ezagututa eta JoxHell-ek aurkezten digun konponketa ezagututa, jada ez dago aitzakiarik. Azken gomendio bezala eta errepikakorra ez izateko intentzioarekin: PROBA EZAZUE JOKOA.
Iruzkinak (2)
Iker Ibarguren March 9, 2015, 3:19 p.m.
+1
Damian March 9, 2015, 4:34 p.m.
Ondo dago post-a. Nik Arche-age ez neban ezagutzen. Wow-a probautakua naiz baina denbora kontuagaitxik ez naiz ibiltzen (ofiziala hobeto dago baina ezin badozue ordaindu "Wow Aura" be oso dexentia da. WOTLK). Aeon online-k be itxura ona. Eta oiñ martxuan free to play egiten dan "The Elder Scrolls online"-k zer esanik ez!!
Denbora baldin badaukat noizbaitx ziurrenik azken hori probauko dot!